Joan den martxoaren 12an eman zuen Eusko Jaurlaritzak ikastetxe denak ixteko agindua. Hala, hasiera batean, martxoaren 13tik hasita, hamalau egunez eskolak itxita egon behar ziren. Erabaki horrek haur-eskolei, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei, Lanbide Heziketako zentroei eta unibertsitateei eragiten zien.
Gaur ikastetxeetara bidalitako oharraren bidez, aldiz, epealdi hori luzatzea erabaki dutela zehaztu du Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak: "Gertaeren bilakaera eta agintari eskudunak aplikatzen ari diren neurriak direla eta, eskolen aldi baterako etetea beste abisu bat eman arte luzatuko dugu".