Koronabirusa Uribe Kostan

Kanpomartxo eta Berango Kantari, etxealdiari aurre eginez

Unai Brea 2020ko mar. 30a, 21:02

Mobilizazio-bide bakarretakoa balkoietan zarata egitea den honetan, irudimena lanean ipini dute askok, pandemiak ez ditzan jarduera sozialak guztiz lurperatu. Azken aste-akabuan adibide bi izan ditugu Uribe Kostan: Erandioko Kanpomartxo jaia, eta Berango Kantari. 

Atzo, martxoak 29, Faoeta auzoan egitekoa zen Kanpomartxo, baina osasun-larrialdiak euskararen aldeko jaia atzeratzera behartu zuen Erandioko Berbots Euskaltzaleen Topagunea. Horren ordez, baina, festa nork bere etxean egiteko deia egin zuten: Kanpomartxoren abestia sare sozialen bidez zabaldu eta hura dantzatzen, abesten edo jotzen bideoa grabatzeko eta bidaltzeko eskatu zuen Berbotsek. Hori  bai, denek erritmo berean, jasotako bideo guztiak bakar batean batu ahal izateko. 

Berango Kantarik, berriz, hirugarren urtemuga zuen ospatzekoa aste-akabuan. Kalez kale ibili ezinda, antolatzaileek dei egin zuten behintzat balkoietara irtetera eta Berango kantua kantatzera, doinua Facebook bidez zabaldu ostean. Herritarrei euren grabazioak eskatu zizkieten (sinkronizatu bakoak, den-dena esan behar bada), eta collage bitxi hau izan da emaitza. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun