Beherrezko gaiak erostera eta lanera joateaz gain, zaintza lanak egiteko, finantza-erakundeetara joateko, etxera bueltatzeko, ezinbesteko egoeretarako eta justifikatutako beste ekintza batzuetarako (mendekotasuna dutenen zaintza, besteak beste) mugitzea baimenduko da aginduaren arabera. Enpresa publiko zein pribatu denek etxetik lan egiteko aukera sustatu beharko dute ahal duten heinean.
Europa Press berri-agentziak adierazi du asteleheneko 08:00etatik aurrera egongo da neurria indarrean. Pedro Sanchezek arratsaldean egitekoa duen agerraldian xehetasun denak azalduko dituela espero da.
Jaurlaritzaren neurri-sorta
Eusko Jaurlaritzak zenbait ezohiko neurri iragarri eta berehala ailegatu da Madrilgo Gobernuaren erabakiaren gaineko albistea. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak ebatzi du hamabost egunez museoak, txokoak, eta ostalaritza-establezimenduak itxi beharko direla, janaria etxez etxe banatzen dutenak izan ezik. Oro har, pertsonen arteko metro bateko gutxieneko distantzia mantendu ezin deneko jarduerak eten beharko dira. Neurriok gaurtik aplikatzeko gomendatu dute, ofizialki bihar sartu arren indarrean.
Zahar-egoitzetara bisitak egitea ere debekatu da EAEn. Hoteletan daudenek bertan jarraitu ahal izango dute, baina pertsonen artean metro eta erdiko distantzia utzi beharko da gutxienez. Arau hori ez errespetatzea, hoteletan edo nongura, desobedientziatzat joko da eta zigorrak eragin ditzake, baita penalak ere.