Koronabirusa dela eta, asko dira bertan behera utzi behar izan diren bidaiak. Erabiltzaileek zer egin beharko lukete konpainiak berak bidaia bertan behera uzten badu?
Ezberdindu behar ditugu bidai konbinatuak eta kontratatutako zerbitzu solteak. Hau da, araudia ezberdina da batera kontratatzen badira hegaldia, ostatua eta txangoak (bidai konbinatua), eta zerbitzu horiek banatuta kontratatzen badira (enpresa ezberdinekin edo momentu ezberdinetan “erosten” badira).
Lehenengo kasuan, antolatzaileak eskubidea dauka urtebeterako bonu bat eskaintzeko, beste bidai batean erabiltzeko, ordaindutako prezio berdinekoa. Erabiltzaileak ez badu epe horretan erabiltzen, dirua berreskuratzeko eskubidea dauka. Bigarren kasuan, konpainiak eskaintzen dizkizun aukeren artean aukera daiteke, dirua bueltatzeko aukera horien artean egon behar dela jakinda.
Eta bidaiariak bertan behera utzi nahiko balu? Zeintzuk pauso jarraitu beharko lituzke?
Bidai konbinatua bada, bi aukera ditu. Bata, bidaia gauzatuko den lekuan (helmugan) arazo bat dagoela bidaiaz gozatzeko argudiatzea eta frogatzea, bidaiaren prezio osoa berreskuratzeko. Bestea, dirua berreskuratzea penalizazio bat ordainduz.
Zerbitzu solte bat bada (hegaldia edo ostatua, edo besteren bat), eta alarma egoera bitartean gauzatu behar bazen, kontratuarekin atzera egitea eskatu diezaioke konpainiari. Kasu horretan, legeak parte biei fede onez negoziatzeko agintzen die, 60 egunez. Alternatiba baten inguruan akordiorik lortu ezean, enpresak dirua bueltatu beharko lioke kontsumitzaileari.
"Hirugarren aukera bat eskaintzea ahaztu egiten ari zaie konpainiei eurak direnean hegaldiak bertan behera uzten ari direnak: bidaiagatik ordaindutako dirua bueltatzea alegia, legeak horrela ahalbidetzen du eta"
Zeintzuk aukera eskain ditzake bidaia-agentziak edo konpainiak bidaia bertan behera utzi nahi izango bagenu?
Bidai konbinatua bada, eta ez badiogu aipatutako arazoa argudiatzen eta frogatzen, zentzuzko penalizazio bat kobratu dezake bidaiaren antolatzaileak. Kontratu askotan penalizazio hori aurreikusita dago. Zerbitzu solteak badira, adibidez hegaldi bat, enpresak edozein motatako alternatiba eskain dezake (bonuak, beste hegaldi bat, deskontuak, etab.).
Egunotan ikusten ari garenari jarraituz, konpainiek eta agentziek eskaintzen ari diren bi aukerak hurrengoak dira: data aldaketa bat (batzuetan gastu gehigarri batekin) edo bidaiagatik ordaindutako kantitatearen balio berbereko bonu bat, noski, beste momentu batetan erabiltzeko.
Hori bai, hirugarren aukera bat eskaintzea ahaztu egiten ari zaie konpainiei eurak direnean hegaldiak bertan behera uzten ari direnak: bidaiagatik ordaindutako dirua bueltatzea alegia, legeak horrela ahalbidetzen du eta.
Gehienetan data-aldaketak eskaintzen hasi dira, baina, aukera hori egokia ez dela uste badu bidaiariak, zer egin dezake?
Aipatutako kasuak ezberdindu beharko genituzke. Hegaldi solte bat bada, eta haiek utzi badute bertan behera, ordaindutako dirua bueltatzea exijitu dezakegu.
"Oraindik ez dakigu zer nolako arazoak egongo diren udan"
Uda urrun dagoela dirudien arren, posiblea litzateke orain bertan behera uztea bidaia berme guztiekin?
Ez. Oraindik ez dakigu zer nolako arazoak egongo diren udan. Bidai konbinatu bat badugu, eta geuk uzten badugu bertan behera orain, helmugan dagoen arazorik azaldu gabe, penalizazio bat ordaindu beharko dugu.
Eta hegaldi solte bat badugu, alarma egoeraz kanpo gauzatu behar dena, ezin izango dugu atzera egin kontratuarekin. Hori bai, zerbitzu jakin batzuek ahalbidetzen dute atzera egiteko eta dirua berreskuratzeko (adibidez internetez kontratatuko ostatuak). Baina hegaldi solteekin, oro har, alarma egoeraz kanpo bada, ezin dugu atzera egin.
"Ezin dugu errealitatea ukatu, informazioak ez dira guztiz zehatzak, baina badirudi udan mugapenak indarrean jarraituko dutela"
Zer gomendatuko zeniokete udan bidaiatu gura dutenei?
Ezin dugu errealitatea ukatu, eta gaur egun ditugun informazioei jarraituz, nahiz eta oso zehatzak ez izan, ezta guztiz fidagarriak ere, badirudi udan mugapenak indarrean jarraituko dutela. Beraz, espainiar Estatutik kanpoko bidaiak egitea zaila izango dela dirudi eta barnekoekin ez daude gauzak argi ere. Hau guztia kontutan izanda, bakoitzak erabaki beharko du zer egin eta zer arrisku hartu, baina agerian dago egoera ez dela onena.
Nik, aurreko gomendioak kontutan hartuz, momentuz itxarongo nuke zer gertatzen den jakiteko. Agian oraindik ezin dut atzera egin hegaldi batekin, baina alarma egoera luzatzen bada bai. Dena den, onena abokatu bati aholkua eskatzea litzateke onena.
Hegaldiez berba egin dugu, baina hotel eta egonaldiak erreserbatuta baldin badaude, zeintzuk aukera daude horiek bertan behera uzteko?
Kasu hauetan, banatuta hartu baditugu, eta alarma egoera bitartean gauzatu behar badira, atzera egiteko eskubidea daukagu. Lehen esan dugun bezala, behin atzera egite hori adierazita enpresari, 60 eguneko epe bat irekitzen da fede onez negoziatzeko. Ez bada akordiorik lortzen, dirua bueltatu beharko ligukete.