Hizkuntzaren zalantzategia

Hil edo/ala biziko kontua dugu esku artean

Eunate Muruaga 2020ko mai. 11a, 08:00

Edo eta ala. Bi juntagailu horiek erabiltzeko orduan zalantzak izan ohi ditugu: noiz erabili bata eta noiz bestea? Biak modu berean erabil daitezke? Alegia, berdin da bata zein bestea erabili? Galdera horiei argi pixka bat ematera nator artikulu honetan.

Juntagailu hautakariak dira biak, baina euren arteko ezberdintasuna azaltzeko, bi puntu hartu beharko genituzke kontuan: zein motatako esaldietan agertzen diren eta zein motatako aukera adierazten duten. Horiek horrela, esan daiteke edo erabiltzea beti dela zilegi; erabilera zabalagoa du eta markatugabea da. Ala, berriz, markatuagoa da. 

Hortaz, edo eta ala bereizi nahi badira, ala-ren erabilera eremua finkatzea izaten da errazena. Honela dator definituta Euskaltzaindiaren Hiztegian: "Galderetan eta zehar-galderetan, elkar baztertzen duten aukerak lotzen direnean, edo-ren ordez erabil daitekeen hitza". Beraz, galderetan erabili ohi da (zuzeneko nahiz zeharkakoetan), galdegai diren osagaiak juntatzeko: Zer nahi duzu, ura ala ardoa? Aitarekin ala amarekin joango zaren jakin nahi dut. Esaldiak ere junta ditzake, betiere bien artean galdera bakarra osatzen badute: Etxean geldituko zara ala gurekin etorriko zara sagardotegira? 

"Ala", aukera gehiago markatzeko

Batzuetan, gainera, aukerak areago markatzeko erabili ohi da ala, hautakari gisa, edo ere zilegi den tokian. Horiek, funtsean, zehar-galdera modukoak direla esan daiteke, horregatik da egokia ala erabiltzea: Zeuk ikusi izena hatxerekin jarri edo hatxerik gabe. Berdin-berdin: Zeuk ikusi izena hatxerekin jarri ala hatxerik gabe. Beste bat: Izan edo ez izan: horixe da kontua. Izan ala ez izan: horixe da kontua.

Galderetatik kanpo ala-k badu beste erabilera bat, Iparraldean bereziki ematen dena adierazpen-perpausetan. Nahiz eta zein juntagailuen pare erabiltzen da orobatasuna adierazteko, hau da, askotan antonimoak diren osagaiak juntatzen ditu, baina ez du aukera esklusiboa adierazten; aipatzen direnak parekoak zaizkigula adierazten du, berdintsu zaigula bata zein bestea, alegia. Hona hemen adibide bat: Berdin zait nire lagunak aberats ala pobre izan. Hala ere, ez ahaztu erabilera horietan guztietan edo beti dela zilegi.

Noiz ez den "ala" erabili behar

Ala noiz erabil daitekeen aipatu dugu orain arte. Goazen orain aipatzera noiz ez den komeni erabiltzea. Ala juntagailua ez da erabiltzen galdera partikulak juntatzeko. Adibidez: Zerk edo nork ikaratu zaitu? Eta ez: *Zerk ala nork ikaratu zaitu? Bestalde, bi esaldietan edo agertzen den egitura motetan ez da komeni ala erabiltzea. Ikus dezagun adibide bidez hobeto ulertzeko: Edo denok elkartzen gara, edo hemen ez dago zer eginik. Horrelakoak ez dira ala-rekin eman behar: *Ala denok elkartzen gara, ala hemen ez dago zer eginik

Badaude zenbait esaldi aukera adierazten ez dutenak, nahiz eta elkarren kontrakoak izan. Zein da egokia: hil edo biziko auzia ala hil ala biziko auzia? Euskaltzaindiak dio zuzenak direla bi esapideak

Azkenik, badaude zenbait esaldi egiazki aukera adierazten ez dutenak, nahiz eta berez elkarren kontrakoak izan. Esate baterako, zein da egokia: hil edo biziko auzia ala hil ala biziko auzia? Euskaltzaindiak dio zuzenak direla bi esapideak, baita erabilgarriak ere. Hala ere, aldaera estandar gisa, hil edo bizi-ren alde ageri da, eta horixe gomendatzen da hainbat estilo liburutan ere. Horregatik ikusi dut egoki atal honetan sartzea.

Gisa horretakoak dira beste adibide hauek ere: Goiz edo berandu, ikasiko du. Lehentxeago edo geroxeago, etorriko da. Salbazioko edo kondenazioko epaia ematen dute irakasleek ere kurtso-amaieran. Testu motaren arabera, modu batera edo bestera agertzen dira ezaugarriak.

Hautakaria beharrezkoa ez bada, ez erabili

Batzuetan, baina, juntagailu bi horiek ez dira egoki erabiltzen, emendiozko juntagailu baten ordez ematen baitira. Ez dira zuzenak honelakoak, ala erabili zein edo erabili: *Ez da gauza bera «hogei ber bi» ala «hogei bider bi». Kasu horretan okerra da hautakaria; bi terminoren gainean ari da, ez aukera adierazten. Beraz, hau da forma egokia: Ez dira gauza bera «hogei ber bi» eta «hogei bider bi». Beste adibide bat: *Han ziren Agirre, Arangoa edo Arrieta bezalako idazle ezagunak. Hona hemen modu egokia: Han ziren zenbait idazle ezagun, hala nola Agirre, Arangoa eta Arrieta. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun