Kaixo lagunok! Gauerdian amaitu da konfinamendu-sasoirako antolatu dugun film laburren lehiaketaren lehen txanda. Ordu horretara bitarte jasotako bideo guztiak gaurtik daude lehian. Batetik, HIRUKAren epaimahaiak, bideo-konferentzian bilduta, ahalik eta irizpiderik aldrebesenak erabilita eta inongo inpartzialtasunik gabe erabakiko du zein film duen gustukoen, eta saria emango dio, auskalo zer; bestetik, astebeteko epean (hurrengo egueneko gaueko 00:00etara arte) ikustaldi gehien dituen filmak ere saria irabaziko du. Baimenduta dago senide batek egindakoa behin eta berriro ikustea, oso ona ez izan arren (filmaz ari gara, ez senideaz).
Gaurtik aurrera jasotzen ditugun bideoek hurrengo asteko lehiaketan hartuko dute parte. Hemen dituzu arauak.
1. astea (martxoak 20-26):
Arauak
Honako arauak errespetatu beharko dituzu saria etxera eroan gura baduzu:
Berbarik badago, euskarazkoak izan behar dute
Iraupena, gehienez ere 5 minutukoa
Gaia, gura duzuna
Komuneko paperak agertu behar du (ez esan agortu zaizula!)
Galarazita dago “koronabirus” berba erabiltzea
Astero egingo dugu lehiaketa, eta irabazle bi egongo dira. Bata HIRUKAren epaimahaiak erabakiko du (hau da, ez du inongo sinesgarritasunik edukiko), eta bestea astebetean ikustaldi gehien lortzen duena izango da. Eguena izango da astero lanak bidaltzeko azken eguna (martxoaren 26an hasita).
Helbide honetara bidali behar dituzue zuen maisulanak: foto@hiruka.eus
Jasotako bideoak HIRUKAren webgunean ikusbide egongo dira, eta inork Oscar saria irabaztekotan dirua erdibana egingo dugu, axola ez badizue.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.