Elkarrizketak

"Oso gutxi dakigu itsasoaz"

Unai Brea 2020ko ots. 7a, 07:30

Altzagako arrantza-lantegi batean jaio zen Ionan Marigomez 1961ean ("oso erandioztarra naiz"), eta 1992ra joan zen Plentziara bizitzen. Azken urte bietan, berriz, Gorlizen du etxea, lantokitik oso hurbil betiere. Biologoa lanbidez eta bokazioz, EHUren Plentziako Itsas Estazioko (PiE) zuzendaria da gaur egun, 2013an funtzionatzen hasi zenetik, eta esan liteke estazioa existitzearen arrazoi nagusietako bat beraren burugogorkeria dela. 

Galdera gordin bat eginez has gaitezen: pikutara doa itsasoa?

Pikutara doan? Tamalez oso baikorra naiz, beti alde positiboa ikusten dut eta irtenbideen bila nabil. Alde horretatik agian ez naiz oso koherentea, baina nire irudipena da itsasoa ez doala pikutara beste guztia baino azkarrago. Askotan galdetzen didate hemengo inguruko itsasoa nola dagoen, eta nire erantzuna da seguruenik pentsatzen duguna baino askoz hobeto dagoela, eta gustatuko litzaidakeena baino askoz okerrago. Kasurik txarrenean, itsasoa baino lehenago gu desagertuko gara.

Bai, itsasoak iraun egingo du, baina haren barruko bizitzak?

Baita ere. Zatirik ahulena gizakia da; kontrakoa pentsatzen badugu ere, natura zaindu nahi dugula diogunean, benetan gure biziraupena da babestu nahi duguna. Gu gabe beste gauza guztiek jarraituko lukete, beste modu batera.  

Lasaiago...

Ala ez, auskalo zer munstro etorriko den gero! Suntsipen orokor asko egon da historian, eta lehenengoetakoa, duela milaka milioi urte, oxigenoa agertzeagatik gertatu zen. Oxigenoa pozoia da, horregatik erabiltzen dugu ur oxigenatua zauriak sendatzeko, oxigenoak dena erretzen du, dena akabatzen du. Hasierako mundu horretan zeuden izaki bizidun gehienek ezin zuten oxigenoa hartu, baina Lurraren azalean zianobakterioak nagusi izan zirenean, euren metabolismoaren hondakina oxigenoa denez, planeta gas horrekin betetzen hasi zen, eta horrek bi ondorio izan zituen: bata, ozono-geruza indartu zela [hiru oxigeno-atomoz osatutako molekula da ozonoa], beraz izpi ultramore gutxiago heldu zen, mutazio gutxiago gertatu zen, eta aniztasuna murriztu zen; hau da, oxigenoak biodibertsitatearen «kontra» jo zuen. Beste alde batetik, izaki gehienak desagertu ziren, oxigenoaz baliatzeko gaitasuna zutenak izan ezik, alegia, gaur egungo aerobioak, gu geu. Beste guztia desagertu egin da, edo leku berezietan geratu da: ur termaletan, Yellowstoneko sulfurozko putzu horietan…

Kontuak kontu, agertoki honetan egokitu zaigun tarte laburrean itsas estazioak eta halakoak egiteari ekin diogu. Plentziako hau eta beste denak sortzeko arrazoia itsasoa pikutara joatea da?

Bitxia da, baina zergatia oporrak dira. Lehenengo itsas estazioak XIX. mendearen bukaeran sortu ziren; kontua hartu behar dugu, biologia XIX. mendearen hasieran garatu zela, ordura arte fisikaren zati bat zen, eta horrekin batera sortu zen naturalismoa. Unibertsitateetan esperimentuak ingurua zutenarekin egiten zituzten: igelak, txakurrak... Askotan ikerlariak leku beroetara joaten ziren oporrak hartzeko, edo liburuak idazteko. Eta oker ez banago, Europako lehenengo itsas estazioa Napolin (Italia) sortu zen; zientzialariak hara joaten ziren uda pasatzera, eta familia hondartzan zegoen bitartean lanean jarraitzeko sortu zuten estazio bat. Orduan, katuak, igelak eta halakoak aztertzetik, itsasoko animaliak aztertzera igaro ziren. Horrek mundu berria zabaldu zuen, eta mundu berri horretatik etorri dira aurkikuntza asko. 

"Gaur egungo mehatxu nagusietakoa itsas azpiko meatzeak dira; sekulako inpaktua duten jarduerak egiten ari dira"

Eta PiEren sorrera, zelakoa izan zen?

Estazio hau unibertsitate publikoaren behar batetik dator. EHUn hasieratik egin dira itsasoarekin lotutako ikerketak, ez kutsatuta zegoelako bakarrik, baita esploratzeko ere, baliabideak bilatzeko… Baina arazo bat genuen: unibertsitateak ez zuen honelako instalaziorik itsasotik gertu, eta behar du. Leioako campusean hainbat akuario egin ditugu, lehenengoa armairu handi bat zen. Eta oraindik daude akuarioak han. Baina ura garraiatu egin behar da eta esperimentuak animaliak mantentzeko baldin badira… Ura birzikla dezakezu, baina guk, adibidez, toxikologia-esperimentuak egiten ditugu, ura zikindu behar duzu, eta abar. Gero iragazi egin daiteke, baina ez du kalitaterik izango berriro erabiltzeko. Asko erabiltzen denez, horren menpe geunden. Oker ez banago, 25.000 litroko biltegia geneukan, eta kamioi bat etorri behar zen betetzera. Horrek mugatu egiten du esperimentuen iraupena, normalean egun gutxikoak egiten genituen. Zer tamainatako izakiekin lan egin dezakezun ere mugatzen du. Arazo horrekin hogei urte inguru egon ginen, itsasoaren ondoan leku baten bila. 

Eta zergatik hemen? Zerikusia du zu hemen bizitzeak?

Gure ikerketetan, urte askoan zehar, oso ondo ezagutu dugu kostaldea nola dagoen. Kutsadurari begira, leku hau nahiko garbia da. Eta gainera estrategikoki ondo kokatuta dago. Campusetik gertu, aireportutik ere bai, metroz Bilborekin lotuta. Eta eraikin hau zegoen: ia erabili gabe zegoen erietxe txiki bat. Baldintza guztiek bat egiten zuten, eta pozik gaude aukerarekin, ura benetan egoera onean dagoelako, instalazioak ondo funtzionatzen du, udan 300.000 litro ur mugitzen ditugu egunero, animalia handiak eduki ditzakegu.... Beste aukerarik ez zegoen, egia esateko: Urdaibai, kalitate aldetik, berdintsua izango zen, baina urrun dago. Eta han ez zegoen eraikin egoki bat «hain itsasoan» dagoena. Honek badu xarma. Eta horrez guztiaz gainera, bada, egia da, bai, ni hemen bizi nintzela…

A, ba erdi txantxetakoa izan da galdera.

Hara, ni paseoan ibiltzen nintzen hemendik egunero, eta honi begira-begira egoten nintzen… Inflexio-puntua 2000. urtea izan zen: AEBetan egon nintzen, urte sabatikoan, munduko zentro ozeanografikorik famatuenean, La Jollan, Kalifornian. Han nengoela bete ziren ehun urte ireki zutela. Oso bero etorri nintzen handik. Hau erdi utzita zegoen, adineko lau pertsona zeuden, Barrikatik oporrak pasatzera ekartzen zituztenak. Eta Plentziako alkatearengana jo nuen (ez nuen ezagutzen): "Aizu, tontakeria bat irudituko zaizu, baina zer irudituko litzaizuke hau izatea unibertsitateko ikerketa-zentro bat?". Eta hark: "Bai!". Sasoi hartan badiarako plana egiten zebiltzan, eta horren barruan eraikin hau botatzeko asmoa zegoen.

Baina estazioa funtzionatzen hasi baino dozena inguru urte lehenago jazo zen kontatzen zabiltzana. Iraun zizun, bai, beroaldiak.

Burugogorra naiz. Ordutik estazioa inauguratu bitartean gauza asko gertatu ziren, proiektua bertan behera geratu zen eta atzera berpiztu... EHUk hasieran ez zuen bultzatu nahi izan, gero bai; BBK-k kontrara, lehenengo bai eta gero ez. Horrela urte batzuk. Eta azkenik dirua lortu eta egokitzapena egiten hasi ginenean, hainbat arazo sortu ziren, batzuk eraikinaren kontserbazioarekin lotuta, beste batzuk itsasoko ura lortzearekin lotuta.   

Bertan dago eta...

Bai, baina guk hartu nahi genuen lekuko urak ez zuen balio. Izan ere, hondartzako harearen azpitik hartu nahi genuen, eta hara non akuifero erraldoia dagoen hor; ura geza da, edo ia geza. Bilatzen hasi ginen eta lagin bakoitza jaso eta aztertzeko ia hilabete ematen genuen, ur-bilatzaile bat eta guzti ibili zen hemen. Azkenean itsasadarrean aurkitu genuen lagin ona, eta gaur egun handik ateratzen dugu ura. Bi urte hartu zigun kontuak.  

Zer gaitz du gaur egun itsasoak?

Asko ditu, baina oinarrian dagoena da gizakiok gero eta gehiago garela, gero eta hobeto bizi garela, eta gero eta "garestiagoak" garela Lurrarentzat. Askotan esaten da "baina jaiotze-tasa txikitzen ari da!"; bai, baina luzeago bizi gara, beraz… Bestalde, garai batean munduan batzuk oso ondo bizi ginen eta beste batzuk ez hain ondo, baina pixkanaka, nahiz eta albisteetan kontrakoa eman askotan (eta hala da), gero eta jende gehiago bizi da hobeto. Eta baliabideak murritzak dira. Hori da arazo nagusietako bat, baliabideak ez baditugu behar bezala ustiatzen…

"Ilargiaz itsasoaz baino gehiago dakigula esatea ez da topikoa. Asko ikertzen da itsasoaz, baina behin eta berriro gauza berari buruz"

Arrantzaz ari zara, zehazki?

Ez bakarrik. Adibidez, gaur egungo mehatxu nagusietako bat itsas azpiko meatzeak dira. Lehorrekoak agortu dira eta... Sekulako inpaktua duten jarduerak ari dira egiten itsas azpian. Horrek beste galdera bat dakar: itsasoa zer da? Guretzat itsasoa beti izan da ikusten duguna, eta legalki 200 milia kostaldetik. Baina norena da 1.000 miliara dagoena? Hortxe daude baliabideak, eta horrek beste eztabaida batzuk sortzen ditu. Gatazka berriak egongo dira. Oro har, esango nuke itsasoaren gaitza baliabideak murriztea dela; ez baditugu behar bezala kudeatzen, arazo bat izango dugu. Asko ikasi behar dugu kudeaketaz, gauza asko botatzen dugu alferrik eta seguruenik etekin handiagoa atera beharko genieke horiei. Itsasoa txerri bat dela pentsatu beharko genuke, dena aprobetxatzen dela. Adibidez, kutsadurari dagokionez, esango nuke gure inguruan nahiko hobetu garela, horrek esan nahi du beste leku batzuetan okertu egin dela. Hemen botatzen ez dena beste leku batean botatzen da. Baina gauzak gero eta garbiago, txukunago egiten dira, kontrol handiagoa dago, eta kontzientzia handiagoa.

Mundu osoan?

Oro har baietz esango nuke. Noski, beste behar batzuk dituzunean, azken lehentasuna da hori. Gosea baduzu, gerra baduzu… gainerakoak hor konpon. Kontua da ez dakigula asko. Bat-batean plastikoak aurkitzen ditugu eta, hara, hau asmakizuna! Baina kontziente izan behar dugu egiten dugunak inpaktua duela, eta uste dut pixkanaka ikasten ari garela. Garaiz ote gabiltzan, hori da kontua. Bestalde, itsasoa oso handia da, ez gara jabetzen horretaz. Itsasoaz oso gutxi dakigu, oso portzentaje txikia ezagutzen dugu. Eta ezagutzen ez dugun horretan bi gauza ditugu: gure ongizaterako baliabideak, eta arriskuak. Esploratu egin behar da, jakiteko. Gehiago dakigu Ilargiaz eta Martez gure itsasoaz baino. 

Ez da topikoa?

Ez, inondik inora. Esaten da ikerketa asko egiten ari dela itsasoaz. Bai, baina behin eta berriro gauza berari buruz. Beste esparru guztiez ez dakigu ezer.

Muga fisikoek eragozten digutelako? Itsas azpia ez da eroso ibiltzeko moduko lekua.

Ez, ez da horregatik. Pentsatu azkeneko hamarkadan ari garela gehien ikasten itsaso sakonaz, interesa dagoelako. Eta interesa dago meatzeak daudelako, eta bioesplorazioaren aldetik ustiaketa industrialerako eta medikuntzarako organismo interesgarriak daudelako, genoma berezia dutenak. Interesa dugunean, esploratu egiten dugu. Zergatik ezagutzen dugu plataforma, kostaldea? Arrantzaleek bizi behar dutelako. Zergatik ezagutzen ditugu itsasadarrak? Hor bizi garelako. Baina ikusten ez duguna ez da existitzen. Eta itsasoan ikusten ez dugun asko dago, oso handia da. Lehorra Lurraren gainazalaren laurden bat inguru da, eta bizitza dago metro bateko sakoneraino; tira, mikrobioak metro batzuetara daude. Eta gorantz kilometro bat, besterik ez. Itsasoaren batez besteko sakonera lau kilometrokoa da, eta leku batzuetan hamarrekoa. Hori bai esparru zabala. 

Orain denok gaude klima-aldaketagatik kezkatuta, eta halako ingurumen-kontzientziatxo bat pizten ari da. Testuinguru horretan ezagun bihurtu den berba bat azidifikazioa da. Ozeanoak azidifikatzen dabiltza eta hori, nonbait, ez da ona.

Azidifikazioak badu oso ondorio zuzena: organismo asko kalkareoak dira, kaltziozko egitura dute, maskorretan eta beste atal batzuetan kaltzio-karbonato forman dagoena, eta itsasoaren pHa aldatzen bada kristalak beste era batera eratzen dira. Zer arazo dakar horrek? Muskuiluak eta arrainak gutxiago hazten direla, ahulagoak direla, hauskorragoak. Kaltzioa oso garrantzitsua da bizitzarako, gure zelulen komunikaziorako mekanismoaren oinarria da.

Animalien tamaina txikitzeak apur bat folkloriko eman dezake agian (ez da, baina eman dezake) baina badago efektu bat, hiperkapnia izena duena: pHa pixka bat jaisten bada ingurunean [hala gertatzen da azidifikatuz gero], arrainena, muskuiluena eta abarrena ere jaisten da, haiek ez baitira gai, gu garen bezala, barneko pHa erregulatzeko. Eta pHa jaisteak dakar euren metabolismo basala igotzea, hau da, mantenurako behar den metabolismo minimoa. Hori da hiperkapnia. Noski, berdin jaten baduzu eta mantenurako gehiago behar baduzu, gutxiago daukazu hazteko eta gutxiago ugaltzeko. Populazio guztien beherakada eta ahulezia dakar horrek. Izan ere, badago fenomeno global bat, ez dago guztiz frogatuta baina gero eta ebidentzia gehiago dago, organismo gehienak gero eta txikiagoak direla. Guk muskuiluetan, behatu dugu, ez dakigu oso lokala den, ezta azidifikazioarekin lotuta dagoen ala ez, baina egon daiteke.

"Ez dago guztiz frogatuta baina gero eta ebidentzia gehiago dago: itsasoko organismo gehienak gero eta txikiagoak dira"

Mundu osoan jazotzen da hori?

Guk Euskal Herriko datuak ditugu. Baltikoko eta Ipar Itsasoko aurretiazko datuetan ikusten da benetan progresio bat dagoela, muskuiluak gero eta txikiagoak direla. Eta Artikoko fokekin lan egiten duten lankide batzuekin gaiaz hizketan, esaten dute "guk ere ikusi dugu foken azala gero eta meheagoa dela". Aldizkari zientifikoetan hasi da agertzen, zaila da azidifikazioagatik den esatea, ez dago datu nahikoa horretarako. Ziur asko ez dago faktore bakarra. Tenperatura altuagoa ere badugu, eta horrek esan nahi du zure metabolismoa bizkortuta dagoela eta gehiago kontsumitzen duzula. Azidifikazioagatik metabolismo basala igota, gehiago gastatzen duzu. Gainera, bero handiagoa bai, baina gero eta hodei gehiago dugu, baina udak ez dira hain eguzkitsuak, are gutxiago hemen. Horrek esan nahi du beroa handitu bai, baina energian argia, gutxiago heltzen dela, beraz ekoizpena txikiagoa da, jateko gutxiago dago. Eta gainera, neguak ez dira hain hotzak, eta ondorioz urteko zikloak aldatu egiten dira. Bi ondorio ditu horrek: bata da ugalketa-zikloak aldatu egiten direla, gero eta animalia gehiago dago urte osoan emankor, eta gametoak askatzen dabiltza baina ingurunea harkorra ez denean. Alferreko gastua. Gauza bera patogenoekin: birusak, bakterioak, parasitoak. Neguan hotz egiten duenean horien populazioek behera egiten dute, baina negua hotza ez bada, ez; beraz, oso indartsu daude hurrengo infestazio-zikloan, eta animalien sistema immunitarioa ahuldu egiten da.

Albiste onak, bata bestearen ondotik...

[Irribarrez] Bai, baina hau dena nire baikortasunaren barruan esaten dut. 

Bide batez: zergatik azidifikatzen da itsasoa?

Atmosferan C02 gehiago dagoelako. Zati bat ozeanoan disolbatzen da zuzenean, eta azido karboniko bihurtzen da. 

Prestige petrolio-ontziaren istripuaren ondorioak ikertzen ibili zinen. Zein izan zen horren faktura? Amaitu dugu ordaintzen?

Faktura zein izan den ez dakit. Eta ez dakit ordaintzen amaitu dugun. Esango nuke inpaktu bat egon zela, gure datuen arabera gutxienez 3-5 urte bitartean luzatu zena. Hortik, aurrera ezin dugu jakin. Eta hainbat inpaktu segur aski ez dugu ikusi, ez genekielako gauzak nola zeuden lehenago. Esate baterako, ez dakit berreskuratuko ote zen, baina Galizian bazegoen zigalen arrantza-gunea, Prestigeren istriputik oso gertu. Hura gertatzean desagertu egin ziren. "Desagertu dira gure zigalak, hau da hondamendia!". Baina izatez, zer gertatu zen? Irlandako itsasora joan zirela asko. Garestia zen hartzea eta utzi egin zioten; jakina, aldaketa egon da, zigalak egon badaude baina jada ez daude galiziarren eskuetan. 

Holakorik hemen gertatu den ez dakigu. Gogoratzen naiz behin elkarrizketa egin zidatela AEBetako aldizkari zientifiko batean. Eta galdetu zidaten: "Zer? Efekturen bat izan da?". Eta esan nien: "Gauza batez seguru nago… Prestigeren ondoren daukaguna eta lehenago zegoena desberdina da. Kaltegarria den ala ez subjektiboa da. Baina desberdina da. Ezin duzu eduki bost urteko inpaktu bat ordainik gabe". Horrelakoak beti gertatzen dira, kontua da onargarriak diren ala ez, eta nola molda gaitezkeen, baina ezingo nuke baloratu eta ez daukat daturik esateko zenbat luzatu den.  

Uharte arruntak ez ezik, orain plastikozkoak ere baditugu ozeanoetan, eta erraldoiak.

Ni gaztea nintzenean lelo bat zegoen: Against pollution, dilution. Kutsaduraren kontra, diluzioa. Edozein isurketa bota itsasora eta diluitu, toxikologian badago esaldi bat: pozoia dosiaren araberakoa dela. Txikiago bihurtu dosia eta konponduta. Gero ikusi dugu ez dela hala, badaudela kutsatzaile iraunkorrak, metagarriak… Plastikoak asmatu zirenean pentsatu zen paper gutxiago egin eta Amazonia ez suntsitzeko irtenbidea izango zela. Hori gertatzen da beti: zerbait asmatu arazo bat konpondu dugulakoan, eta asmatutakoak zer beste arazo sortuko duen konturatu ez. 

Inork ez zuen pentsatu zer gertatuko zen plastikoekin, eta asko itsasora joango zirela, eta iraunkorrak direnez hor daudela urte askoan. Dena dela, plastikozko uharteak egotea da gutxien kezkatzen nauena. Ia-ia bisita turistikoak egin ditzakegu bertara, eta kontzientziaziorako erabili. 

Zer da kezkagarria, orduan?

Ikusten ez dena. Kanpainak egiten direnean hondartzetan plastikoak kentzeko, oso ondo iruditzen zait, kontzientziaziorako eta garbitasunerako, baina hori etxea garbitzea da. Benetako arazoa ez da ikusten: plastikoak itsasoan apurtuz doazela, ikusezin bihurtu arte, mikro-plastiko eta nano-plastiko bihurtzen dira eta… Gauza bat da plastiko bat foka baten edo izurde baten barruan topatzea, lazgarria, baina esan dezagun anekdotikoa dela, neurri batean. Dena hori balitz... Baina guk geuk ditugu mikro-plastikoak geure gorputzetan, janariarekin batera hartzen ditugu. Normalean inerteak dira, baina patogenoak garraiatzen dituzte eta funtzio biologikoak oztopa ditzakete. 

Adibidez, ibaietako arrain batekin egindako ikerketa batean, ez naiz gogoratzen zer espezie den, ikusi da tamainaz txikitu direla eta galdu egin dutela ugaltzeko gaitasuna, ondo elikatu gabe daudelako. Eta hala daude hestearen hormak mikro-plastikoz estalita dituztelako, eta ezin dituztelako elikagaiak behar bezala xurgatu. Ez ahaztu plastikoa ez dela poltsetakoa bakarrik, alkandora hau ere plastikozkoa da, telefono mugikor hori ere bai, eta abar. Plastikoak petrolioaren eratorriak dira. Noiz aldatuko da hau? Petrolioa amaitzen denean. Bost hamarkada inguru barru. 

Eraistetik salbatutako eraikina

Mende laurden baino gehiago daroa Ionan Marigomezek Itsas Estazioa dagoen lekutik oso hurbil bizitzen, eta aspaldi zuen eraikina begiz jota. Erietxe txikia zen Marigomezek ezagutu zuenean, BBK zen (eta da) haren ugazaba, eta eraistea zen haren patua, Gorlizko badiarako idatzita zeuden planen arabera. Besteak beste EHUgaz eta Plentziako Udalagaz egindako gestioei esker, planak aldarazi zituen gaur egun PiEko zuzendaria denak. Gaur egun, BBK-k Plentziako Udalari utzia dio eraikina, baldin eta EHUk erabiltzen badu. Hala ez balitz, BBKren altzora itzuliko litzateke antzinako erietxea.     

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun