Izena duen guztia omen da

Nola ulertzen zuten natura antzinako gure arbasoek?

Aritza Bergara 2020ko mar. 27a, 10:58

Gaur egungo mundu moderno eta aurreratu honetan, badirudi zientzia eta teknologia gure jainkoak direla. Beraiek ematen dizkigute behar ditugun azalpenak dena ulertzeko, bizitza interpretatzeko eta, hori dela eta, beraien menpe bizi garelakoan nago. Baina, batzuetan, naturak bere indarra erakusten digu eta, zoritxarrez, momentu horietan ze txikiak eta ahulak garen konturatu ohi gara.

Kaixo lagunok! Orain dela gutxi euskal mitologiari buruzko aurkezpen artikulua idatzi ostean, hemen nago berriro, gure herri zaharraren sinesmenei buruzko azalpenak emateko.

Gaur egungo mundu moderno eta aurreratu honetan, badirudi zientzia eta teknologia gure jainkoak direla. Beraiek ematen dizkigute behar ditugun azalpenak dena ulertzeko, bizitza interpretatzeko eta, hori dela eta, beraien menpe bizi garelakoan nago. Baina, batzuetan, naturak bere indarra erakusten digu eta, zoritxarrez, momentu horietan ze txikiak eta ahulak garen konturatu ohi gara. Hori gertatu zen Indonesiako tsunamirekin edo, beranduxeago, Islandian kokatuta dagoen eta aipatu ezina den sumendiarekin; gaur egun, aldiz, horren adierazgarri da ikusiezina den birus madarikatua. Eta badirudi soilik krisi egoeretan naturaren parte garela konturatzen garela eta, beraz, argi geratzen zaigu naturarekin bat egin behar dugula bizirauteko.

Nola ulertzen zuten natura antzina?

Galdera polita eta erantzun erreza ez duena, ezta? Baina saiatuko naiz honetaz azalpenaren bat ematen.

Euskal Herriko herri askoren esanetan, gure inguruan ikusten diren elementuak sakralizatu zituzten gure arbasoek eta, horrela, kondairak eta sinesmenak topatu ahal ditugu nonahi haiei lotuak. Eta zeintzuk izan ziren elementu horiek? Ba lurra, ilargia, eguzkia, zerua, haizea… Horiek eta gehiagori buruzko azalpenak eta kondairak topatzen ditugu herri askotan.

Amalurra

Eta zein da hurbilen dugun natur-elementua? Egunero zapaltzen duguna: Amalurra. Bera da gauza guztien iturburua, besteak beste, Eguzkia eta Ilargia bere alabak dira. Bere barnetik sortutakoak eta, egunero, bere barrualdera bueltatzen dira. Amalurraren barnea leku handitzat jotzen da eta hildakoen arimen ohiko bizilekua da, hainbat pertsonai mitiko eta mitologikoena baita ere.

Amalurrak landarediaren oinarri eta funtsezkoa den bizi indarra omen du. Eta guri, gizakioi, gorputza bizkortzen digu janariaren bitartez. Eta abereei ere, nahiz eta batzuetan abelgorriren bat oparitu beharra badugu ere.

Honetaz aparte, lurra altxorren gordelekua izan delakoan zeuden gure arbasoek. Askoren ustetan, mendi eta kobazuloetan urrez betetako idi-larruak edo kutxak topatu ahal dira. Baserritar askok egin ohi zituzten zuloak horiek topatzeko nahian, baina, dakigunaren arabera, inork ez zekien zehazki non bilatu eta alferrik zen. Zenbat zulo egin ohi dira emaitzarik gabekoak: Ataungo Urrezuloko-Armurean, Putterriko koban edo, hurbilago, Dimako Baltzolan.

Horrelako altxorrekin aberastu nahi diren pertsonak ez dute ezertxo ere lortzen, inoiz ez direlako garbi adierazten zeuden lekuen zehetasunak eta, beraz, egia bazen, pentsa dezakegu oraindik daudela ezkutatuak gure zain.

Lurraren pertsonifikazioari, edo bere barnean bizi ohi ziren izakiei, eskatu zizkieten mesedeak modu ezberdinetan. Harengandik onura batzuk lortze arren, kobazulo eta leizeetan eskaintzak bota edo jartzen zituzten eskariak burutzen zituztenek. Askotan txanponak ziren, besteetan animaliak edo bestelako opariak era botatzen edo uzten zituzten. Eta askotan gertatu den moduan, kristautasunaren eraginez, antzinako sinesmenak eta berriak nahastu ziren. Eta non ikusten da aipatutako “transposizioa”? Esate baterako, badirudi ermita batzuk altxatu zituztela leku magiko horietan, koba ermita bihurtuz eta haien sarreran otoitz egiteko ohitura zegoela. Baina galdera sortzen zaigu berehala… Nori daude otoitz egiten, ermita horretan dagoen ama birjinaren irudiari edo ama-lurrari, edo bere barnean bizi ohi diren jainkoei? Nik ez daukat erantzunik

Mendeak aurrera joan ahala, aipatutako errito eta sinesmenak desagertuz joan ziren eta, beraiekin batera, naturarekin genuen harremana. Ez daukat oso argi noiz baina gure mundu liberal eta ultrakapitalista honetan, argi dago oreka apurtu dugula. Galdu genituen gure sustraiak eta natuari sortzen diogun errespetua. Eta berak astintzen gaitu. Kolpe bakoitzarekin, espezie moduan arriskuan gaudela esaten digu Amalurrak. Gure esku dago kasu egin edo bukaerara arte estutu.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun