Elkarrizketak

"Osasungintza publiko sendoa behar dugu, eta honelako krisi batek agerian uzten du zeintzuk diren premiak"

Unai Brea 2020ko mar. 13a, 13:38

© ELA SINDIKATUA

Hainbat urtez ELAren Osakidetzako sailean ardura izan ostean, gaur egun Lan Osasun arloaren erantzukizuna du sindikatuan Pello Igeregi sopeloztarrak. Kritikak kritika, koronabirusak eragindako "larrialdi nazionalari" aurre egiteko ELA behar denerako laguntzeko prest dagoela adierazi du, eta gardentasuna eta harreman etengabea eskatu die erakunde publikoei.

ELAk kritika batzuk egin izan ditu koronobirusaren krisiaren kudeaketa dela eta. Zein jarrera duzue mometu honetan?

Hau larrialdi nazionala da, eta denok hartu gaitu apur bat ustekabean, nahiz eta inguruko herrialdeetan zer gertatzen ari zen ikusten ari ginen, Italian batez ere. Larrialdi horri aurre egin nahian gabiltza denok, eta ELAk ez du sortu nahi behar ez den alarmarik. Kritikak egin ditugu kasu batzetan iruditu zaigulako Jaurlaritza ez dela batere ondo aritu, baina ez dugu lekuz kanpoko kritikarik egin nahi, ezta egoera aprobetxatu nahi ere.

 

"Ez dugu lekuz kanpoko kritikarik egin nahi"

 

Zer kritika egin duzue, zehazki?

Osakidetzan egin ditugun kritikak koherentzia-falta sumatu dugulako egin ditugu, ikusi dugulako aldea zegoela protokolo orokorretan esaten ziren gauzen eta gero praktikan protokolo horiek gauzatzeko moduaren artean .

 

"Osakidetzak erabaki zuenean bilerak, formazio-saioak... bertan behera geratuko zirela, hori jakinarazteko bilera masiboak egin zituzten Urdulizko ospitalean. Erabateko inkoherentzia da"

Esaterako?

Lehendabizi, Txagorritxun sortu zen egoera: mediku batek kutsatu zituelako bere inguruko lankideak gaixoak, eta beste enpresa batzuetako langileak ere. Eta mediku horrek proba egin baino bederatzi egun lehenago esaten ari zen sintomak zituela eta kezkatuta zegoela. Protokoloak ez zuen aurreikusten probarik egin beharra, baina mediku batek esaten badu gaixotasun bat daukala uste duela, zentzuzkoena proba lehenago egitea zen. Horrek ardura falta erakusten du,

Bestetik, gure eskualdean adibidez, Osakidetzak erabaki zuenean bilerak, formazio-saioak... bertan behera geratuko zirela, hori jakinarazteko bilera masiboak egin zituzten Urdulizko ospitalean. Erabateko inkoherentzia da. Momentu horretan pertsonaren bat egon balitz koronabirusarekin, gure eskualdeko osasun-sistema guztia kolokan egongo zatekeen, han zeudelako profesional guztiak. Bestalde, bilera horretan administrari batek galdetu zuten zelan hartuko ziren prebentzio-neurriak bere lanpostuan, kontuan izanda gomendioa zela gaixoengandik, eta langileen artean, metro eta erdi edo bi metroko distantzia uztea. Eta administrari batek mostradorearen tamaina baino ez dauka babeserako. Ez zioten kasurik egin eta esan zioten bere ardurapeko kontua zela.

 

Zer eskatzen diozue administrazioari?

Gurekiko gardentasuna. Gu kontuan hartzea, eta askotan ez dugu halakorik ikusi hori. Denok bara jakitun larrialdi nazionaleko egoeran gaudela, ondo legoke eragile sozialak, etsai modua baino, aliatu moduan tratatzea.

 

"Goiz da Urkulluk iragarritakoa baloratzeko, botere batzuk hartu dituelako bere gain baina ez dakigulako botere horiek zelan erabiliko dituen"

 

Oraindik orain Urkullu lehendakariak iragarritakoaz balorazioa eskatzeko goizegi dela pentsatzen dut.

Goiz da, botere batzuk hartu dituelako bere gain baina ez dakigulako botere horiek zelan erabiliko dituen. Guk argi daukagu sen onez arituko garela eta zentzuzko gauzak eskatuko ditugula; agian, botere hori beharrezkoa izango da, adibidez, osasungintza pribatuarekiko neurriak hartu eta osasungintza publikoaren menpe jartzeko. Edozelan, gure itxaropena, esan dudan bezala, lehendakaria gurekiko gardentasunez aritzea da, guk ere ahal dugun neurrian lagundu ahal izateko krisi honetan.

"Argi dugu zein ikasgai emango digun honek: osasungintza publikoa are gehiago indartu behar dugula, baliabideak behar direla, langileen egoera hobetu egin beharra dagoela..."

Urte batzuk daroatzazue Osakidetzaren antolaketa berraztertu dadin eskatzen. Esan duzu ez duzuela oraingo egoera aprobetxatuko ildo horretan kritika egiteko, hala ere argi dago osasun-sistema publikoaren gabeziak agerian utziko dituela larrialdi honek.

Krisi hau gainditutakoan baloratu egin beharko dugu zer kudeatu den ondo eta zer gaizki. Guk argi dugu hemen krisi honi aurre egin ahal zaiola osasungintza publiko sendoa daukagulako, nahiz eta ez den orain urte batzuk bezain sendoa. Eta argi dugu ere honek emango digun ikasgaia zein den: osasungintza publiko hori are gehiago indartu behar dugula, eta baliabideak behar direla, langileen egoera hobetu egin beharra dagoela... Ez da posible honelako krisi bati aurre egitea %40ko behin-behinekotasunarekin, eta ez da posible honelako krisi bati aurre egitea oheak itxita, edo langile-kopurua murriztuta. Berez behar dugu osasungintza publiko sendoa, eta honelako krisi batek are gehiago erakusten du zeintzuk diren beharrak. Espero dezagun denok zerbait ikastea honen kontura.

 

Erlazionatuak

"Birusa gurekin dago; onartu eta ahulenak babestu behar ditugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute / ALEA 2020 mar 13 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun