Koronabirusa Uribe Kostan

Balkoietan ahaztuak

Arantza Gutierrez Paz 2020ko api. 8a, 17:35

20:00ak erlojuan eta txaloak entzuten ditut. Ez, ni ez nago leihoan (nire etxean ez dago balkoirik). Eta ez da osasuneko langileen lana eskertzen ez dudalako. Lehendik ere eskertu diet haien lana, ez soilik orain. Nire esperientzia oso ona izan da beti. Nire ustez, haien lana eskertzeko modua ez dira txaloak, hurrengo hauteskundeetan osasun publikoaren eta bertako langileen aldeko politikak bultzatzen dituztenei berriz ere boza ematea baino, eta ez beste azpiegitura batzuei –AHT, Supersur, antzoki erraldoiak— lehentasuna ematen dietenei. Ez da bidezkoa orain txalotzea eta gero osasun eta zaintzan murrizketak ezartzen dituztenei botoa ematea.

Dena den, hori ez da artikulu hau idaztera bultzatu nauen gaia. Balkoi horietan azaltzen ez direnak baizik. Azken egunotan erreportaje asko eskaintzen dizkigute lantokietan dauden “heroien” inguruan. Gure aitortza eta esker ona merezi dituzte, zalantzarik gabe. Baina, horietan ez dira agertzen etxeetan lanean ari direnak. Ikusten ez dena ez da existitzen, eta etxe barruan egiten den lana ikusezina da. Jakin izan dugu etxe barnean lan egiten duten zaintzaile batzuk (emakumeak ia guztiak) 24 orduz lan egitera behartuta daudela —zenbaitek ez dute aukeratzeko paradarik izan, adibidez, eredugarri agertu diren zahar-etxe batzuetan bezala—, itxialdia dela eta. Beste kasu batzuetan, aldiz, etxea lantoki bihurtuta, ordutegi gabeko jarduna, itxialdia bera, zein senideen zaintza gehitu behar dizkiote lanegunari, horrek dakarren estresarekin.

Horietaz ari garela, nire lan-eremura eraman nahi dut gogoeta. Hezkuntza arloko langileen esparrura, alegia. Unibertsitate, Lanbide Heziketa eta hezkuntza ez-unibertsitarioko langileak lanean daude etxeetan. Eskolak bertan behera geratu bezain pronto hasi zen lan-jardunaren egokitzapena, ez soilik irakasleena, baizik eta beste langile askorena ere (administrazio, kudeaketa, informatika, programazio, laguntza, e.a. handi batean lan egiten dutenena ere). Etxean ikasle garaian dauden seme-alabak dituztenak ondo dakite lanean ari direla, baina gainerakoengan —batzuetan arduradun politikoen diskurtsoetan ere— irakaskuntzaz hitz egiten da, sistema guztiak “magiaz” funtzionatuko balu bezala. Ez. Atzean pertsonak daude, horietako askok senideak zaindu behar dituztenak, baliabide nahikorik ez dutenak —zenbat ordenagailu daude etxe batean? Eta seme-alabekin partekatu behar badira?—, etorkizunari beldur diotenak (ordezkapenak bertan behera, OPEa noiz izango den jakin barik)…

Hala ere, horietako askok zortea dute (ez, ez dira pribilegiatuak) lana dutelako, eta horretara itzuliko dira. Badaude, egon, ordea, etxean dauden pertsonak —ERTE batekin kasu onenetan; langabeziaren mehatxupean, bestetan; geroari beldurrez, gehienetan—  bat-batean beren bizitza-proiektua eten edo atzeratu beharko dutenak: langile autonomoak zein kontratupekoak, dendari txikiak, profesionalak. Horietako asko, gainera, ez daude geldi, eta beren ezagutza eta indarra jartzen ari dira herrietan eratu diren zaintza-sareetan edo birziklatu dira maskarillak edo batak josten, e.a... Horiek, hala ere, ez dituzte txaloak behar, krisiaren ordaina berriro ere langileen gainean zamatuko ez duen estrategia ekonomikoa baizik…

Amaitzeko, aipatu nahi ditut txalorik merezi ez dutenak: balkoietako komisarioak (zenbat txibato daude gure artean); xenofobia, aurreiritzi eta gorrotoz beteriko poliziak; Confebask, IBEX 35 eta bankuen estrategiapean dauden agintari politikoak; azken hauen aldeko diskurtsoa indartzen duten komunikabideak… 

Erlazionatuak

Nola ari dira moldatzen irakasleak egoera berrian?

Mikel Garcia Idiakez / Argia 2020 api 07 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun