Koronabirusa Uribe Kostan

Ospitaleetan gero eta larriago, gaixo-kopuruak gora egin ahala

Unai Brea 2020ko mar. 20a, 15:00

“Txaloak ez, materiala behar dugu”. Horra hor Yoli Calongek, Galdakaoko ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitateko erizainak emandako mezua, eguaztenean Hego Uribeko Geuria aldizkariak bere webgunean argitaratuko elkarrizketa interesgarrian. Gaitz berriaren pandemiak hankaz gora ipini ditu osasun-sistemak, eta behar baino kantitate txikiagoan dagoen gauzetako bat langileak babesteko ekipamenduak dira. Okerrena oraindino etortzeke dago, gainera.

LABek prentsa-oharra kaleratu du gaur,  "hainbat ospitale eta osasun-zentrotan dagoen egoera larria salatzeko". Hain zuzen ere, norbera babesteko ekipamendu (NBE) nahikorik ez dagoela salatu du sindikatuak, batez ere Bizkaian eta Araban. Espainiako hainbat hedabideren arabera, Osasun Ministerioak berak onartu ei du material-urritasuna osasungintzako profesionalei zuzendutako dokumentu batean. Batzuek dokumentu hori irakurtzeko lotura ere zabaldu dute, baina gaur-gaurkoz edukirik gabeko web orri bat besterik ez da ageri hor klik eginez gero.

Honela dio LABen oharrak: "Informazio-falta izugarria da gure zentroetan. Protokoloak egunetik egunera aldatzen ari dira, eta nahasmena izugarria da. Gainera, protokolo horiek gero eta babes txikiagoa ezartzen dute, eta langileentzako babes txikiagoko NBEak erabiltzen dituzte. Nola ulertzen da hau? Azalpen bakarra da babes-ekipamenduen falta kezkagarriak estali nahi dutela”.

Materiala berrerabiltzen

“Lanerako behar dugun materiala berrerabiltzen ari gara”, dio Yoli Calonge Galdakaoko Ospitaleko erizainak, arestian aipatutako elkarrizketan. “Jende arruntak maskarak ditu, eta guk, larrialdietakook, apenas. Atzo hamaika orduz egin nuen lan eta denbora horretan erabili nuen maskara gaur berriro erabili behar dut”. Bestalde, LABek adierazitakoa berresten dute haren berbek: “Egunero protokolo berriak ditugu, eta gure lan materialaren arabera aldatzen dituzte. Mantalak denbora luzeagoz erabiltzeko esan digute, nahiz eta kutsatzeak ekiditeko ez den gomendagarria materiala berrerabiltzea. Horrek eragingo du gu geu lanean kontu handiagoz ibili behar izatea, segurtasuna ez baitago ohiko egoera batean bezain bermatuta. Gainera, orain, osasun arloan lan egiten dugun guztiok ezin gara gaixotu, ezin da hori gertatu: ez erizainak, ez sukaldariak, laborategikoak, garbitzaileak, farmazietakoak…”.

“Langileontzat egoera kaskarra da”, azaldu dio HIRUKAri Urdulizko ospitalean lanean dabilen eta izena ezkutuan gorde gura duen erizain batek, “protokoloarekin zalantzak daude, galdetzen dugunean ez digute argitzen, hobetzeko lanean ari direla esaten digute eta kito”. “Material falta ere badaukagu; babes pertsonalerako bata egokiak eskuratzeko borrokatzen egon behar gara. Kaskarragoak (merkeagoak) ekartzen dituzte, eta gorputzeko fluidoekin kontaktua izango badugu horietako bi erabiltzeko esan digute”.

“Dauzkagun erizain eta erizain-laguntzaileekin ozta-ozta iristen gara”, jarraitu du erizainak, “langile gehiago eskatzen dugunean ratioa betetzen ari garela diote, baina paziente hauekin daukagun lana askoz handiagoa da, hartu beharreko neurri guztiak kontuan hartuta”. Atzo, martxoak 19, koronabirusak jotako 25 gaixo zeuden Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalean (bakar bat ere ez ZIUn); denera 128 ohe ditu gaixoetxeak, hau da, ia bost ohetik batean dago Covid-19 duen norbait.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun