14 urtetik beherako haurrek helduak laguntzeko aukera izango dute, besteak beste, "erosketak egin ala farmaziara joateko". Hala iragarri du Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak gaurko prentsaurrekoan. "Irteera kontrolatua izatea" da asmoa.
"Badakigu lasaitasun partziala dela. Haur gehienak etxean egon dira, kutsatuta egoteko probabilitatea oso txikia da. Irteera kontrolatua izatea proposatzen dugu eta gurasoen erantzukizuna eskatzen dugu", gaineratu du Monterok. "Haurrak gurasoekin atera ahal izango dira aurretik gurasoek egiteko aukera zuten zereginetan. Orain, adingabearekin egin ahal izango dituzte. Ez dago denbora-mugarik. Adingabeak helduarekin edo egunerokoan bizi den pertsonarekin joan behar du".
Europako gainerako estatuek eta hainbat nazioarteko osasun, pediatria eta psikologia erakundeek gomendatzen dutenari entzungor egin dio Pedro Sánchezen gobernuak. Eta hala, Espainiako Gobernuak haurrentzat ezarritakoek Europako neurririk gogorrenak izaten jarraituko dute.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.