Larrialdi Egoeraren erdi-erdian greba kulturala bizi izan dugu. Zer iritzi diozue horri?
ELENA NUÑEZ: Oso ondo iruditzen zait greba egitea, derrigorrezkoa zen egoera zein den ikusita. Baina, egia esan behar badut, ez dut asko nabaritu. Agian nire ingurukoek ez dutelako grebarik egin edo...
JOKIN SAN JOSE: Sistema ona da ikusarazteko jendeari kulturarik gabe askoz ere zailagoa dela bizitzan aurrera egitea.
XABIER SARASKETA: Sortzaileen mundua ekonomikoki gogorra izan ohi da, jendeak ez baitio daukan balioa ematen sortze-lanari. Askotan, gainera, kultura doakoa delako ideia izaten dute askok.
ANE RODRIGUEZ: Ez dezagun ahaztu kultura ez dela bakarrik zerbait sortu eta ekoizten dutenena; jasotzen eta kontsumitzen dutenena ere bada. Guztiona da. Horregatik, gizarte osoaren erantzukizuna da kultura babesteko aldarrikapenetan parte hartzea.
Azkenaldian asko entzuten ari gara musikaren munduan dabilen jendearentzat sormenerako une ona dela hau. Horrela dela uste duzue?
MARIA ARRIAGA: Uste dut sormena ezin dela halamoduz probokatu. Datorrenean dator, eta bestela... itxaron behar. Egia da orain inspirazioa datorrenean etxean gaudela gure gailu eta baliabide guztiekin, datorrena harrapatzeko, eta denbora nahikoa dugula datorrenari forma emateko.
X.S.: Sortzeko, nire ustez, bi gauza beharrezkoak dira: denbora eta estimuluak. Denbora soberan daukagu, baina estimuluak urriak dira... Beraz, batzuk ondo konponduko dira, baina beste asko ez. Ez dakit egoera honek momentu egokiak dituen; zalantza gehiegi eduki ditzakegu.
A.R.: Esango nuke baietz, baina, hala ere, ez da ahaztu behar musika-munduan dabilen jende asko ez dela musikatik bizi; jarduera musikal hori beste gauza batekin osatu egin behar dute diru-sarrera nahikoak izateko. Ez dezagun pentsatu musikariek eguneko 24 orduak dituztela eskuragarri sormenerako.
E.N.: Momentu hoberena da! Entseatzeko arazo handiak daude eta produktiboagoa da guretzat gauza berriekin hastea.
J.S.: Niretzat beti da momentu ona musika edo beste motatako artea sortzeko. Edozein egoerak lagundu ahal digu sormenerako. Beti ere kontuan izanda musikak gu erabiltzen gaituela instrumentu modura, eta ez alderantziz. Nire kasuan, konposatzen egon naiz egunotan, bai.
Konfinamendua hasi zenetik hainbat artistak sare sozialak baliatu dituzte euren sorkuntzak gizarteratzeko. Zer uste duzue horren inguruan?
E.L.: Nire ustez tresna ona da norberaren musika-taldea ikusarazteko. Gainera, besterik egiteko ez dagoen momentu hauetan, gauza originala iruditzen zait. Eta bestalde, esan beharra daukat gu, berez, ez garela sare sozialen oso zaleak...
J.S.: Oso metodo ona iruditzen zait edonolako artea ezagutarazteko; sare sozialak ez dira selfiak partekatzeko bakarrik. Konfinamendu honetan, bai erabili izan ditut tresna horiek, Instagram batez ere. Nire piezak jotzen agertzen naizen bideoak argitaratu ditut; era berean, nahi duenarentzat eskolak dohainik emateko baliatu dut. Hala ere, betidanik egin dut hori.
A.R.: Nahiz eta sare sozialak erabilgarriak izan, egoera honetan bereziki, uste dut kulturaz gozatzeko modurik onena, eta nire iritziz ordezkaezina, zuzeneko emanaldia dela.
Musikariontzat egoera berezia da hau; taldean jotzen duzuenok zelan moldatzen zarete zuen proiektuekin jarraitzeko?
E.L.: Gauza berriak sortzeko momentua heldu dela erabaki dugu. Konfinamendu honek eman digun aukera hartu dugu eta, nork daki, hau dana amaitzean baliteke disko berria ateratzea.
X.S.: Urrats, erromeria talde odura, geldirik dago orain, ez baitugu sorkuntza-lanik egiten. Zuzenekoetan oinarritzen dugu gure jarduna eta, entseguak egitea ezinezkoa zaigunez, pazientzia edukitzea dagokigu. Nire kasuan, buruan nituen ideiak garatzeko baliatzen ari naiz, baita musika-grabaketa eta produkzioan apur bat ikertzeko ere.
A.R.: Nik Musikalia bandan jotzen dut eta, ostiralero guztiok batera entseatzeko ez elkartu arren, proiektuak aurrera jarraitzen du, bakoitzak bere kabuz lan egin dezake eta. Horrez gainera, bandak abesti bat prestatuko du, bakoitzak bere burua etxean grabatuta; ondoren bideo denak collage batean elkartuko ditugu.
M.A.: Zaila den arren, badira egin daitezkeen gauzak. Batek ideia bat bota eta besteok garatu edo gure soinu-tresna sartzen dugu; bertsioak egin, bakoitzaren soinu-tresnari egurra eman...Eta bada gitarra jotzen ikasten hasi denik ere!
Azken asteotan jakin dugunez, Labana taldearen lan berria kalera atera duzue. Egoera honek aurretik zenuten diskaren aurkezpenean eragina izan du?
M.A.: Bai, azken batean, apirilean hasi behar genuen bira, eta egoera honekin ezinezkoa izan da. Gure lana kaleratzeko eta jendeak entzuteko zailtasunak izango genituela ikusita, lana kaleratzeko Interneta erabiltzea erabaki genuen. Horrela, Blacklist publikatu genuen duela gutxi. Zorigaitzez bizirik jarraitzeko dugun ia modu bakarra izango da hau.
Urrats erromeriaren kasuan, udaberria eta uda dira garairik oparoenak. Zelan ikusten duzu egoera?
X.S.: Aurtengo denboraldirako ez dugu esperantza handirik egia esan. Esan bezala, gure lana zuzenekoetara zuzendua dago eta ez dirudi aukera askorik edukiko dugunik horretarako. Hala ere, alaitasunez hartu beharko dugu. Azken batean lan handia ematen diguten arren, oso gustora egiten ditugu udako kontzertuak, eta pena handia ematen digu aurtengo emanaldi asko bertan behera utzi behar izateak.
Zelan deskribatuko zenukete egoera, berba gutxian?
E.N.: Sorkuntzaren momentu bikaina.
X.S.: Ziurgabetasuna eta hutsunea.
M.A.: Pertsonak sentitzeko beharra.
J.S.: Kristolako lasaitasun nazkagarria.
A.R.: Ziurgabetasun garaian, musika lagungarria da.
Elena Nuñez
Serpiente taldeko bateria-jolea
Jokin San Jose
Trikitilaria
Xabier Sarasketa
Urrats erromeriako baxu-jolea
Ane Rodriguez
Musikaliako oboe-jolea
Maria Arriaga
Labana taldeko bateria- eta gitarra-jolea