Datozen hilabeteetan aurrekontuak murriztuko dira. Kulturaren diruarekin, gainontzeko sektoreei lagunduko diete. Azken batean, itxaron daiteke
Egungo krisia ikuskizunek eta publikoarekin lotutakoek larri pairatu dute. Bat-batean ezer gabe geratu dira, eta epe luzerako ere, ezer gabe. Nork uste du antzokiak berriro beteko direla? Kulturako beste arlo batek oraindik bizirauten du. Askok bere lanarekin jarraitzen dute, ikerketak eta txostenak egiten eta mundua aztertzen. Hala ere, badakite berehala krisiaren zama horien gainean eroriko dela. Datozen hilabeteetan aurrekontuak murriztuko dira. Kulturaren diruarekin, gainontzeko sektoreei lagunduko diete. Errestaurazioak, ikerketak erakusketak… geldituko dira. Azken batean, itxaron daiteke.
Txarrena da hedabide guztiek normaltzat hartzen dutela kulturaren hondamendia. Naturala da, antza. Kultura, aldiz, ez da sektore komodina, ezta diru-erreserba ere; identitatea, ezagutza, ondarea eta gizarte-eraikuntzaz gain, pertsona asko daude atzean. Beti bezala, alferrik kexatuko gara. Zergatik kanpoko proiektuak itzelak dira eta hemengoak bigarren mailakoak? Berton kultura-ehuna haiek bezala zaintzen dugu edo? Zorionez, lehenengoz, Kultura Sailak kulturaren krisiaren kontrako laguntza bereziak iragarri ditu. Handiak edo txikiak, sektorea duintzeko ezinbestekoa. Ez dago turismoa soilik.