Ia hiru aste igaro dira konfinamendua ezarri zenetik; ordutik, haur eta nerabe askok euskaraz aritzeko aukera gutxi dute. Hori dela eta, arrisku handia dago hezkuntza-prozesuan bete-betean murgilduta dauden umeen euskararen erabilera murrizteko egunotan, familia ez-euskaldunetan batez ere. Izan ere, egoera horietan haurrek ez dituzte euskaraz mintzatzeko inolako baliabiderik eta horrek eragin kaltegarria izan dezake haur askoren hezkuntza-prozesuan eta, bereziki, euren hizkuntza-gaitasunetan.
Gabezia horri aurre egiteko, Algortarrok Zaintzen herritarren zaintza-sareak ume horien eta boluntarioen artean mintzapraktikak bermatzeko egitasmoa jarri dute martxan. Horren helburua da haur denek "antzeko hizkuntza-aukerak" izaten laguntzea euskaraz berba egiteko.
Zelan gauzatuko da proiektua?
Boluntarioen eskaintza erregistratuta dagoenean, koordinazioko pertsona batek haurraren (bere familiaren) kontaktua helaraziko dio boluntarioari pertsona horregaz mintzapraktika hasi ahal izateko. Arduradunek azaldu dutenez, proiektua koordinatzen duten pertsonek bakarrik izango dituzte boluntarioen eta gurasoen datuak.
Elkarrizketak banan-banakoak izatea aurreikusi dute antolatzaileek, alde bien baliabideetara eta beharretara egokituta. "Gure ustez, komenigarria da nolabaiteko jarraikortasuna ematea, baliabide hau eraginkorra eta iraunkorra izan dadin. Gure proposamena da, bakoitzak ahal duen neurrian, 15-20 minutuko tarteak bilatzea, astean bi egunetan gutxienez", azaldu dute.
Nolakoak izango dira mintzapraktikak?
Elkarrizketak birtualak izango dira, eta boluntarioak eta haurrak (bere familiak) adostutako tresnaren bidez egingo dira, hala nola telefonoa, Skype edo Whatsappeko bideo-deia erabilita.
Boluntario gisa apuntatzeko, hurrengo formularioa bete:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSf_JM9bugqSXFWjZ5iA6oqyi0Zai0Ezd6qvu2G6G39CV2WGQA/viewform
Haurra/nerabeak izena emateko, bete hurrengo formularioa:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdDUTR5bsZSxUx3NaJzDl96wkyhwmvKC9HZ08PgGpb8Kxu8YA/viewform