"Errege Dekretuak garbiketa funtsezko jardueratzat hartzen du, baina ez ditu bereizten osasun-zentro baten edo garraio publikoaren garbiketa, eta eskola, museo edo bulego itxi batena", dio LABek. Ildo horretan, "enpresen arduragabekeria" salatu dute, itxita dauden guneak garbitzera bidaltzen baitituzte langileak.
Behargin horien segurtasuna are koloka handiagoan ipintzen dutela gehitu du sindikatuak, langileoi ez baitiete norberaren babeserako ekipamendurik ematen. Egunotan hotz handia izan arren berogailuak amatatuta jardun beharraz ere kexatu dira. Lan Ikuskaritzari erantzunik ez ematea leporatu dio LABek, joan den astean salaketa ugari egin zituzten arren.
Egoera hori Bizkaian 40 ikastetxe baino gehiagotan ematen dela nabarmendu dute. Uribe Kostari dagokionez, EHUren Leioako campusa, Uribe Kosta BHI eta Erandio LH aipatu dituzte.