Koronabirusa Uribe Kostan

Haurrek kalera ateratzeko baimena izango dute Hego Euskal Herrian apirilaren 27tik

Axier Lopez / Argia 2020ko api. 18a, 20:54

Espainiako Gobernuko presidenteak larunbateko prentsaurrekoan argitu duenez, apirilaren 27tik aurrera haurren konfinamendua arinduko dute. "Haurrek kalera ateratzea eta hobekuntzez gozatzea nahi dugu", esan du. Irteera horiek baldintza batzuen araberakoak izango dira, indarrean den urruntze soziala bermatzeko. Baldintza zehatzak oraindik ez ditu argitu.

Haurrek ateratzeko baimena izango dute apirilaren 27tik aurrera, Espainiako presidenteak gaurko prentsaurrekoan argitu duenez. Erabakia hartzeko lantalde bat osatu zuen pasa den astean psikiatra, pediatra eta beste hainbat espezialitateko adituek osatutakoa, eta taldeak hala gomendatuta, Espainiako Gobernuak egingo duen proposamena izango da haurrak kalera ateratzen uztea hilaren 27tik aurrera.
 
Beraz, Espainiako Gobernuak erkidegoetako presidenteei egingo dien proposamena, haurrak etxetik ateratzea eta aire zabalean "egunean tarte batez" gozatzeko aukera ematea da. Irteerak nola kontrolatu eta zein baldintzatan egingo diren ez du argitu.
 
Pedro Sanchezek aurreratu duenez, deseskalada fase orokorra maiatzaren 10ean hasiko da, "Zuhurtziaz eta pixkanaka", eta lurraldeka egingo dute. Ordura arte, konfinamendua mantenduko da, baina adingabeen kasuan izan ezik.
 
Kritika ugari
Konfinamenduaren hasieratik haurtzaroaren hainbat profesionalek salatu izan dute haurrak ikustezin bilakatu izana. Espainiako Gobernuak ezarritako konfinemandu neurri zorrotzetan haurren kolektiboaren behar zehatzak kontuan hartu ez izana. Azken astean kritika horiek asko zabaldu dira, maila sozialean eta politikoan –tartean Jaurlaritza eta Generalitatearen eskeara zehatzak–. Izan ere, Espainiako Estatua zen Europan haurrak etxean itxita mantentzen zuen estatu bakarrenetakoa.
 

Hilabetez haurrak jasaten ari diren konfinamendu zorrotzak ez dietela aukerarik ematen bizi-premiak, beharrizan fisikoak, psiko-emozionalak, sozialak, moralak eta hezkuntzakoak asetzeko, eta horrek arriskuan jar ditzakeela haien ongizatea, osasuna eta garapen fisiko eta psikikoa, diote Espainiako Gobernuak haurrak kontuan hartu ez izana kritikatzen duten zenbait profesionalek.

Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun