Atal honetan askotan adierazi bezala, erdarek eragina izaten dute euskaraz hartzen ditugun erabakien gainean, ideiak adierazi eta zehaztu nahi ditugunean. Eta horren adierazgarri argia da erlatiboa. Askotan pentsatu dugu (edo pentsarazi digute) zenbat eta esaldi luzeagoak idatzi, orduan eta hobeto ezagutzen eta maneiatzen dugula gure hizkuntza. Jakina da zeinen zaila den gaztelaniazko erlatibozko perpaus luzeak euskaraz ematea, eta tematuta ibili gara estilo berari jarraituta itzultzen. Sarri, gainera, pentsatu izan da hizkuntzaren zailtasun hori urritasuna dela. Ez da horrela. Hainbatetan esan dugu hizkuntza aberatsa dugula, eta euskarak baditu bide egokiak eta nahikoak edozein informazio taxuz emateko, hizkuntza makurtzen eta okertzen ibili gabe.
Ikus dezagun adibideen bidez zertaz ari naizen. Erdarak oso gustuko, berezko eta funtzionala du erlatiboa, hau da, esaldiak gehiegi korapilatu gabe harilkatzen dira mezua osatzen duten ekintzak eta sekuentziak. Honatx: La chica que vive en el caserío que tiene la puerta roja hecha de hierro. Gaztelaniaren egiturari itsu-itsuan jarraitzen badiogu, hau ateratzen da: Burdinaz egindako ate gorria duen baserrian bizi den neska.
Jakina da zeinen zaila den gaztelaniazko erlatibozko perpaus luzeak euskaraz emateak, eta tematuta ibili gara estilo berari jarraituta itzultzen. Sarri, gainera, pentsatu izan da hizkuntzaren zailtasun hori urritasuna dela. Ez da horrela.
Zer gertatzen da horrelakoetan? Bada, garrantzia duen elementua (neska) euskaraz oso atzean geratzen zaigula, gaztelaniaz ez bezala, eta euskal hiztunak zailtasunak izango dituela mezu osoa gordetzeko edo ulertzeko.
Hori horrela, euskarak berezko dituen beste bide ugariak bilatu behar ditugu, egon badaude eta. Hona hemen batzuk.
Esaldi soilak erabili, eta ez erlatibodunak, askotan korapilatu besterik ez dute-eta egiten, informazio berririk eman gabe. Eso es lo que preocupa a los jóvenes. Itzulpenik ohikoena hau izaten da: *Hori da gazteak kezkatzen dituena. Baina esaldi soila erabilita berdin-berdin eman dezakegu informazioa itzulinguruka ibili barik: Horrek kezkatzen ditu gazteak.
Beste aukera bat izenlagunak erabiltzea da, -EN eta -KO bereziki. Las entidades que integran la administración local... Itzulpenik ohikoena: *Toki-administrazioa osatzen duten erakundeak. Izenlaguna erabilita, aldiz, erraz asko ekidin daiteke alferrikako erlatiboa: Toki-administrazioko erakundeak...
Galderetan ere, aukeran, egokiagoa izaten da erlatiborik gabeko bidea, lehenago agertuko baita galderako gako-hitza: *Zein da Nerearen etxetik okindegira dagoen distantzia? Begira erlatiboa kenduta zelan aurreratzen dugun informazio garrantzitsua: Zein distantzia dago Nerearen etxetik okindegira?
Batzuetan, halaber, adjektiboa bera nahikoa izaten da, erlatiboa sartu beharrik gabe. Esaterako: *Badira gaitz batzuk kutsagarriak direnak. Esan bezala, nahikoa da adjektiboa bera: Gaitz batzuk kutsagarriak dira.
Ikusten denez, ia beti aurkitzen da moduren bat esaldia beste era batean antolatzeko: nahikoa da apur bat pentsatzea, aukera hobeak aurkitzeko. A! Ez kezkatu joskera aldatzen bada, gehien-gehienetan itzulitakoa bezain praktikoa izango baita.
Amaitzeko, adibide esanguratsu bat erakutsi nahi dizuet. Ipuin asko horrela egon ohi da itzulita: Érase una vez un hombre que vivía en lo alto de un monte en una casa hecha de piedra del monte Ereño donde los primitivos habitantes de Santimamiñe se divertían levantando piedras. Egituraz egitura itzuliko bagenu, emaitza hau lortuko genuke: *Bazen behin mendi baten gainean Santimamiñeko lehen biztanleek harria jasotzen jolasten ziren Ereño menditik ekarritako harriekin eginiko etxe batean bizi zen gizon bat. Zuzena bai, oso; baina nork jarraituko lioke ipuin horri? Ume askok alde egingo ligukete, seguru!
Beraz, ezin da ipuin hori euskaraz eman? Jakina! Baina betidanik euskaraz kontatu diren moduan: juntadura sarriago eta mendeko perpausak gutxiago erabilita. Hau da, euskararen izaera errespetatuta: Bazen behin gizon bat, mendian bizi zena, etxe txiki batean. Etxea harrizkoa zen, Ereñuko harriez egina. Bada, Ereñon bertan jolasten ziren harria jasotzen Santimamiñeko lehen biztanleak.
Horrela arrakasta handiagoa lortuko dugu, ez duzue uste?