Izurriteari aurre egiteko bi gauza bete behar direla adierazi du Nabarrok: alde batetik komunitatea antolatu egin behar da, eta bestetik eremu kutsatuenetako mugikortasuna murriztu. Bata zein bestea ezinbestekoak dira, eta ez da lortuko izurriteari aurre egiterik biak ezarri gabe.
Zalantzati agertu da David Nabarro izurritearen luzapenari buruz galdetzean. Ez daki noiz buka daitekeen, baina jendeak hilabete batzuetako kontua izango dela argi izan behar duela dio. “Ez gaude kurbaren tontorrean, hasieran baino”, dio eta txertoa eskuragarri izatea urtebete luzatuko dela aurreikusi du.
Europako herrialdeek neurriak berandu jarri dituzten galdetzean, bakoitzak bere eskuetan dagoena egin duela adierazi du adituak. Europako herrialdeetako arazo nagusia froga mediku gutxi egitea dela esan du. Txina, Hego Korea eta Singapurreko neurriak eredutzat jarri ditu: osasun-sistema sendoa, higienearen sustapena, eta Gobernua eta jendartearen arteko elkarlana baitituzte.
Ziurgabetasunak jota
Birus mota hori ezegonkorra dela eta ustez desagertuta dauden herrialdeetan brote berriak agertu daitezkeela adierazi du. Espainiar Estatuan Europako beste batzuk baino kutsatu eta hildako gehiago egoteak arrazoi berezirik ez duela esan du; baliteke sintoma arinak edo batere ez dituen herritar batek beste asko kutsatu izana.
Dena den, osasun-sistema ondo antolatutako batek eta jendearen parte-hartzeak hilkortasun tasa baxua mantentzen laguntzen dutela esan du.
Etorkizuneko erronketarako praktika
Europako herrialdeek mota horretako izurriterik azkeneko 100 urteetan bizi ez izanak tupustean harrapatu ditu Gobernuak, eta erantzuna beste kontinenteetakoa baino geldoagoa izan da. Hala ere, Nabarrok ez du “geldo” bezala definitu nahi erantzuna, Gobernu bakoitzak bere ahalmenaren arabera ekin duela argudiatuz.
Koronabirusarena gizateriaren existentziarentzako mehatxu bat dela esan du, eta horri aurre egiteko beharrezkoa den elkarlana etorkizunean egongo diren erronkei aurre egiteko praktika: biodibertsitatearen galera edo tenperaturen gorakada, kasu.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.