Hondartzen okupazio-maila kontrolatu eta koloreen bidez jakinaraziko zaie erabiltzaileei

Unai Brea 2020ko mai. 26a, 21:05

Bizkaiko Foru Aldundiak eta hondartza duten herrialdeko udalek horien erabilera-arauak adostu dituzte ekainaren 15ean hasiko den denboraldirako. Pertsonen arteko distantzia errespetatu beharko denez, "ahalik eta herritar gehienek hondartzez gozatzeko" neurriak ezarriko dituzte, besteak beste jende asko pilatzen hasten denean horretaz ohartaraztea, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru ordu eman ahal izatea bertan.

Hondartzen erabilera-ordutegia ohikoa izango da, 11:00etatik 20:00etarakoa. Bitarte horretan ezin izango da kirolik egin (palak, boleibola...),  "osasun-arloko agintariek une bakoitzerako ezarritako segurtasun-tartea gordetzearren". Aldundiak gaineratu duenez, "agintari horiek zehaztuko dute zenbat pertsona joan daitezkeen talde batean hondartzara, eta talde horiek errespetatu egin beharko dituzte distantzia soziala dela-eta unean-unean ezarrita dauden gomendioak".

Bestalde, lehenengo aste bietan zigilatuta egongo dira iturriak, dutxak eta oinak garbitzeko txorrotak. Ondoren, berriro aztertuko da horiek erabiltzeko aukera ote dagoen, betiere  indarrean dauden osasun-arauak eta gomendioak errespetatuta.

Erabiltzaileen errotazioa sustatu gura dute Aldundiak eta Udalek. Honenbestez, hondartzetara doazenek asko jota hiru ordu eman ahal izango dituzte bertan. Gainera, eguzkitakorik, aulkirik eta koltxonetarik ez eroatea gomendatu dute, pertsona bakoitzak ahalik eta leku txikiena okupatzeko.

Okupazioa adierazteko hiru kolore

Hondartzainek eta sorosleek hondartza bakoitzean zenbat jende dagoen neurtuko dute. Okupazio-maila kolorez adieraziko da: berdea, egokia bada; beilegia edo anbarra, hondartza nahiko beteta badago; eta gorria, guztiz betez gero. Kolore horiek erabiliko dira erabiltzaileei une oro jakinarazteko zein den hondartza bakoitzaren egoera. Hondartzan bertan, anbar koloreko bandera ipiniko da han daudenek jakin dezaten betetzen ari dela (megafoniaz ere adieraziko da) eta modu ordenatuan irteten hasteko.

Gainera, Aldundiaren webguneko hondartzen atalean eta BizkaiUp aplikazio berrian ere koloreen bidez jakinaraziko da egoera zelakoa den. Hondartza batera joan aurretik horietan kontsulta egiteko eskatu diete herritarrei, okupazio-maila egokia ote den jakiteko. "Hondartzainak eta sorosleak beti egongo dira harremanetan udalekin", gaineratu du Aldundiak, "gehieneko edukierara heltzen denean zer neurri hartu behar diren erabakitzeko; kasu horretan, udaltzainak eta ertzainak arduratuko dira araudia betearazteaz".

Azkenik, zehaztu dute adostutako arau-esparru orokor hori hondartza bakoitzaren ezaugarri berezietara egokitzeaz arduratuko direla udal-teknikariak, Aldundikoen laguntzagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun