Inoiz bainoago, zu zara giltza! Egin HIRUKAri ekarpena

HIRUKA 2020ko api. 20a, 16:17

Argazkia: HODEI TORRES

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Askoren osasuna eta bizitza bera, hasteko. Doakie horiei eta bidean hurbileko norbait galdu dutenei gure elkartasunik zintzoena. Baita egoera honen alderik latzenak jasaten ari direnei ere. Zaintza-lanetan atsedenik gabe jardun behar dutenei, arlo ekonomikoari dagokionez zulo beltzean sartuta daudenei... Besarkada beroa denentzat.

Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. COVID-19aren pandemia dugu ia berbabide bakarra, baina hain da handia gaitzak gizartearen alderdi denetan duen eragina, eta hain azkar datoz aldaketak, etengabe informatzeko beharrak inoiz baino ahalegin handiagoa eskatzen baitigu. Uribe Kostan koronabirusak dituen ondorioen berri ahalik eta zorrotzen emateaz gain, derrigorrezko konfinamendua arintzeko edukiak eskaintzeko eta jarduerak proposatzeko konpromisoa ere hartu dugu HIRUKA egiten dugunok.

Aste honetara arte, pare bat hilabetez eremu digitalean konfinatuta egon gara, behin-behinean papereko edizioa etenda, eta oraindik ere ohiko ordutegi eta egutegiak ezabatuta gabiltza lanean, telelana bitarte, informazioa eta denbora-pasa asteko egun denetan zuenganatzeko. Jasotako erantzuna eskertzekoa dela esan beharra dugu: HIRUKAren webgunea ohi baino bisitaldi gehiago jasotzen dabil aurrekaririk gabeko krisialdi hau hasi zenetik.

Pozgarria da beste aldean inoiz baino gehiago zaudetela jakitea. Baina ez da nahikoa. Zuen ekarpen txikiak dira gure sostenguetako bat, eta asko kolokan daude orain

Pozgarria da beste aldean inoiz baino gehiago zaudetela jakitea. Baina ez da nahikoa. Uribekostar askoren ekarpen txikiak dira gure sostenguaren oinarrietako bat. HIRUKAlagunena eta, noski, iragarleena. Ekarpen horietako asko, bigarren multzokoak batez ere, kolokan daude orain, gizartearen eta ekonomiaren arlo askotan paralisia eragin duen osasun-larrialdi honen erruz. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz. 

Prentsa euskaraz, pentsa euskaraz!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun