Koronabirusa Uribe Kostan

Hondartzetan COVID-19aren transmisioa gutxitzeko prebentzio-neurrien gidaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2020ko mai. 25a, 09:49

Gidan distantzia soziala errespetatzera bideratutako neurri kolektiboak deskribatzen dira, besteak beste.

Erreka, laku eta igerilekuetan, beste lekuetan bezala, COVID-19a kutsatzeko bide nagusia eztulagaz eta doministikuagaz sortzen diren arnas-jariakinak eta pertsonen arteko kontaktua da. Aisialdiko jardueretan, bainurako baldintza estandarrak dituen uragaz kontaktua izateagatik koronabirusak eragindako infekzioa ez dirudi oso gertagarria denik, adituen arabera.

Konfinamendua arintzeko 2 Fasean sartu gara gaur, astelehenean. Hala, besteak beste, hondartzan egon eta bainatzeko aukera izango dute uribekostarrek orain. Kontuak hala, eta batez ere udari begira, hareatzetan COVID-19aren transmisioa gutxitzeko prebentzio-neurrien gidaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Horretan, besteak beste, azpimarratzen da herritarren eginkizun aktiboa eta arduratsua funtsezkoa dela hondartzak behar bezala erabil daitezen, eta nabarmentzen du hartu beharreko prebentzio-neurriei buruzko sentsibilizazioa eta komunikazioa areagotu behar direla. Gidan hamar gomendio edo aholku nagusi ematen dira, hala nola distantzia soziala mantentzea, hondartzan denbora gutxiagoan egotea ahalik eta pertsona gehienek erabili ahal izan dezaten, adingabeak zaintzea, informazioa izatea, hondartzan egoteko ezartzen diren baldintza berriak kontuan izatea eta salbamendu- eta sorospen-zerbitzuen gomendioei jaramon egitea.

Bestalde, agirian distantzia soziala errespetatzera bideratutako neurri kolektiboak deskribatzen dira, hondartzetako zerbitzuak eta ekipamenduak, hala nola komunak, aldagelak, dutxak eta hankak garbitzeko iturriak, hamakak…., erabiltzeko baldintzak eta gomendioak zehazten dira, eta garbiketa- eta desinfekzio-neurriei buruzko azalpenak ematen dira.

2020ko denboraldian, aurrekoetan bezala, Osasun Sailak bainurako lekuen osasuna zaintzeko programa jarriko du martxan, eta, besteak beste, uraren kalitatearen analisiak eta kontrolak egingo ditu, araudian ezarritako parametroei eta maiztasunei jarraituz, hondartza-inguruaren egoera higieniko-sanitarioa zainduko du eta emaitzen berri herritarrei emango die.

Irizpideen gida ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun