Izena duen guztia omen da

Euskaldunok kondaira asko ditugu Tartalori buruz; Grezian, berriz, bi edo hiru baino ez

Aritza Bergara 2020ko eka. 3a, 13:15
Tartaloren irudia, Izenaduban. CC-BY ZALOA ETXANIZ

Aurreko asteetan gure mitologiaren pertsonaiak ezagutzeari ekin genion. Jentilekin hasi ginen, eta orain ere beste izaki erraldoiak izango ditugu oinarri: Tartalo. Leku batzuetan, Markina aldean batez ere, Torto izena du horrek; Iparraldean, aldiz, Anxo.

Tamaina eskergako izaki bitxia, kopetaren erdian begi bakarra duena. Urrutieneko kobazuloetan eta iristea zaila den tokietan kokatzen direnetan bizi da, bere eskuetan erortzen diren animalia basati guztiei esker elikatuz. Hala eta guztiz ere, buru gutxiko pertsonaren bat bere lurraldera hurbiltzera ausartzen bada, ez da arraroa hura bere dieta zabalean sartzea.

Bere espeziekoak lehenengo artzainak izan ziren, eta haiengandik ikasi zuen Euskal Herriak lanbide hori. Kasu honetan ere, Euskal Herriko punta batetik bestera Tartaloren aztarnak topa ditzakegu toponimian. Zegaman Tartaloetxe trikuharria dago, esate baterako.

Kondaira

Antimuno baserrian, Zegamako udalerrian, bi anai bizi ziren. Egun batean, mendirantz abiatu ziren ehizatzeko asmoz, inoiz ausartutakoa baino urrunago joanez. Zoritxarrez, trumoiak hasi ziren eta gainera zetorkien eurite handia ikusita, korrika hasi ziren txabola handi bat topatu zuten arte; birritan pentsatu gabe barrura sartu ziren.

Denbora nahiko luzea igarota, artalde bat iritsi zen eta haren atzetik artzaina sartu zen, kopetan begi bakarra zuen gorputz handiko gizonkotea. Behin barruan, zirrikitua itxi harri handi batekin eta, burua birakatzerakoan, bi gizakiak topatu zituen. Biratu ostean, zaharrenari esan zion:

“Zu gaurko; bestea, biharko”

Beranduago, zaharrena sartu zuen erretokian eta jan egin zuen, lotara joanez behin ase geratu eta gero. Anaietatik gazteenak erretokia hartu, sutan berotu eta Tortori sartu zion begi bakarrean. Ondoren, ardi artean ezkutatu zen. Tortok, topatzen ez zuela ikusita, ate lanak betetzen zituen arroka apartatu zuen, irekiduran hankak irekita geratuz.

Jarrera horretan ardiak hartzen hasi zen, txabolatik banan-banan ateraz. Gazteak ardi azaletan bildu zen eta kanporantz atera zuen ere. Torto horretaz jabetu gabe denbora igaro arte.

Azkenean, iruzurra ezagutu zuenean, korrika atera zen iheslariaren atzetik. Iheslariak putzu batera bota zuen bere burua eta igeri eginez alde egin zuen. Torto saiatu zen haren atzetik joaten, baina igeri egiten ez zekienez, desagertu egin zen betiko.

Herri zaharren arteko harremanak betidanik existitu dira. Horrela, ez da arraroa pentsatzea mito batzuk herri batetik bestera zabaldu direla, ezta? Kasu honetan, erraldoia eta begi bakarrekoa aipatzen badugu, Greziako Ziklopea etortzen zaigu burura.

Euskaldunok kondaira asko ditugu Tartalori buruz; Grezian, berriz, bi edo hiru baino ez daude. Datu hori aipatuta, hona hemen nire teoria: Tartalori buruzko sinemena Euskal Herrian osatu zen eta gero, hemendik mundura zabaldu zen.

Herri txikia gara, baina Europako zaharrenetarikoa. Posible ikusten duzu?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun