Koronabirusa Uribe Kostan

HIRUKAk internet bidez emango du informazioa alarma-egoerak dirauen bitartean

HIRUKA 2020ko mar. 16a, 17:13

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriek aldaketa handia eragin dute denon bizitzetan, eta besteak beste hankaz gora ipini dute enpresa askoren ohiko jarduna. HIRUKAri dagokionez, apirilaren hasierarako aurreikusitako paperezko hilabetekaririk ez kaleratzea izango da ondorioetako bat.

Joan den asteko barikutik, HIRUKAko beharginok etxetik gabiltza lanean. Egunotako zeregin nagusia, jakina, koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko hartutako neurri-oldearen eta pandemiagaz lotutako beste zenbait konturen berri ematea izan da. Etorkizunari begira, apirilaren 1ean kaleratzekoa zen hilabetekaria ez egitea erabaki du enpresako lantaldeak. Hortik aurrerako zenbakiei dagokienez, egoeraren bilakabidearen arabera hartuko ditugu erabakiak.  

Gainerakoan, eta ohi denez, gure webgunearen eta sare sozialen bidez Uribe Kostako herritarrei informazioa helarazten jarraituko dugu. Ezinbestean, koronabirusa izango da informazio horren protagonista nagusia; neurri honetako krisi batek eskatzen duen erantzukizunaz beteko dugu geure egitekoa, eta osasun-krisiak gure eskualdean dituen eragin zehatzen berri emango dugu.

Era berean, aletxoa ipiniko dugu Uribe Kostatik haragoko interes orokorreko zenbait albiste zabaltzeko, hala nola osasun-erakundeen gomendioak eta gaixotasunaren bilakabidearen gaineko datuak, besteak beste. Eta  bestalde, konfinamendua edo etxealdia arintzen laguntzeko edukiak ekartzen edo sortzen ahaleginduko gara.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun