Egoera gordina da emakumeentzat. Tratu txar fisikoak indarkeriarik bisualena badira ere, beste hainbat indarkeria mota sufrituko dituzte datozen hilabeteotan NBEren agentzia honek argitaratutako txostenaren arabera. Datorren hamarkadan 5,5 milioi mutilazio genital gutxiago egitea espero bazuten ere, datu hori heren bat jaitsiko dela adierazi dute, eta datozen hamar urteetan hamahiru milioi adin txikiko ezkontzera derrigortuko dituztela aurreikusi dute.
Haurdunaldien kasuan ere gorakada espero da: kalkuluen arabera 114 herrialdetako 44 milioi emakumek ez dute antisorgailurik hartzeko aukerarik izango. Horri batu behar zaio hainbat herrialdetan abortu klinikak ixteak eragingo duen egoera. Guztira espero gabeko hiru milioi haurdunaldi, 2,7 milioi abortu klandestino eta haurdunaldiari lotutako 11.000 heriotza espero ditu Nazioarteko Gurasotasun Planeatuaren Federazioak.
“Guztiz tamalgarria”
Natalia Kanem UNFPAko zuzendari exekutiboak datu horiek “guztiz tamalgarritzat” jo ditu. Orain arte egindako ahalegin guztiak pandemiak txikitu dituela adierazi du, eta kezkatuta azaldu da.
Azaldutako datu horiek nabaritzen hasi direla adierazi du, haurdunaldian hildako emakume kopurua nabarmen hazi baita jada zenbait herrialdetan, iazko zifra hirukoizteraino. Ez hori bakarrik: adin txikiko emakumeen ezkontzak ere hazi egin dira.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.