Berangoko Batzokian agertutako pintadetako batean, zehazki, salatu egiten da Ibai Aginagaren egoera, hau da, Patxi Ruizegaz elkartasunez itxialdia hasi duen preso berangoztarrarena. Ruizen greba aipatzen da ere Algortako Batzokian eta Sopelako PSEren egoitzetako aldarrietan. Oro har, EAJk eta PSOEk espetxe-politikari dagokionez duten jarreraren aurkako eta amnistiaren aldeko mezuak agertu dira lau pintadetan.
Bizkaiko PSE-EEk gogor salatu du jazotakoa. "Herriko Etxeei egindako erasook ez dute inongo helbururik lortuko", esan du Mikel Torresek, sozialisten Bizkaiko idazkari nagusiak, orain dela gutxi Portugaleten duten egoitzan izandako antzeko erasoa ere gogoratuz. Bide batez, Torresek elkartasuna adierazi dio EAJri.
"Erradikal horiek ez dakite errespetua eta bizikidetza zer diren", gaineratu du PSEko kideak, "eta hainbestetan bakean bizitza eskatu duen gizartearen nahiari entzungor egitea erabaki dute; haien erasoek ez gaituzte isilaraziko".
EAJren Bizkai Buru Batzarrak ere gaitzetsi egin du Uribe Kostako batzokiek jasandako erasoa. "Berriro egiten hasi dira garaiz eta lekuz kanpo dauden eta erabat ulertezinak diren jarduera mafiosoak, batzuek, ahoz behintzat, horren sakon defendatzen duten itxialdia urratzen dutenak”, adierazi dute jeltzaleek. Argitaratutako oharrean, Patxi Ruizen grebagaz eta horren inguruko egoera guztiagaz EAJk zerikusirik ez duela azpimarratu dute.
"Herritarrek eraikitzea eskatzen jarraitzen duten bitartean, batzuek jarraitzen dute demokrazian ez sinesten eta suntsitzeko gogoari eusten”, deitoratu du Itxaso Atutxa BBBko presidenteak, eta gogoratu du "EAJ-PNV foro ezberdinetan ari dela aldarrikatzen itxialdi honetan preso dauden pertsonen egoera zaindu behar dela”.