Hizkuntzaren zalantzategia

Hizkuntz maileguak: zergatik koronabirus, eta ez koroabirus?

Eunate Muruaga 2020ko mar. 28a, 12:53

Egunotan gai bakarra dabil guztion ahotan: koronabirusa. Zeresan handia eman du gaixotasunak, baina baita hitzak berak ere, euskaraz behintzat. Izan ere, hainbatetan entzun izan da zergatik erabili behar dugun "koronabirus" hitza eta ez "koroabirusa", birusa inguratzen duen “koroak” ematen badio izena. Bada, eman zaion izen zientifikoa Covid-19 izan da, ingeleseko corona virus disease (koronabirus gaitza) akronimotik sortutakoa. Hori, era berean, latinetik hartua izan da, corona, alegia. Hortaz, halakoetan ez dago zertan hitza asmatu, ez euskaraz ez beste hizkuntzetan ere.

Horren adibide da beste hizkuntzek ere zer nolako joera hartu duten gaixotasuna izendatzeko orduan. Ingelesez coronavirus da, ez crownvirus; frantsesez ere coronavirus, eta ez couronnevirus; alemanez, Coronavirus singularrean eta Coronaviren pluralean, ez Kronevirus... Hortaz, euskaraz ere “koronabirus” onartu da, euskal grafia erabilita.

Hori guztia aitzakiatzat hartuta, maileguen inguruan arituko natzaizue oraingoan; azken aldian hitz edo termino “berri” asko entzuten ari baikara: konfinamendu, berrogeialdi, urruntze sozial, telelan...

Maileguak terminoak sortzeko mendetan zehar hizkuntzek erabili izan dituzten baliabideetako bat dira. Euskarak ere bai. Hizkuntzen arteko hartu-emanek sorrarazten dute horien beharra. Euskara bi hizkuntzaren eraginpean dago bereziki (frantsesa eta gaztelania), eta horietatik jaso dugu mailegu gehien. Formari dagokionez bi hizkuntza horiek bat egiten badute, forma hori erabiltzen da euskaraz ere. Hala ere, zenbaitetan, hizkuntza batetik sortutako mailegua ez dator bat beste hizkuntzatik sortuarekin. Esaterako, nola esan behar da euskaraz, laberinto ala labirinto? Gaztelaniaz laberinto da eta frantsesez, berriz, labyrinthe. Halakoetan formaren nazioartekotasuna da aukeratzeko irizpidea: eu: labirinto; es: laberinto; fr: labyrinthe; en: labyrinth; pt: labirinto. Gauza bera gertatzen da orkestra, krokodilo eta pneumatiko hitzekin ere. Forma horiek erabaki dira nazioartekotasun-irizpideak jarraituta.

Irizpide hori bera erabili ohi da, era berean, erreferente bererako bi mailegu ditugunean, bata frantsesetik eta bestea gaztelaniatik hartuak. Hori da, hain zuzen ere, euskaraz *kirofano hitza ez onartzeko arrazoia: eu: operazio-gela, ebakuntza-gela; es: quirófano; fr: salle d’opèration; en: operating room; pt: sala de cirurgia. Mailegu batzuen kasuan, ordea, formari eustea erabaki da: curriculum, corpus, ratio, robot...

Bestalde, Euskaltzaindiak jasota ditu egokitzapen-arau eta -irizpide batzuk mailegu berriekin erabili beharrekoak. Ikus ditzagun, labur, horietako batzuk:

Erdaraz hasieran r- eta bokala duten hitzei euskarak protesi-bokala jarri ohi die: arratoi, arropa, erradioaktibitate, errotazio, erregulazio... Baina ez dute bokalik hartu behar hitzaren hasieran egon ezean: korrelazio (*koerlazio), mutarrotazio (*mutaerrotazio), autorretratu (*autoerretratu)... Arau hori ez da betetzen, ordea, sigletan eta izen berezietan: radon, ranking...

Erdaraz hitzaren bukaeran -s duten hitzen maileguetan, euskaraz -s gabe hartzen dira: tiroide, analisi, paralisi, tuberkulosi... Salbuespena -itis bukaera dutenak dira, bere horretan geratzen baitira: amigdalitis, apendizitis, bronkitis, meningitis... Erdaraz hitzaren bukaeran a- dutenen kasuan, kontrakoa gertatzen da, hau da, hitz mailegatuak eutsi egiten dio -a horri: erreferentzia, agentzia, simetria, ekonomia...

Zenbait araurekin edo erabakirekin, baina, zalantza sortu izan da. Esate baterako, nola idatzi behar da: diziplina ala disziplina? Irizpideak dio -sc- kontsonante bilkura -sz- erabilita jaso behar dugula euskaraz: bioluminiszentzia, deszifratu, fluoreszente... Dena den, hor salbuespenak daude: diziplina (*disziplina), dizipulu (*diszipulu) eta horietatik eratorritako izen eta aditz guztiak (autodiziplina).

Azkenik, gogoratu -nm- kontsonanteak -mm- idatzi behar dugula mailegatutako hitzetan: gamma, immunitate, immigrante, kommozio, immaterial...

[Beheko aldean dituzu Hizkuntzaren Zalantzategia atalean orain arte argitaratutako artikulu guztiak]

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun