Elkarrizketak

"Guk datu guztiak bidali ditugu behar zen tokira, orain hartu behar den erabakia da test gehiago egin edo ez"

Unai Brea 2020ko api. 14a, 08:00

Ugo Mayor (erdian), artxiboko argazki batean. © EHU

Bolo-bolo dabil hainbat euskal zientzialarik oso denbora laburrean balioztatu duten COVID-19a detektatzeko ordezko RT-PCR proba. Bost egun baino ez dira igaro EHUk lorpenaren berri eman zuenetik, eta daborduko ia 32.000 lagunek eman dute izenpea protokolo berria lehenbailehen erabiltzen has dadin eskatzeko change.org webgunean abiarazitako kanpainan. Proiektua koordinatu duen Ugo Mayor biokimikariagaz berba egin dugu gaiaz. 

Orain dela zazpi urte bizi da Urdulizen Ugo Mayor (Donostia, 1985) Ikerbasqueko zientzialaria; ohiko lantokia, berriz, Leioako campuseko Zientzia Fakultatea du. COVID-19aren krisiak eztanda egin zuenean, Angelmanen sindromea izeneko gaitz genetiko arraro bat sendatzeko moduaren bila zebilen. Azken aste bietan, ordea, gaixoengan SARS-CoV-2 koronabirusa detektatzeko RT-PCR test alternatiboa garatu duen 55 ikerlariren taldea koordinatzen ibili da.

"Testekin arriskua dago edozein momentutan stock-arazoak egoteko. Gureak ez du mendekotasun hori"

Zergatik test berri bat sortu beharra? Zer arazo dago Osakidetzak erabiltzen dituenakaz? 

Arazo bakarra, berez, oraingo eskari handia da. Koronabirusa atzemateko metodo onena RT-PCR da; material genetikoa anplifikatzen duen teknika bat da, fotokopia bat egitea bezalakoa. Oso gutxirekin abiatzen zara eta ziklo bakoitzean bikoiztu egiten duzu, birusa detektatzeko nahikoa izan arte. Globalki erabiltzen den test horren kit komertzialerako Osakidetzak badu sistema automatizatu bat, baina duela hamabi egun, adibidez, ez zuten nahikoa kit lortu. Badirudi egunotan ailegatzen ari zaiela orain arteko test-kopuru berdina egiteko, baina arriskua dago edozein momentutan berriz stock-arazoak egoteko. Gure protokoloa antzekoa da, baina ez du mendekotasun hori, behar diren materialak askoz eskuragarriagoak direlako. 

Sinadura biltzen hasi dira balioztatu duzuen protokolo hori erabiltzen has dadin.

Bai. Hara, gure izenak agertzen dira eskaeran [Mayorrena berarena aipatzen da, zehazki], eta ez digute kontsultatu ere egin horretarako. Baina hori alde batera utzita, ona da babes hori. Test hau balioztatzeko bildutako informazioa bidali diegu bidali behar genien erakundeei, orain erabakia haien esku dago. Guk aplikatzeko asmoz sortu dugu tresna hau, noski.

"Gurearen desabantaila da zientzialariak behar dituela, ez da automatizatutakoa, baina herri honetan badaukagu nahikoa zientzialari lan hori egiteko prest"

Eta erraza da?

Aurreko batean norbaitek Twitterrez galdetu zuen ea zer desabantaila duen, eta desabantaila da zientzialariak behar dituela. Kit komertziala inplementatzeko badaude robot handiak, sistema askoz errazagoa da: lagina alde batetik sartu eta bestetik diagnostikoa ateratzen dizu. Baina esan dudanez, oraingo eskaria handia da, eta ekoizpena mugatua. Gurea egiteko, aldiz, jakin behar duzu nola ibili laborategiko tresnekin, datuak nola interpretatu... Baina herri honetan badaukagu nahikotxo ikerlari eta zientzialari hori egiteko prest, eta behar besteko prestakuntzarekin, noski. Inplikazio hori behar da, baina aukera badago.

Garatzen ibili zaretenok prest egongo zinatekete?

Larrialdiak irauten duen bitartean behintzat, bai noski. Orain aukera daukagu gizarteari ekarpen hori egiteko. Bizimodu arruntera bueltatzen hasten garenean ez dakit, kasu bakoitzean egoera desberdina izango da, baina momentu honetan oso argi daukagu emergentzia-egoera dagoen bitartean egin egingo genukeela.

"Gure protokoloa askoz fidagarriagoa da Osasun Ministerioa duela egun batzuk zabaltzen hasi den kit azkarrak baino"

Zuen protokoloa orain erabiltzen direnak baino merkeagoa, fidagarriagoa eta azkarragoa dela esaten da, sinadurak biltzeko zabaldu den testuan besteak beste.

Prezioa hamabost euro ingurukoa, hau da, proba bakoitzerako behar diren erreaktiboek balio dutena. Eta iraupena lau ordu ingurukoa [Mayorrek guri aipatu ez badigu ere, sare sozialen bidez azaldu du ospitaleetan robot bidez egiten dutena seguruenik laburragoa dela ,eta prezioa konparatzeko ez duela daturik]. Fidagarritasuna, berriz, antzekoa da, izan ere gurearena pixka bat txikiagoa da. Gurutzetako ospitaleak bidalitako laginak erabili genituen probak egiteko, haien errorea %0koa dela ontzat emanda, eta gurearen espezifikotasuna (hau da, zenbateraino emango dien emaitza negatiboa infektatuta ez dauden pertsonei), haienarekin konparatuta, %100ekoa da. Sentikortasuna, berriz, apur bat txikiagoa [%92koa, EHUk emandako datuen arabera]. Sentikortasuna kasu positiboak atzemateko gaitasuna da, eta guri gutxi batzuek "ihes" egin ziguten.  

Hori bai, gure protokoloa askoz fidagarriagoa da Osasun Ministerioa duela egun batzuk zabaltzen hasi den kit azkarrak baino. Horien sentikortasuna %64koa da, eta zenbait probaren arabera are txikiagoa. Txanpon bat airera bota eta zer atera den begiratzetik hurbil dago hori. 

Uste duzu laster zuen testa masiboki erabiliko dela?

Orain erabakia politikoa da, lehen esan dizudan bezala. Guk datu guztiak bidali ditugu behar zen tokira, eta orain hartu behar den erabakia da test gehiago egin edo ez. Hori ez dago gure esku, baina behintzat egindakoa gizarteratu nahi izan dugu, gizarteak jakiteko aukera egon badagoela.

"Ez dugu Amerika aurkitu, erakutsi duguna da Ameriketara joateko abioirik ez dabilenean arraunean joatea dela beste aukera bat"

Oso arin egin duzue, hamar egunean. Arinegi, esango du baten batek...

Egia esan oso ondo antolatu gara, hainbat lan eginez paraleloki. Lantalde bakar batek hilabeteak emango zituen hau egiten. Dena dela, esan beharra dago ez dugula gurpila asmatu, informazioa bazegoen aurretik. Ez dugu Amerika aurkitu, erakutsi duguna da gasolina faltagatik Ameriketara joateko abioirik ez dabilenean ontzi bat hartu eta arraunean joatea dela beste aukera bat.

 

Zenbat proba egin liteke?

Garatutako test berriari esker egunero milaka proba egin litezkeela aipatu izan da. Ugo Mayorrek sare sozialetan eta beste hedabide batzuetan argitu duenez, "EHUn egunero 500-1.000 proba egiteko gaitasun zientifiko eta teknologikoa dago", baina gaineratu du EAEko teknologia- eta ikerkuntza-gune guztiak kontuan hartuta egunero 10.000 proba egin litezkeela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun