EAErako ikasturte amaierako plana aurkeztu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta planak protagonismoa eman die ikastetxeen autonomiari, ikasturte amaierarako eduki funtsezkoak zein izan behar duten ere ikastetxe bakoitzak erabakitzeraino: “Ikastetxe bakoitzean, dagokion irakasle-taldeak edo departamentu didaktikoak lehentasuna emango die ikaskuntza-helburuei, edota egokitu egingo ditu, curriculuma emateko egungo baldintzetara; eta argi eta garbi adieraziko du zein diren lorpen-adierazle berriak, ikasturte honen amaierako ebaluazioan kontuan hartuko direnak. Zuzendaritza-taldeak eta erreferentziazko ikuskatzaileak bilerak izango dituzte maiatzeko lehen hamabostaldian, eta bilera horietan ikastetxeak proposatutako ebaluazio-prozesua aztertu, baloratu eta legitimatuko da”.
Ebaluatzeko bi aukera jarri dizkie mahai gainean ikastetxeei: batetik, hirugarren ebaluazio espezifiko bat egitea, hirugarren hiruhilekoan helburuak eta gaitasunak lortu al diren baloratzeko (ikastetxe bakoitzak erabakiko du ebaluazio hori nola egin, aurrez aurre, azterketa bidez, lanak eginez…). Bestetik, amaierako ebaluazio integratua egitea, eta ez presentzialki eman diren klaseak gehitzeko balioa izatea.
Dena den, Uriartek azpimarratu du eskola presentzialak bertan behera gelditu zirenean ikasturtearen bi heren emanak zeudela dagoeneko eta “irakasleek nahikoa informazioa badutela ikasleen bilakaera ebaluatzeko”; lehen bi ebaluazio horiek izango dira oinarria, azken kalifikaziorako. “Ikasleek errepikatzea ez dadila izan konfinamenduak eragindako desorekaren ondorio”.
Aurrez aurreko hezkuntza-jardueran zeuden bitartean aurreikusitako helburuak lortu ez dituzten ikasleen kasuan, “ikasturteko azken hiruhilekoan helburu horiek lortzeko egingo da lan”.
Errepikatzea Ikuskaritzak onartu beharko du
“Irakasle-taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzako hezkuntza-neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, ikasle horren txosten indibidualizatua egin beharko du, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita”. Hezkuntza Ikuskaritzaren ardura izango da errepikapenak konfinamenduarekin zerikusirik ez duela bermatzea.
Oporretan eta irailean, errefortzua
Bai ikasturte honen amaieran, bai hurrengoaren hasieran errefortzuak aurreikusi ditu Uriartek. “Arreta berezia eskainiko zaie online prestakuntzarako aukerarik izan ez duten ikasleei, desabantailan egon ez daitezen. Gomendagarria da, oro har, udako oporretan indartze- edo errekuperatze-lanak agintzea. Irailak indartze-izaera argia izango du”.
Ikastetxeetarako itzuleran nork du lehentasuna?
Agertoki ezberdinak aurreikusi ditu Jaurlaritzak, pandemiaren bilakaerari lotuta beti ere. Itzulera horretan, lehentasuna 4. DBH eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleek izango dute eta horiek ikasturte honetan aurrez aurreko eskoletara bueltatzea aurreikusten du Hezkuntza sailburuak. “DBHko 4. mailaren eta Batxilergoko 2. mailaren kasuan, ikasleek titulu ofizial bat lortzen dute, eta Batxilergoko 1. mailan, ikasleek prestakuntza handia behar dute Batxilergoko 2. mailara igaro aurretik”.
Lanbide Heziketari dagokionez, lehen mailetako ikasleak itzuliko dira ikasgeletara. 2. mailako ikasleak enpresetara itzuliko dira. Hori egingarria ez balitz, online eta aurrez aurreko prestakuntza-sistema misto berri bat eskainiko zaiela azaldu du sailburuak, salbuespen gisa.
Uriartek ez du argitu zein irizpide hartuko liratekeen kontuan itzulera horretan, ikasle kopuruari, distantziari eta abarri dagokionez. Osasun sailak adierazitako irizpideak jarraituko dituztela esan du.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.