Koronabirusa Uribe Kostan

Auzokideen zaintza bermatzeko herritarren sareak osatzen hasi dira

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 14a, 13:28

Eroskin, besteak beste, aforoa limitatu dute gaur, zapatua.

Koronabirusaren krisiak eragindako larrialdi egoerak arazo handiak ekar ditzake gizartean. Hori dela eta, elkarren arteko zaintza eta babesa bermatu guran, hainbat herri-iniziatiba piztu dira Uribe Kostako hainbat udalerritan, hala nola Getxon eta Urdulizen. Zaintza-lanak bermatzeko herritarren arteko sare kolektiboak sortu gura dituzte, hala nola beharra dutenei eta zailtasunak dituztenei erosketak egiten laguntzeko. Izan ere, Osasun Sailak etxean gelditzeko gomendioa egin die herritar denei.

HIRUKAk jakinarazi duenez, beharra duten pertsonei laguntzeko sareak osatzen hasi dira Getxon eta Urdulizen. Lehenengoaren kasuan, herritarren arteko zaintza modu kolektiboan egiteko aldarria egin dute, "zaintza erdigunean jarri eta modu kolektiboan antolatzeko". Azaldu dutenez, asko dira ekarpenak egiteko moduak, hala nola pertsona nagusiei erosketak eta errekaduakaz laguntzea. Hori dela eta, zeregin horietan laguntzeko jendea batzen hasi dira. Horretarako, helbide elektroniko bat jarri dute martxan Algortan: algortarrokzaintzen@gmail.com. Horretara boluntarioaren izen-abizenak, telefono zenbakia eta bizilekuaren kalea adierazi behar da. "Jasotako mezuekin sarea antolatzeko hurrengo urratsen berri emango dugu datozen egunetan", adierazi dute. Itzubaltzeta/Romon, aldiz, telefono zenbaki bat jarri dute: 661 252 204.

Urdulizkoen kasuan, sare sozialetan antzeko mezu bat zabaldu dute udalerriko hainbat kirol taldek. Gainera, gainontzeko herrietan ere norbanakoak antzeko mezuak zabaltzen hasi dira inguruko lagunei eta auzokideei laguntzeko asmoz.

Algortako sarea osatu gura duten pertsonakaz berba egin ondoren, azaldu digute une honetan sare horretan parte hartzeko prest daudenen kontaktuak jasotzen ari direla, ondoren funtzionamendua zelakoa izango den eta zeintzuk segurtasun- eta prebentzio-neurri mantenduko dituzten zehazteko. Horretarako, osasun-adituak diren pertsonakaz kontaktuan daude, hainbat kontu kontrastatzeko. Iragarri dutenez, asmoa da sarea datorren astean martxan jartzea.

Sopelan sopelazaintzen@gmail.com posta elektronikoko helbidea ipini dute martxan, beharra duenak idazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun