Zientzia etxeko atarian

Birusak eta bakterioak, lagunak edo etsaiak?

Eduardo San Andrés 2020ko api. 13a, 11:10

Anton Van Leeuwenhoek artisau holandarrak berak egindako mikroskopio baten okularretik begiratu zuenean, bakterioak ikusi zituen lehendabiziko gizakia bilakatu zen. Gertakari aitzindari hura Delft hiri holandarrean gertatu zen 1675. urtean.

Garai horretan mikroskopiorik onenak Robert Hooke fisikari ingelesak erabiltzen zituenak ziren, 20 eta 50 arteko anplifikazioa zeukatelarik. Baina Leeuwenhoek, sekula inori esan gabeko teknika bat erabiliz, 270eko anplifikazioko lenteak lortu zituen, eta horri esker putzu bateko ur tanta bat bere mikroskopioan kokatu zuenean mundu harrigarri bat deskubritu zuen. Bere hitzetan: “Zoragarria da izaki ñimiño hauen mugimendu gozoa begiztatzea ". Behatzen zegoena ez ziren animaliak, bakterio deituriko izaki zelulabakarrak baizik.

Gizaki ororen bizitza zelula bakar batekin hasten da, obulu ernaldua. Hortik aurrera, bederatzi hilabete irauten duen prozesu batean, zelula hori bikoiztuz doa etengabe, bi, lau, zortzi... mitosi izeneko prozesu batean. Animalia eta landare guztiak izaki zelulanitzak gara. Baina zelula bakar batek baditu bizitza autonomoa edukitzeko organulu guztiak: mitokondrioa energia sortzeko, erribosoma proteinak sintetizatzeko, ADN erreproduzitzeko eta abar. Bakterio bat izaki zelulabakar bat da, eta esan bezala, baditu osagai guztiak izaki bizidun autonomo bat izateko, jaio, hasi, elikatu, erreproduzitu eta hiltzen dena.

Orain gutxi arte bakterio guztiak gaixotasunen garraiolariak zirela uste zen, eta hortaz, medikuntzaren helburua bakterioak deuseztatzea zen. Izatez, Bigarren Mundu Gerraren ostean garaturiko antibiotikoak funtsezkoak izan ziren infekzio askoren kontra borrokatzeko, eta milioika bizitza salbatu zituzten. Gaur egun, badakigu bakterooek eragindako infekzio  asko oso kaltegarriak direla: kolera, eskarlatina, meningitisa... Baina badakigu ere beste bakterio batzuk gurekin bizi direla sinbiotikoki, eta kaltegarriak ez izateaz gain, ezinbestekoak direla gure gorputza bizirik mantentzeko. Adibidez, digestioa egiteko ezinbestekoak ditugu hestean ostatatzen ditugun hainbat bakterio.

Eta birusak? Zer da birus bat? Birus hitzaren jatorria latinean dago, eta bere esanahia "pozoia" da. Ez dirudi oso abiapuntu baikorra. Lehen begiratuan, birus batek bakterio baten antzekoa dirudi, baina ezberdintasun handi bat dago: birus batek ez dauka modu autonomoan bizitzeko ahalmenik, ez dituelako bizitzeko beharrezkoak diren organuluak. Daukan gauza bakarra, bikoizteko ADNa da. Funtsean ADNa da, lipidoz osaturiko azal batean gordeta. Birus bat egoera latentean mantentzen da beste zelula baten barruan sartzen den arte. Zentzu batean, birus bat bizitza eta ez-bizitza muga irristakor horretan dagoela esan liteke. Zelula bat kolonizatzen duenean birusa aktibatzen da, eta zelula ostalariaren funtzio metabolikoa desaktiba dezake. Gainera, birusa erreplikatzen hasten da zelularen barruan, hursa deuseztatu arte. Norbaitek esan zuen birus bat lipidoz egindako gutun-azal batean datozkigun berri txarrak direla.

Lipidoak koipeak dira, eta zein da biderik errazena koipea kentzeko? Ura eta xaboia. Beraz, eskuak garbituz birusaren kanpo mintza deuseztatzen dugu… Garbi geratu denez, bakterioak ez bezala, birusak normalean kaltegarriak dira: gripea, HIESa, ebola, edo azken egunotan batzuetan entzun duguna… Baina, ez al dago ezer positiborik birusen inguruan? Bada, terapia genikoan birusak hasi dira erabiltzen material genetikoa garraiatzeko bektore gisa. Hau da, giza zelula batean gene mutatu kaltegarri bat baldin badago, birus bat erabili daiteke gene zuzena zelula horretaraino eramateko; horretarako, jakina, aldez aurretik birusaren gene patogenoak desaktibatu behar dira. Xiringa zelular bat bezala izango litzateke. Bektore biriko horien beste erabilera bat tumore-zelulak suntsitzea da. Garbi dago, beraz, birus bat berriak dakartzan postaria dela, baina berri horiek ez dute zertan txarrak izan, orain gutxi arte imajinaezina zirudiena.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun