Koronabisuaren garaiotan noraeza da nagusi bizitzaren esparru denetan, eta agintariak ez daude horretatik salbu, edo beharbada haiek daude ziurtasun gutxien. Alarma-egoerak eta hari eskua emanda datorren konfinamenduak gutxienez apirilaren 11ra arte iraungo dutela badakigu, ez ordea zenbat gehiago. Celaá ministroak behintzat argi du ikasleak ez direla ikastetxeetara itzuliko ez apirilean, ez maiatzaren hasieran.
Ikasturtea amaitu baino lehen eskola presentzial batzuk emateko itxaropena agertu du Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak, "behintzat hamabost egunez, errepaso orokorra egiteko"
Ikasturtea amaitu baino lehen eskola presentzial batzuk emateko itxaropena agertu du Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak, "behintzat hamabost egunez, errepaso orokorra egiteko". Data zehatzik ezean, maiatz amaieran eta ekain hasieran "itzulera progresiboa" egiteko asmoa dagoela azaldu du, nahiz eta ez dagoen argi zer irizpideren arabera erabakiko litzakeen zein ikasle bueltatuko liratekeen lehenik. Izan ere, ikasturte honetan aurrez aurreko eskolak berriro emateko aukera ere ezin da segurutzat jo. Erabakita dagoena, Espainiako Gobernuak eta autonomia-erkidegoek eguaztenean hala adostuta, unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 22aren eta uztailaren 10aren bitartean egitea da.
Ikasle guztiengana ailegatzeko ahalgina
Hain zuzen, proba hori prestatzeko orduan oraingo egoera berezia kontuan hartuko dela iragarri du Isabel Celaák. "Ez lirateke errazagoak izango, baina baliteke aurrez aurre eman diren edukiez baino ez galdetzea ikasleei", argitu du. Bestalde, ikasle batzuek etxean internetik edo bestelako baliabide teknologikorik ez dutela ere aintzat hartuko dutela adierazi du. Izan ere, eguazteneko bileran erkidegoetako sailburuei eskatu zien irakasleakaz harremanetan ez dauden ikasleak identifikatzeari ekin diezaiotela. "Ahal duguna egingo dugu arazo hori konpontzeko", esan du Celaák, "eta irtenbidea hezkuntza-edukiak mugikorren bidez zabaltzea izan daiteke, tresna demokratikoena baita".
Apirilaren amaieran elkartuko dira berriz ministroa eta sailburu autonomikoak, egoera aztertu eta epeak zehazteko.