Nekane Murga Osasun Sailburuak aurkeztu du gaur aplikazioa. Azaldu duenez, lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta laster egongo da eskuragarri Android eta iOS sistema eragileetan. Tresna horrek OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren jarraipen-eredu berdina erabiltzen du.
Azpimarratu dutenez, COVID-19.EUS sare sozial bihurtzeko bokazioarekin sortua da eta hiru helburu hauek ditu:
- Prebentzioa: Edonork aukera du aplikazioa deskargatzeko, autodiagnostiko baten bidez bere osasun-egoera gehitzeko eta bere hurbileko zirkulua eransteko, bai familiakoa, bai lagunartekoa, bai lanekoa/hezkuntzakoa. Horrela, pertsona guztiak elkarregaz konektatuta egongo dira, ohiko gomendioak jasoko dituzte, beren osasunaren jarraipena egingo dute eta besteen egoera ikusiko dute. Horrek, prebentzioa oraindik ere gehiago areagotzen lagunduko du.
- Etxeetan egon daitezkeen kasuen jarraipena areagotu: Osasun Sailari eta Osakidetzari beren etxeetan sintomakaz dauden pertsonak gehiago ezagutzea eta haien jarraipen handiagoa egitea ahalbidetuko die, betiere modu anonimoan. Horrek aurrerapen garrantzitsua dakar hobeto eta hurbiltasun handiagoaz artatzeko, baita ahaleginak gehien behar dutenengan zentratzeko ere. Laguntzako osasun-profesionalek egunero emango diete estaldura berrogeialdian dauden eta afektazio arina edo moderatua duten pertsonei, litekeen larriagotze bat aurreikusten saiatzeko. Osasun-profesionalek egunero ebatziko dituzte beren zalantzak eta, horrela, antsietatea murrizten lagunduko dute.
- Kasu-kontzentrazioen analisia: Epidemiologia-taldeen lanerako errefortzu gisa balioko du. Izan ere, kasuak non dauden kokatu ahal izango dute, eta, behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan diagnostikorako eta jarraipenerako esku-hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte.
Osasun Sailak azpimarratu du ebidentzia zientifikoan oinarrituta dagoela aplikazio hori, eta "berme guztiak" betetzen dituela. Gainera, azaldu dute datuak modu "anonimoan" partekatuko direla. Alta emateko hurrengo bi gauza soilik beharko dira: posta edo telefono mugikor bat (kontu faltsua ez dela egiaztatzeko) eta posta kodea, erabiltzailea bizi den gunea zein den jakiteko. Hori dena anonimotasuna zaintzeko eta datuen babesa betetzeko helburuagaz.