Elkarrizketak

“Egoerak bide berriak probatzeko balio izan digu”

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 14a, 16:00

Lehen Hezkuntzako umeak eskolan lanean ordenagailuakaz, artxiboko irudian. ARGAZKIA: SAN NIKOLAS IKASTOLA

Bizkaiko hezkuntza-zentro denak itxi eta etxetik eskolak emateko dekretua ezarri zuen joan den martxoaren 12an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hala, aurrez aurreko irakaskuntza urrutikora pasatu da eta, ondorioz, irakasleek euren jarduteko moduak egoera horretara egokitu behar izan dituzte. Horren nondik norakoak ezagutze aldera, Algortako San Nikolas ikastolako Eleder Butron irakasleagaz berba egin dugu. Horrek azaldu digunez, jardunbide berrira moldatu ondoren, uneotan duten "kezka nagusiena" da ikasturtea zertan geratuko den jakitea. 

Zelan hartu zenuten irakasleek etxetik lan egin behar izateko neurria?

Araban atzemandako lehenengo kasuen ondorioz hartutako neurriak ikusita, horiek gurean ere ezarriko zirela argi genuen eta Hezkuntza Sailaren dekretua jaso aurretik, egoerari aurre egiteko zelan funtzionatu aztertzen hasi ginen. Egia esan, itxiera aste horretan, Hezkuntza Sailetik jasotzen ziren berriak arretaz jarraitzen egon ginen.

Prest zeundeten egoera horri aurre egiteko?

Horrelako egoera denontzat da berria eta zaila da horri aurre egiteko prest egotea. Hala ere, lehenengo albisteak entzun genituenean, berehala hasi ginen etor zitekeen egoera nola kudeatu pentsatzen, nahiz eta ez jakin zein neurri ezarriko ziren.

Ikasleekin nola lan egin eta batez ere, guretzat funtsezkoa den ikasleekiko hurbiltasun hori nola bermatu genezakeen hausnartzen jardun genuen etxeratze aurreko aste horietan.

Ordutik, zein neurri hartu dituzue ikasleen hezkuntza bermatzeko? Zer tresna erabiltzen dituzue?

Martxoaren 12an, eguerdian egin zuten agerraldia agintariek. Ikastola itxi eta ikaste prozesua etxetik bideratu beharko genuela jakin genuen orduan. Hori dela eta, eguerdian erabaki behar izan genuen zer mezuak emango genizkien ikasleei. Ikasmaterialak etxera eraman zitzatela eskatu genien. 5. mailatik gorako ikasleek ordenagailu bana dute ikastolan erabiltzeko eta horiek, gurasoek bideratutako eskarien bitartez, hurrengo egunetan etxera eramateko aukera ere eskaini zitzaien.

Martxoaren 13an, ostiralean, guraso eta ikasleei nola funtzionatuko genuen azaltzeko dokumentu bat helarazi zitzaien eta astelehenetik aurrera martxan jarri ginen. Funtzionamendua antzekoa izan arren, ikasleen adinaren arabera, alde txikiak egon dira lan egiteko moduan.

"Alderdi akademikoari lotutako proposamenez gain, hasieratik garapen integralari bere tokia eskaini nahi izan zaio eta, horretarako, plataforma digital baten bidez maila bakoitzari egokitutako proposamenak eta erronkak planteatzen zaizkie ikasleei"

Lehen  Hezkuntzako  lehenengo  lau  mailetarako,  ikastolan  erabiltzen  dugun  plataforman eskegi dira ikasleei zuzendutako lan proposamenak.  Gurasoei  emailez  komunikatzen zaie  lanak  noiz  dituzten  eskuragarri. Horiek bi-hiru egunik behin eguneratzen dira. Maila horietan, lanak eskuz egin beharrekoak izaten dira edo eskainitako bideoetan azaltzen diren dinamikak bete behar izaten dituzte.

Alderdi akademikoari lotutako proposamenez gain, hasieratik garapen integralari bere tokia eskaini nahi izan zaio eta, horretarako, plataforma digital baten bidez maila bakoitzari egokitutako proposamenak eta erronkak planteatzen zaizkie ikasleei; adimen emozionala, sormena eta mugimendua bezalako esparruei lekua eginez.

Horrez gain, eta ikasleen alderdi emozionala hasieratik bermatu nahi izan delarik, bai tutoreek bai espezifikoek ere bideo-deiak izaten dituzte ikasleekin. Horiek bakarka zein talde txikietan jorratzen dira eta hasieran kontaktua mantendu nahi izan bada ere, denborak aurrera egin ahala, interakzio horietan, jolasak, solasaldiak, ipuin-kontaketak eta antzekoak egiteko aukerak zabalduz joan dira.

Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailetako ikasleek ordenagailuekin lanean aritzeko ohitura dute eta, beraz, ezagutza informatiko nahikoa dute lanak burutzeko. Hori kontuan izanik, Googlek eskaintzen duen Classroom zerbitzua baliatzen dugu saio birtualak emateko. Lan batzuk paperean egitekoak dira eta beste batzuk ordenagailuz egin beharrekoak. Eguneroko lanari ematen diogu garrantzia eta ikasleen jarraipen zuzena eta egunerokoa egiten dugu. Hala ere, gobernuaren erabakien arabera, ebaluatzeko eran moldaketak egiteko beharra izan dezakegula ere aurreikusten dugu.

Eskolen ordutegia mantendu gura izan duzue?

Bai, goizero, ordutegi zehatz bat ezarri dugu eta dokumentu batean helarazten dizkiegu egitekoak. Ikasgai bakoitzari dagokion orduan, irakasleok konektatua egoten gara eta ikasleek aukera dute sortzen zaizkien zalantzak galdetzeko. Horrez gain, ahal den heinean, ikasleekin aurrez aurreko harremana izaten jarraitzeko beharra ikusi genuen, gure ustez, irakaslearen figurarekin kontaktua ez galtzea ezinbestekoa baita. Hori bideratzeko, Googlek dituen Hangouts eta Meet aplikazioak erabili ditugu tutoretzako bideo-deiak egiteko, taldeka zein bakarka.

"Lehen, ikasleak ebaluatu ahal izateko, eguneroko lanari garrantzi handia ematen bazitzaion, orain are gehiago"

DBHn, aldiz, zelan moldatu dituzue eskolak?

Bi asterako plangintza antolatu zen, arlo tronkalak ardatz nagusi bezala hartuta; hiru hizkuntzak, bio-geo-fisika, mate eta gizarte. Horretaz gain, maila guztietan mantendu dugu ordu beteko tutoretza saioa. Egoera hau luzatu egingo denez, ordutegia eta arloen kudeaketa nola birmoldatu hausnartzen ari dira.

Baliabideei dagokienez, ikasleek liburu digitala erabiltzen dute ikastolan; beraz, horrek erraztu egin die online eskolak eman ahal izatea. Momentu honetan duten erronketako bat zera da: irakasle-ikasle komunikazioa modurik eraginkorrenean kudeatzeko bidea aurkitzea. Horretan laguntzeko IKT departamentutik Hangouts eta Meet aplikazioak instalatu dizkiete irakasleei ikasleekin erosotasunez lan egiteko.

Zaila izaten ari da etxetik klaseak ematea?

Argi dago ez dela aurrez aurreko hezkuntzaren parekoa; izan ere, ikasle-irakasle harremana ez da berdina pantaila baten atzean egonda. Egitekoak berrantolatu egin behar izan ditugu, asko eta asko liburu fisikoan egitekoak izan baitira. Ikasmaterialak digitalizatzen lan handia egiten ari gara, ikasleei ahalik eta modurik egokienean helarazteko. Azalpen bideoak ere sortzen ari gara era argienean emateko.

Hala ere, egoera honek bere alde onak ere baditu, ikasleek eta irakasleok baliabide teknologikoetan gehiago trebatzen ari garelako.

"Prozesu zail honetan irakasle-ikasle-guraso harremana ezinbestekoa da eta ikastolatik behin eta berriro saiatzen gara hori bermatzen"

Zelakoa izaten ari da ikasleen jarrera horrekiko?

Ikasleek, oro har, gustuko izaten dute ordenagailuekin aritzea eta, alde horretatik, nahiko gustura daudela esango nuke. Hala ere, hasieran gehienbat, funtzionatzeko modua berria izan da denontzat eta ikasleek denbora behar izan dute horrela lan egiteak eskatzen duen mekanikara ohitzeko.

Gure ustez, autonomia maila garatzeko baliagarria izan daiteke funtzionatzeko era hau eta ikasleek, oro har, mezu hori jaso dutela esango nuke, normalean lanarekin duten ardura handiagoa izan behar baita.

Eta gurasoena?

Gurasoekin hitz egiteko "guraso egunak" mantendu ditugu. Bilera horietan gurasoak eta ikasleak elkarrekin egoten dira eta oso aberasgarriak dira. Gurasoen aldetik, ikastola mailan egiten ari garen ahalegina eta lana eskertzeko mezuak jaso izan ditugu eta horiek beti dira ongi etorriak. Jeneralean, erantzuna ona izan da.

Internet etxean izatea gakoa da...

Orokorrean, ikasleek etxean Internet erabiltzeko aukera dute eta, egoera hau hasi aurretik ere, etxetik Interneten aritzeko ohitura bazuten. Hala ere, kontziente gara familia bakoitzaren egoera desberdina dela eta, egon daitezkeen zailtasunei aurre egiteko, ikastolak dituen baliabide guztiak eskuragarri jartzen saiatu gara egoera hau ahalik eta modurik erosoenean aurrera eramateko.

Horren aurrean arazorik izan duzue?

Horrelako kasuren bat egon denean, ikastola familiarekin harremanetan jarri da telefono bidez eta denon artean irtenbideak aurkitzen saiatu gara.

"Gurasoen aldetik, ikastola mailan egiten ari garen ahalegina eta lana eskertzeko mezuak jaso izan ditugu eta horiek beti dira ongi etorriak"

Martxoan amaitzekoa zen konfinamendua luzatu egin da azkenean...

Zalantzarik gabe, egoera hau denontzat da zaila, etxean sartuta egon behar izatea ez baita gustukoa, eta are gutxiago kalean egoteko ohitura handia duen gurea bezalako gizarte batentzat. Hala ere, egoera honi irtenbidea emateko denok egin behar dugu ahalegina eta neurri zorrotzak bete egoera normaltasunera lehenbailehen itzultzeko. Uste dut, egoera hau gerta zitekeela kontuan izanda, neurriak lehenago hartzea bazegoela, baina argi dago honelako aldrebeskeriak kudeatzea ez dela erraza. Uste dut, egoera honek agerian utzi dituela gure osasun sistemako gabeziak.

Zelako eragina izango du ikasleen hezkuntzan etxetik lan egin behar izateak?

Ikasleek etxetik lan egin behar izatea ez da ikastolara joatea bezala, hori argi dago, baina denak ditu bera alde txarrak eta alde onak. Ikasleekin hitz egitean, gertakari hau ikuspegi baikorrarekin ere ikusten dute. Lehen aipatu dudan autonomia garatzeko edo baliabide teknologikoekin dituzten trebeziak hobetzeko aukera dutela ikusteaz gain, familiarekin denbora gehiago pasatzen dute eta aurretiaz hainbeste baloratzen ez zituzten gauzei balioa ematen hasi dira.

Momentu honetan dugun kezka nagusiena da ikasturtea zertan geratuko den jakitea. Egoera zehaztugabe honek urduritasuna areagotzen du ikasleengan, gurasoengan eta irakasleengan. Goiz da honek ikasleen hezkuntzan zer ondorio izan ditzakeen zehatz aurreikusteko, baina, momentuz, ahalik eta aldarterik onenarekin bideratzen ari gara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun