Koronabirusa Uribe Kostan

Hasiko gara hizkuntza-ohiturak etxetik aldatzen?

Erredakzioa 2020ko api. 21a, 13:11

Etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan "euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" egiteko gonbita egin gura du Euskaraldiak; horretarako, atzo, apirilaren 20an, "Etxealditik Euskaraldia" ekimena jarri zuten martxan, maiatzaren 3ra arte iraungo duena.

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertuko harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa proposatu dute.Hala, etxetik hasita, datorren azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldirako prestaketa lanak egingo dira, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.

Apirilaren 20an hasi eta ekimena amaitu arte, Euskaraldiak bideo laburren bitartez egunero parte hartzeko jarraibideak emango ditu Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi eta belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean.

Apirilaren 21erako proposamena

Has gaitezen ariketa bat egiten! Pentsatu al duzu inoiz zer hizkuntzatan aritzen zaren zure ingurukoekin? Senideekin, lagunekin, egunero hitz egiten duzun lankidearekin…. Zein hizkuntza erabiltzen duzue elkarrekin hitz egiten duzuenean? Eta hainbat batera elkartzen zaretenean?

Ariketa erraz bat egingo dugu, paper edo kartulina batean egiteko modukoa. Pentsatu, idatzi eta erabaki zein harremanetan egin nahi duzun hizkuntza aldaketa eta zeintzutan finkatu nahi duzun euskarazko harremana. Helburu horiek jartzea lagungarria izango zaizu ingurukoekin gaiari buruz hitz egin eta aldaketak elkarrekin egiteko.

Eta ariketa bukatzerakoan argazkia atera eta partekatuko duzu guztiokin zure sare sozialetan? Ez ahaztu @euskaraldia aipatu eta @EtxealditikEuskaraldira etiketa erabiltzen!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun