Astelehenetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egongo den egoera azaltzeko agerpena egin dute Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Tapiak esan duenez, bigarren fasera "sendo eta osasun ikuspegitik lasai" igaro dira.
Astelehenetik aurrera jarraitu beharreko neurriak ere iragarri ditu. Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, orain arteko ordutegiak kenduko dira, baina eguneko ordu batzuk 70 urtetik gorakoentzako eta pertsona «zaurgarrientzako» mantenduko dira: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Aldiz, probintzien arteko mugikortasunak mugatuta jarraituko du, eta adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan arrazoiengatik baimenduta egongo da probintzien artean mugitzea, baina ez aisialdirako.
Etxean biltzeko aukera egongo dela ere iragarri du Tapiak, gehienez ere hamabost pertsona. Horiek familiakoak nahiz lagunak izan daitezkeela zehaztu du Tapiak. Lokal pribatuetan eta erabilera publikoko gure irekietan biltzeko aukera ere egongo da. Topaketa horiek distantziak eta prebentzio baldintzak betez egin beharko direla zehaztu du.
Tabernek kanpoan eta barruan zerbitzua ematekoa aukera izango dute, gehienez %50eko edukierarekin, mahaien artean bi metroko tartearekin eta guztiak eserita. 400 metro karratu baino gehiagoko zentro komertzialak irekiko dituzte, gehienez ere %40ko edukierarekin. "Hurbileko merkataritza jarduerarekin jarraituko da, gehienez ere %40ko edukierarekin".
Elkarte gastronomikoek eta «txokoek» ere irekitzeko aukera ere izango dute. Ostalaritzan bezala, gehienez ere %50eko edukiera edukiko dute, eta bi metroko tartea egongo da mahaien edo mahai multzoen artean. Garbiketa eta desinfekzioan ere ostalaritzaren arautegi bera bete beharko dute.
Kulturaz eta aisialdia gozatzeko aukera pixka bat zabalagoa izango da astelehenetik aurrera. Museoetan %50era arteko edukiera egongo da baimenduta, eta heren bateko edukiera izango dute, kultur etxeek, antzokiek eta zinenek, 50 pertsonako mugarekin.
Hezkuntzari dagokionez, datorren astelehenetik hezkuntza eta formakuntza berriro hasiko dela esan du Tapiak. Ekainean irakasle eta gainerako langileak itzuliko dira ikastetxeetara. Azterketa ofizialak egiteko aukera egongo da, esaterako, HABE azterketak. "Erantzukizunez" jokatzeko eskatu du Tapiak.
Gustura agertu da Murga datuen joera «positiboa» delakoan. Azaldu duenez, hamahiru kasu berri egon dira –lau Araban eta bederatzi Bizkaian. Beste zazpi lagun hil direla ere iragarri du. Hala ere, prebentzio neurriak mantentzeko beharra azpimarratu du.
Berria-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.