Elkarrizketak

"Zientzialariek, bereziki medikuek, urteak daroatzate hau etorriko dela esanez"

Unai Brea 2020ko api. 6a, 14:18

"Pandemia honetaz asko ikasten ari gara, eta gero eta prestakuntza handiagoa dugu" dio Guillermo Quindósek. © MIKEL MTZ DE TRESPUENTES (UPV/EHU)

Leioako Medikuntza Fakultatea du ohiko lantokia Guillermo Quindós Mikrobiologia katedradunak. Martxoaren 13an, Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarri baino egun bat lehenago, Un par de verdades sobre el coronavirus berbaldia eskaini zuen EHUko Zientzia Fakultatean. Luze egin dugu berba beragaz COVID-19 gaitzaren pandemiaz.

"Pare bat egia koronabirusaz". Egia faltan gaude?

Hara, berbaldi hari ez nion izenburua nik ipini, dekanoaren kontua izan zen, kar kar. Egia falta baino, esan dezagun oraindino zalantza batzuk ditugula argitzeke birusaz: zeintzuk diren haren errezeptoreak, zelan blokea daitekeen, gainazal batzuetan zer iraupen duen…    

Hala ere, badirudi birus hau aurreko beste edozein baino arinago ikertzen gabiltzala.

Bai. Esaterako, aste bi pasata bagenekien isolatu ziren lehenengo anduien genoma osoa (behintzat ARNarena). Koronabirus honen lehengusuaren kasuan (2002ko SARS) uste dut hilabete bi behar izan zirela. Eta GIBaren kasuan, 80ko hamarkadaren hasieran, ia hiru urte. Orduan baino askoz ezagutza handiagoa dugu, pandemia hau kontrolatzeko balio lezakeena. Arinago kontrolatzea eragotzi diguten beste faktore batzuk daude, baina ekonomiagaz dute zerikusia handiagoa medikuntzagaz baino. Besteak beste, herrialde bakoitzeko osasun-sistema zelan dagoen.

Egoera honek ez du aurrekaririk. Zertan da desberdina birus hau?

Koronabirus bakoitzak bere ezaugarriak ditu. 60ko hamarkadan ezagutu genituen lehenengoek arnasbideetako sintoma arinak sortzen zituzten, hotzeria, katarroa… Oso-oso gutxitan eragiten zuten pneumonia, hau da, gaitz larria. Tira, eta segitzen dute urtero jendea gaixotzen. Neguan ditugun hamar hotzeritatik bizpahiru koronabirusek eragiten ei dituzte, baina normalean ez dira diagnostikatu ere egiten. Geroago ezagutu genituen beste koronabirus bi, SARS eta MERS. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu baina biek eragiten dute arnasbideetako gaitz akutu eta larria. Oraingo hau, SARS-CoV-2, SARSaren oso antzekoa da, berdina du genomaren %80 inguru.

"Gripeak urtero eragiten du ospitaleak betetzea, baina honek hori gainditu du"

Baina…

Honek zer du? Gripea eragiten duten birus gehienak bezain kutsakorra da gutxi gorabehera; kutsatzen diren hamarretik 8-9k sintoma arinak edo ertainak dituzten arren, beste 1-2k ospitaleratzea behar dute, sintoma larriak dituzte eta. Eta horien artean, beharbada hamarretik batek ZIUra joan behar du. Hau da, gaixotzen diren guztien %0,5. Asko zabaltzen den birusa izanda, portzentaje horiekaz gainezka egin dezake ospitaleetako osasun-arretak. Eta badakigu zein den horren emaitza: gaixoak korridoreetan, kasu larri batzuk ezin neurri eraginkorrenakaz tratatzea… Gripeak urtero eragiten du ospitaleak betetzea, baina honek hori gainditu du.   

Eta kasu larri gehiago eragin…

Urteroko gripeak kasu larri gutxiago eragiten ditu bi arrazoi sinplerengatik: bata, txertoak ditugula, eta bestea gripearen aurkako botikak ditugula. Baina ez daukagu tratamendu espezifikorik oraingo koronabirus honen aurka. Tratamendu asko erabiltzen ari dira, baina ez dakigu zer balio duen bakoitzak. Erabili ahala egiten dira proba klinikoak. Edozein kasutan, litekeena da urtebete barru txertoa izatea.  

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak aurrekoan esan zuen, elkarrizketa batean, txerto bat garatzeko zazpi urte behar izaten direla. Fidatu behar dugu urtebetean garatzen denaz?

Txerto baten garapenak zazpi urte iraun dezake efektu kaltegarrien edo immunizatze-gaitasunaren gaineko datu guztiak batzeko behar den denbora kontuan hartzen badugu. Baina txertoa denbora laburragoan gara daiteke. Ebolarena 18-24 hilean lortu zen, oker ez banago. Beste kontu bat da ondoren galbahe batzuetatik pasa behar izatea, baina uste dut oraingo egoeran, immunizatzeari eta segurtasunari dagokionez baldintza jakin batzuk beteko lituzkeen txerto bat erabiliko litzatekeela.

Hau da, egoera larriagoa denez, segurtasunaren arloan bete beharreko baldintzak leundu litezke?

Beste batzuen antzera. Farmako bat onartzeko, hainbat proba-saio kliniko gainditu beharra dago. Azkenekoa, IV zenbakiaz izendatzen dena, sendagai hori daborduko merkatuan dagoenean egiten da, eta oso luze jo dezake. Farmako-zaintza esaten zaion fasea da. Edozein sendagai ken daiteke merkatutik, proba guztiak gainditu arren, eragin kaltegarri esanguratsuak dituela ikusten bada. Gauza bera gertatzen da txertoakaz. Fase batzuk laburtu daitezke, beste batzuk ez…  Seguruenik, arazo gehien ekoizpenak emango du. 

"Baliteke txerto bat lortzea hamazortzi hilabetean, baina beharbada askoz geroagora arte ez dugu izango herritar-kopuru esanguratsua txertatzeko behar den beste"

Ekoizpenak?

Bai. Hasierako probetarako behar duzun txertoaren kantitatea txikia da. Baina gero, aurrera badoa, kantitate handitan ekoiztu behar da, eta horretarako denbora behar da. Baliteke txerto bat lortzea hamazortzi hilabetean, baina beharbada askoz geroagora arte ez dugu izango herritar-kopuru esanguratsua txertatzeko behar den beste. Lehentasuna eman beharko zaie herritar-multzo batzuei, daborduko egin da hori, ebolagaz adibidez, fokuen inguruan txertaketa-perimetro moduko bat ezarriz. Azkenik, esan beharra dago COVID-19rako badaudela txerto bi I fasean (hau da, gizakiekiko proben lehenengo fasean) eta beste 28 hainbat fasetan, baina gehienak animaliakaz probak egiten hasita.              

Europan, urtarril-otsailean, oso zabalduta zegoen “hau gripe gogor bat baino ez da” pentsamoldea…

Uste dut baikorregiak izan ginela ia denok. Gripe txar bat izango zela pentsatu genuen, baina ez zuela hainbeste jende kutsatuko, lehenengo fokuan hobeto kontrolatu ahal izango zela… Baina gaur egun ezin zaizkio mugak ipini birus bati. Galdetu izan didate gobernuaren neurriak egokiak iruditu ote zaizkidan. Eta erantzun dut, printzipioz, neurriak momentuan momentuko egoerara egokitu direla; hau da, hartu zirenean, egokiak ziren. Arazo da ez genuela ondo ezagutzen koronabirus hau, eta ipinitako hesiak gaindituz joan dela. Orain, denok gutxi gorabehera konfinatuta gauzkaten honetan, argia ikusten hasi gara tunelaren amaieran, baina txarto pasatzen ari gara eta oraindino aste txar batzuk etorriko dira hobetzen hasi aurretik. Hala ere badaude hobekuntzaren adierazle batzuk.

"Osasunaren Mundu Erakundea (OME) aspaldi dabil X pandemiaz ohartarazten. Hau da, prest egon behar genuen honelako zerbait ailegatzeko"

Futbolaz berba egin ordez, epidemiologiaz berba egiten dugun honetan “zoonosi” esaten ere ikasi dugu. Hau da, animaliengandik gugana igarotzen diren gaixotasunak. Izan dira mende honetan bertan horren adibideak: aipatu dituzun MERS eta SARS, A gripea, hegazti-gripea eta abar. Ezin zitekeen hau aurreikusi?   

Denok geunden abisupean. Osasunaren Mundu Erakundea (OME) aspaldi dabil X pandemiaz ohartarazten. Hau da, prest egon behar genuen honelako zerbait ailegatzeko. Are gehiago, X pandemia ia seguru animaliengandik helduko dela esanda dute.

Zergatik?

Argi dagoelako agertzen ari diren ia gaixotasun berriak (infekziosoez ari nazi) zoonosiak direla. Jakinaren gainean geunden, argi dago. Zientzialariek, eta bereziki medikuek, urteak daroatzate hau etorriko dela esanez. Baina egunez egun bizi gara, edo zehatzago esateko egunez egun bizi dira gure agintariak, ekonomiaren zenbakiak doitzeko ahaleginean, eta batzuetan, doiketa hori egiteko, osasungintza eta batez ere ikerkuntza ahultzen dituzte. 

"Esan genezake zoonosiek gora egin dutela gizakiok lehen ez geunden inguruetan muturra sartu ahala"

Zoonosiek gora egin dute, edo beti egon dira oraingo maila berean?

Esan genezake gora egin dutela gizakiok lehen ez geunden inguruetan muturra sartu ahala. Ekosistema asko izorratzen ari gara, eta harremana izaten ari gara lehen ia batere ez genuen animalia batzuekin.    

Animaliengandik kutsatzea erraza da, behin eurakaz harremanetan jarrita?

Ez, ez da hain erraza. Bakterio eta birus batzuek animaliak zein gizakiak gaixotzen dituzte, eta seguruenik oso aspalditik gizakiak kutsatzen dituzten espezie batzuk animaliengandik etorriko zitzaizkigun. Beste espezie batzuk, berriz, animalia bati egokitzen zaizkio, eta aldaketa edo mutazioren bat behar izaten da gizakiengan infekzioak eragin ahal izateko. Ondorioz, aukera gehiago dago zoonosia hain egonkorrak ez diren bakterioek edo birusek eragiteko, eta normalean ARNz egindakoak izaten dira ezegonkorrenak, koronabirusak esate baterako.

OMEk urteak daroatza, era berean, antibiotikoen erabilera okerraz eta horri lotutako superbakterioen agerpenaz ohartarazten. X pandemia bakterio bat izango zela uste zen, eta ez birus bat?

Ez, birus bat izango zela uste zen. Dena dela, medikuok pandemiatzat jotzen dugu bakterio erresistenteen agerpena, aspalditik dugun arazoa. Horren aurka, saiatzen ari gara antibiotikoen erabilera arrazionalizatzen berriak asmatu arte, baina arazo bat dago: enpresa pribatuei ez zaie oso errentagarria iruditzen. Hau da, beste gauza batzuek irabazi handiagoak ematen dituzte. Ez diot ezer ere egiten ari ez direnik, baina…

Zergatik bakterio super-erresistenteen zabalkundeak ez du eragiten koronabirus honek eragin duen neurriko kezkarik? 

Sortu behar luke, baina ez da hain mediatikoa. Hala ere, zientzia eta erakundeak lanean ari dira arlo horretan.

Koronabirusak nekez ahaztuko zaigun ikasbidea emango digu, orduan?

Uste dut geure burua hain egoera larrian ikusi gabe geundela. Bakterio erresistenteen arazoa kronikoa da, baina hau akutua da eta horrek inpaktu handiagoa eragin ohi du, eta gainera hainbeste jenderi aldi berean… Dena dela, askotan kontatzen dudan historia bat kontatuko dizut: nik 15 urte nituenean, 1975ean, J.J. Benítez idazle ezagunak La Gaceta del Norte egunkarian idazten zuen Bilbon egunero 30 pertsona hiltzen ari zirela gripeak jota. Kontua eginda ikusten da hilkortasun hori oraingoa baino handiagoa dela. Baina oraingo hau leku askotan gertatzen ari da aldi berean, eta gaur egungo hedabideen zabalkunde-ahalmena 1975eko egunkariena baino askoz handiagoa da.

"Ikusten ari gara nahi izanez gero beste gauza batzuei ere buelta eman diezaiekegula, klima-aldaketari esaterako"

Hau bada X pandemia, zer pentsatu behar dugu Y pandemiaz? Beldurtu behar genuke?

Ez dakigu zer gertatuko den, baina lasaitasun-mezua eman behar da, pandemia honetaz asko ikasten ari gara eta gero eta prestakuntza handiagoa dugu. Bide batez ikusten ari gara nahi izanez gero beste gauza batzuei ere buelta eman diezaiekegula, klima-aldaketari esaterako. Eta horrek ere badu honegaz harremana, tenperatura globala handitzeak eta deforestazioa areagotzeak lagundu egiten baitute gaixotasun infekziosoek gora egin dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun