1.500 irakaslek hartu du parte STEILAS sindikatuak bidali dien galdeketan. Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketa eta unibertsitaterainoko irakasleek erantzun dituzte galderak, bereziki Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ari direnek.
Egun osoa konektatuta
Orokorrean, langileen bi herenek lanordu gehiago sartu behar izan dituzte egoera berrian, bereziki DBHn eta Batxilergoan. Egun batetik bestera telelanera egokitu beharra –aurretik formakuntzarik izan gabe–, materialak moldatzea eta ikasleen formakuntza falta –eta horrek sortzen dituen buruhausteak– dira, besteak beste, horren arrazoiak. Egun osoa konektatuta egotea gogorra da askorentzat: “Irakasle batzuek esan digute ez dakitela noiz hasi eta noiz bukatzen den beraien lana”, azaldu digu Juan Zubia ikerketaren arduradunetako batek.
Irakasle gehienak arloka ari dira elkarlanean koordinatzen, etengabe material berria asmatzen, dela bideoak Youtubera igoaz edo sormena astinduz. “Azken finean, etxerako lanak bidali ditzakezu, baina gorputzaren bidez ere erakusten da: begiradak, keinuak, hitza… Hori guztia ezin da galdu eta horregatik dira garrantzitsuak bideoak, bideo-konferentziak eta halakoak”, dio Zubiak.
“Irakasle batzuek esan digute ez dakitela noiz hasi eta noiz bukatzen den beraien lana”
Ikasleen arteko arrakalari ere aurre egin behar
Ikasleen arteko arrakala areagotzen ari da konfinamenduan eta hori da kezka nagusietakoa. Ikasle batzuk, zuzenean, desagertuta daudela onartu digu Zubiak. Hiru ikasgela mota daudela zehazten du ikerketak: batetik, bazterketa egoeran dagoen ikaslerik ez duten ikasgelak; bestetik, egoera horretan dauden hiruzpalau ikasle dituztenak; eta azkenik, ikasleen %50a baino gehiago bazterketa arriskuan dituzten gelak. Alegia, bazterketa gela/ikastetxe jakinetan kontzentratzen dela. Adinean aurrera egin ahala, gizarte bazterketa arriskuan dauden ikasleengan eragin handiagoa du konfinamenduak: %25arengan eragin du Haur Hezkuntzan, %42arengan Lehen Hezkuntzan, %49arengan Bigarren Hezkuntzan.
Horiekin komunikatzeko, gehiago jotzen da telefonora Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta bideo-konferentziara hortik gorako mailetan. Zailtasunak dituztenei ikastetxeko baliabide teknologikoak utzi dizkiete hainbat kasutan, lanak paperean eman dizkiete beste batzuetan… “Ahal dugun guztia ematen diegu”, dio irakasle ugarik.
"Nahikoa lan dute dagoeneko irakasleek, eta administrazioak gauzak erraztu beharrean, hezitzaileak gestio lanak egiten jarri ditu, euren jarduna kontrolatzeko”
Kontrol handiegia administraziotik
Lan-zama estra dute irakasleek: kontu eske ari den administrazioarentzako gestio lana eta burokrazia. “Nahikoa lan dute dagoeneko irakasleek, gainezka daude batzuk, eta administrazioak gauzak erraztu beharrean, hezitzaileak gestio lanak egiten jarri ditu, euren jarduna kontrolatzeko”, kexu da Zubia
Gainerakoan, irakasleen gehiengo handiak adierazi du ez duela zailtasun teknikorik lanerako –gutxiengo batek faltan ditu gailu elektronikoak, konexioa, materiala edota lanerako espazio egoki bat–. Eta ia %74ak ere ez du arazo pertsonalik etxetik aritzeko, baina batzuentzat zaila izaten ari da, seme-alaben eta adinekoen zaintza, isiltasun falta edota bakardadea tarteko.
“Gurasoak gertutik ari dira ikusten zenbateko lana den ume eta gazteekin egin beharrekoa. Ziur naiz bat baino gehiago konturatuko dela irakasleek egiten duten lan handiaz”
Lanaren aitortza
Haur eta gazteen heziketak aurrera segi dezan irakasleak egiten ari diren ahalegina kontuan hartuta, ea esfortzu hori baloratuta sentitzen al duten galdetu diogu Juan Zubiari. Baikorra da bera: “Gurasoak gertutik ari dira ikusten zenbateko lana den ume eta gazteekin egin beharrekoa, zenbat material sortzen den haientzat, gero hori guztia zuzendu egin behar dutela irakasleek, gainean egon… Ziur naiz bat baino gehiago konturatuko dela irakasleek egiten duten lan handiaz, eta aitortuko dietela”.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.