Koronabirusa Uribe Kostan

Zaintza- eta kontrol-plana jarri du martxan Osasun Sailak COVID-19ari aurre egiteko

Erredakzioa 2020ko mai. 15a, 13:22

Nekane Murga Osasun sailburua, artxiboko irudian.

COVID-19agaz bateragarriak diren sintomak dituzten pertsona denei PCR proba egingo zaiela jakinarazi du gaur Osasun Sailak. Hala aurreikusten du Nekane Murgak gaur goizean aurkeztutako konfinamenduaren arintze-faserako abian jarriko duten zaintza- eta kontrol-planak.

Osasun Sailak azaldu duenaren arabera, plan horren helburuak hurrengoak dira: COVID-19aren kasuak goiz detektatzeko sistema bat ezartzea; kasuen eta haien hurbileneko kontaktuen jarraipena egitea, ikuspuntu klinikotik eta epidemiologikotik; eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea. "Hala egin nahi da, komunitatean eta gizarte- eta osasun-zentroetan eta erakunde itxietan transmisioa eta kasuen multzokatzeak murrizteko".

Sailburuak azaldu duenez, planak Lehen Mailako Arreta du ardatz, bereziki Erizaintzako taldea; izan ere, hura sendotu egingo da eta, horretarako, Lehen Mailako Arretan eta Osasun Publikoan gaitasunak dituzten familia eta komunitateko 34 erizain espezialista kontratatuko ditu Osakidetzak.

Aurreikuspenen arabera, erizaintzako 150 profesional inguruk izango dute zeregin horretarako behar den prestakuntza. Gainera, ospitaleetako prebentzio-medikuntzako zerbitzuen eta osasun-zentroetako lan-osasuneko unitateen lankidetza izango du, bai eta Osalanena ere, lan-eremuan gertatzen diren kasuetarako.

Plan horretan jarduteko aurreikusten den protokoloak honako hauek ekarriko ditu:

  • COVID-19agaz bateragarriak diren sintomak dituen edozein pertsonari eskatuko zaio berehala PCRa, eta etxeko isolamendua aginduko zaio, harik eta emaitza ezagutu arte. Baten batek sintomak baditu, dagokion osasun-zentrora deitu beharko du hitzordua hartzeko, eta etxean egon beharko du, harik eta PCR proba egin arte.
  • Emaitza positiboa bada, kasua eta hurbileneko kontaktuak aztertuko dituzte Lehen Mailako erizaintzako langileek.

Kasuak eta kontaktuak aztertzeko, GO.DATA aplikazioa erabiliko da; aplikazioa Osasunaren Mundu Erakundeak sustatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun