Elkarrizketak

“Auzo denetan dagoen osasun-agentea da Farmazia”

Iker Rincon Moreno 2020ko eka. 8a, 12:03

Anbulatorioak kolapsatuta egon diren bitartean, auzoetako farmaziak zuzeneko osasun-agente izan dira; gaixo askok horietara jo dute aholku bila hilabeteotan.

Larrialdi-egoeran bizi garen honetan, farmaziek lehen lerrora egin dute salto COVID-19aren pandemiari aurre egiteko. Horietan eskuratu ditzakegu orain nonahi ikus daitezkeen maskarak, baita eskuak uneoro garbitzeko gel hidroalkoholikoak ere. Baina hori ez da beti horrela izan, hasieran hornidura-arazoak izan zituzten eta.

Apurka-apurka, "ez dago maskararik" eta mota horretako kartelak zituzten irudiak desagertzen ari dira eta normaltasun berri batera igarotzen hasi dira gure auzoetako farmaziak. Daborduko ia edozer gauza eros daiteke horietan, pandemiaren hasierako egunetan bizi izandako erosketa konpultsiboen ondoren hainbat produktu agortu ondoren. Farmaziek paper garrantzitsua bete dute bi hilabeteotan COVID-19aren krisian. Horren nondik norakoak ezagutzeko Algortako Alzola Farmaziako Josemi Gondragaz egin dugu berba.

Zelan bizi izan duzu COVID-19aren pandemia hau?

Harritu egin nintzen Alerta Egoera ezarri zenean. Une horretatik aurrera zirudien farmaziak tabernako barrak zirela; jende asko etortzen hasi zen konpultsiboki erostera, supermerkatuetako irudiak errepikatuz. Hasierako egunetan, batez ere, termometroak eta parazetamola agortu egin ziren. Harrigarria izan zen, ilarak egun osoan.

Noiz normalizatu zen egoera?

Aste biko kontua izan zen hura. Farmaziak zabalik mantendu ahal izan den establezimendu bakarrenetarikoa izan da, hasiera-hasieratik. Hemen jendea laguntzen dugu eta ahal genuena egiten genuen. Hasieran maskara, eskularru eta gel hidroalkoholikorik gabe, guztiz babesik gabe geunden. Gerora, krisia hasi eta hamar egunera, manparak jarri genituen langileontzako segurtasuna bermatzeko, isolamendu ona eskaintzen dutelako. Oso garestiak dira, eta gure poltsikotik ordaindu genituen, baina langileon osasuna bermatu beharra zegoen.

“Hasierako egunetan jende asko etortzen zen konpultsiboki erostera. Termometroak eta parazetamola agortu ziren”

Maskaren erabilerak eztabaida ugari sortu ditu hilabeteotan. Hasierako gomendapen hutsetik derrigorra izatera igaro da segurtasun-distantzia bermatu ezin den lekuetan. Zer deritzozu horri?

Garraio publikoan eta leku itxietan derrigorra izan beharko luke, baita bileretan ere segurtasun-distantziak mantendu ezin direnean. Baina aire zabalean erabili behar izatea gehiegikeria dela uste dut. Onena beti da segurtasun-distantziak mantentzea, kontuan hartu behar dugulako maskarak erabiltzeak arnasteko arazoak eragin ditzakeela; ezin zara arin ibili, aire-fluxua motelagoa delako eta oxigeno-maila murrizten dugulako. Ondorioz, hainbat kalte eragin ditzake, hala nola arnasteko ezintasuna eta buruko mina. Ulertzen dut norberaren erabakia dela, norbere burua gehiago babesteko, eta zaurgarriak diren pertsonek ere erabili beharko lukete, baita adinekoek ere. Gainontzekoek kalean eta aire zabalean ez lukete zertan erabili, betiere distantziak mantenduta, noski.

Askotariko maskarak daude aukeran. Zein eta non erabili beharko genuke mota bakoitza?

Norberaren erabakia da azken finean. Kirurgikoak erabili eta botatzekoak dira eta ondokoak ez kutsatzeko dira; zure burua ere babesten dute maila batean, baina ez da euren eginkizun nagusia. Egia da denok mota horretakoak erabiliko bagenitu orduan denok babestuta egongo ginatekeela, baina, lehen esandakoa, bakarrik eta aire zabalean gaudenean ez dut uste beharrezkoak direnik. Badaude garbitu eta berrerabil daitezkeenak, eta guztiz babesten zaituzten FFP2 motatakoak ere. Dena dela, ez gara obsesionatu behar; jendea hezi behar dugu eta erakutsi non eta noiz erabili behar diren horiek. Pertsona zaurgarriek erabili beharko lituzkete batez ere; osasuntsuek, aldiz, soilik kontaktu zuzena dutenean beste pertsonekin.

“Alarma Egoera eta aste bira arte ez genuen maskararik, ez eskularrurik ezta gel hidroalkoholikorik ere. Manparak jarri genituen”

Hornidura-arazorik izan duzue?

Hasierako egunetan eskularruak agortu egin ziren, eta ordutik ez ditugu jarraitasunez izan. Ehunaka pertsonako itxarote-zerrenda dugu horiek erosteko, baina ez daude merkatuan, oso zaila da horiek lortzea mundu mailan. Maskaren harira, asko itxaron behar izan dugu eskaintza orekatzeko. Daborduko kirurgikoak saldu ditzakegu inolako arazorik gabe, baita filtrazio-maila handiagoa duten FFP2 motatakoak ere. Gel hidroalkoholikoari dagokionez, krisiaren hasieran ez zegoen eta saltzen zirenak abusuzko prezioan saltzen ziren; prezioak normalizatu diren arte denbora behar izan da. Izan ere, momentu batean ez zegoen ezta alkoholik ere industria-mailan produktu hori egiteko. 

Zelako papera jokatu dute farmaziek COVID-19ak eragindako pandemia honen aurrean?

Konfinamenduaren hasieran ezinezkoa zen anbulatorioetara joatea, guztiz kolapsatuta zeudelako koronabirusa zela eta. Ezinezkoa zen horietara joatea norberak zituen ondoezak aztertzeko, gainera, jendeak beldurra zuen. Hala, nora jotzen zuen jendeak aholku bila? Farmazietara. Osasun-mailan irisgarrienak gara gu, auzo denetan gaude; Algortan bi anbulatorio daude, farmaziak, aldiz, hamazazpi inguru. Hala ere, Estatuak ez gaitu aintzat hartzen eta erakunde pribatuak izango bagina bezala jokatzen du gurekin. Herritarrak sendagaiez hornitzen ditugu, Estatuarekin kontzertu bat daukagu, baina ez dute uste agente-sanitarioak garenik; ondorioz, ez du kolaboraziorik bilatzen hemen.

“Hornitzaile askok mugatik gorako prezioetan saldu dituzte produktu asko. Guk muga horiek mantendu ditugu beti”

COVID-19 kasurik atzeman duzue bezeroen artean?

Egia esanda, konfirmatutako kasu oso gutxi etorri da ona, baina egon dira, bai. Berbarako, egun batean mutil bat etorri zen osasun-etxeko paper batekin. Horretan apuntatuta zegoen”COVID-19 kasu posiblea” izan zitekeela; mutilak ez zekarren inolako babes-neurririk, ez maskararik ez ezer, eta ez zuen inolako sintomarik. Hori horrela, papera ikusi arte ez genuen atzeman kutsatuta egon zitekeenik. Normalean, gaixotasunaren sintomak atzematen ditugunean pertsona hori zuzenean medikuarenera bideratzen dugu, hemen ezin dugulako ezer gehiagorik egin. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun