Javier Olabarrietak dioenez, betidanik maite izan duen arloa da idazkuntza. Prentsan hainbat artikulu idatzi izan ditu, herri-egunkarietan batez ere; gainera, industriagaz erlazioa duten artikuluak ere jorratu ditu. Erretiroa hartu zuenetik, idazteari buru-belarri ekin zion. Betiko lagunek ordenagailu bat oparitu zioten eta burutik igarotzen zitzaizkion ideiak paperera eroatera gonbidatzen zuten behin eta berriro. Gaur egun, Olabarrietak bi zaletasun uztartzen ditu: idazteko pasioa eta Gure Esku Dago mugimenduan esku-hartzea.
Berriki, hamabi urte luzez ordenagailuan gordeta izan duen lana idaztera ausartu da: Los claroscuros de una vida. Unibertsitateko irakasle den lagun min batek liburua irakurri eta obra hori argitaratu behar zuela esan zion, eta halaxe egin zuen. Liburuak Felipe Ferrero Garzo Txarrua salamancar gazte ausart eta ipurterrearen nondik norakoak ditu hizpide. Umezurtz geratu ondoren, Salamancatik Euskal Herrira heldu da Felipe, Zeanurira hain zuzen ere. Han, artzain hasi eta Gorbeian murgilduko da; euskara ikasi eta euskal toponimiaren aldeko zaletasun ikaragarria bereganatuko du protagonistak. Era berean, urteak igaro ahala abertzaletasuna handituz joango zaio. 36ko Gerraren ondorengo urteetan bizi izandako hamaika abentura ere jasotzen dira bertan. Argitaratu berri duen lan hori bide baten hasiera baino ez dela ziur dago Olabarrieta, izan ere gehiago argitaratzeko asmoa duela aitortu digu.