Euskal Herria datu horietatik urrun dago oraindik, baina ia bikoiztu egin da egunetik egunera hazten den kutsatuen kopurua. Azken datuen arabera, 11 hildako eta 346 kutsatu daude. Administrazioek neurriak hartu eta lurralde osoko hezkuntza-zentro guztiak itxi dituzte bi astez gutxienez, hedapena gelditzekotan.
Italiak ere, koronabirusaren foku nagusia agertu eta bi egunera fokuko hezkuntza zentro guztiak itxi zituen. Ane Irazabalek hari honetan azaldu du hartutako neurri guztien segida. Ordurako jada iparraldeko hamar herri kutsatuenak isolamenduan zeuden, baina gainontzeko lurralde osoa mugimendu askatasuna zegoen. Ez hori soilik, “Milano non si ferma”, Milan ez da itxiko kanpaina sortu zuten, hirian bizi normala egitearen aldeko aldarria.
Gobernuak iparraldeko 15 eskualde isolatzea erabaki zuenean sortu zen arazoa; 12.000 pertsona inguruk debekua ezarri aurretik alde egin zuten. Hegoaldera joandako horiek birusa zabaltzeko aukerak zituzten, eta Italiako hegoaldeko osasun-sistema ez dago mehatxu horri aurre egiteko prest. Handik bost egunera herrialde osoko mugimendu askatasuna mugatu zuen gobernuak.
Kontrastea egiten dute hasierako fokuko hamar herrietan hartutako neurri zorrotzek herrialde osorako ezarritako malguekin. Eta emaitzak agerikoak dira; lehen hamar herri horietan ia jada ez dago kutsatu berririk. Berdina gertatu da Wuhanen (Txina), koronabirusaren sorlekuan. Hiri mamu bilakatu da hilabetez, baina isolamendu zorrotz horren ostean, jada ez dago ia kutsatu gehiagorik; 8 kasu baino ez dira agertu azken 24 orduetan, bezperakoen ia erdiak.
Euskal Herria garaiz dago
Oraindik garaiz dago Euskal Herria Italian gertatutakoa ez errepikatzeko. Herrialde horretako kasuak erakutsi du ez dela nahikoa debeku malguak jartzearekin. Momentuz hezkuntza zentroak itxi dituzte administrazioek, eta herritarrei arduratsuak izan eta etxetik beharrezkoa denean bakarrik irtetzeko eskatu badiete ere, ez dute mugimendu askatasuna mugatzeko neurririk hartu.
Ane Irazabalek bere harian igotako hari horrek erakusten duenez, Espainiako eta Frantziako Estatuek 9 eguneko epea dute egoerari buelta eman ahal izateko, eta kutsatu eta hildakoen kopurua esponentzialki haztea ekiditeko.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.