Koronabirusa Uribe Kostan

Film laburren lehiaketa mundiala: bigarren txanpa inauguratu dugu!

HIRUKA 2020ko api. 3a, 09:48

Zorionak, Uribe Kostako (eta atzerriko) zinegileok! Joan den astean bolo-bolo ibili zen Euskal Herrian gure film labur lehiaketa, eta zuena da meritua, sekulako artelanak bidali dizkiguzue eta. Tira, bizitzak edo dena delako honek aurrera segitzen du, eta HIRUKAren film laburren lehiaketak (arauak hemen) ere bai. Bigarren txandako parte-hartzaileak ezagutu gura dituzu?

"Konfinamendua non, nagikeria han", dio esaera zahar ezagunak. Lehiaketaren bigarren aste honetarako  hiru bideo baino ez dira ailegatu gure erredakzio birtual berrira, hirurak eder-ederrak hori bai: Egipto, Kontuz eta Konfina D´or. Bejondeiela egileei. Haien artetik aterako dira gaur zortzi ezagutaraziko ditugun saridun biak. Joan den astekoak nortzuk izango diren, berriz, laster esango dugu.  

Gaurtik aurrera bidalitako lanak, noski, hirugarren asteko txandan sartuko dira (bai, zoritxarrez hirugarren txanda ere egingo dugulakoan gaude). Askok esan digute badabiltzala, azken ukitua ematen ari direla, post-produkzioa konplikatu zaiela... Ejem, ejem. Hala bedi. Bitartean, ohar bat: onartzen da ekoiztetxe berak lan bat baino gehiago bidaltzea. Lehenengoa eginez gustura ibili bazinen, animatu eta ez geratu bigarrena egiteko gogoz!

2. astea (martxoak 26-apirilak 2):

Arauak

Honako arauak errespetatu beharko dituzu saria etxera eroan gura baduzu:

 

  • Berbarik badago, euskarazkoak izan behar dute
  • Iraupena, gehienez ere 5 minutukoa
  • Gaia, gura duzuna
  • Komuneko paperak agertu behar du (ez esan agortu zaizula!)
  • Galarazita dago “koronabirus” berba erabiltzea

Astero egingo dugu lehiaketa, eta irabazle bi egongo dira. Bata HIRUKAren epaimahaiak erabakiko du (hau da, ez du inongo sinesgarritasunik edukiko), eta bestea astebetean ikustaldi gehien lortzen duena izango da. Eguena izango da astero lanak bidaltzeko azken eguna (martxoaren 26an hasita).

 

Helbide honetara bidali behar dituzue zuen maisulanak: foto@hiruka.eus

 

Jasotako bideoak HIRUKAren webgunean ikusbide egongo dira, eta inork Oscar saria irabaztekotan dirua erdibana egingo dugu, axola ez badizue.

 

Ixo, kamera, ekin!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun