Izena duen guztia omen da

Zer izango ginateke surik gabe?

Aritza Bergara 2020ko api. 27a, 10:14
Donibane jaiko sua, artxiboko irudian.

Hemen nauzue berriro, antzinako euskaldunek naturari buruzko elementu ezberdinei azalpenak emateko. Amalurra, Eguzkia, Ilagia, ekaitzak eta zuhaitz sakratuen ondoren, suaren momentua heldu da orain. 

Euskaldunon kosmologia zaharrean beste kosmologia naturalista-animistetan gertatu den bezalaxe, oinarrizko lau elementu daude: ura, sua, lurra eta haizea. Gainera, lurra eta eguzkiaren arteko harremanean, urtean zehar badaude momentu berezi batzuk: solstizioak eta ekinozioak, besteak beste. Sasoi batetik bestera pasatzeko momentu horietan aipatutako lau elementuak topatzen ditugu, batez ere urari eta suari lotutako erritoak. Horrela, ura edo sua erabilita, errito magikoak egiten zituzten euskaldunek, trantsizio horretan laguntzeko eta bidea errazteko.

Sua

Sua garbitzailea da guretzako; baita ura ere. Hala, suarekin amaiera ematen diogu garai bati, berriari bidea garbi utziz eta, handik aurrera, zoriontsuago izateko helburuarekin. Hasiera hori baino lehen, aurreko garaian izan ditugun gauza txarrekin (gaixotasunak, ezbeharrak…) bukatzeko asmoz, sua erabili ohi dugu.

Sua urte osoan zehar erabiltzen da, baina aipa ditzagun bereziak diren bi momentuak: udako solstizioa (gaurik laburrena) eta negukoa (gaurik luzeena). Bertan suaz baliatzen gara biziaren momenturik gorienak adierazteko, ezta?

Udako solstizioa

Udaren hasiera eguraldiaren fenomenoa baino gehiago da. Euskal Herrian bizirik diraute ohiturak, orain dela gutxi desagertutakoak ere, sustrai beretik sortutakoak dira: antzinako solstizioaren erritoak. Mantentzen direnak milaka urteko erritoen aztarnak dira, eta guztien artean gehien ezagutzen duguna sutearena da. Horietan guztietan gaixotasunen, kalteen eta espiritu txarren babesaren aztarnak topa ditzakegu.

Udako solstizioan suari lotutako erritoak garrantzi handia dute, azken finean eguzkiaren presentzia, adierazpena edo ordezkoa da. Eguzkiak egunak markatzen ditu, argia eta beroa ematen ditu, eta uztak sortzen ditu. Gauza horiek dudarik gabe esan ditzakegu. Baina, gainera, eguzkiak, edo bere ordezkoa, izan daitekeena, eguzkiloreak, sorginak urrun mantentzen ditu.

San Joan edo Donibane gauean (udako solstiziotik bizpahiru egunera, erlijioaren eraginez) gure etxetik hurbilen pizten den su-metara hurbiltzea komenigarria da eta, ahal izanez gero, bere inguruan, bertan bilduta dauden beste guztiekin batera, dantzatzea. Onuragarria da. Eta ausartuz gero, jauziren bat egitea suaren gainetik, suak eraman ditzan urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan.

Tori sua, zaharra eraman zan! eta berria ekar ezan! oihukatu ohi da leku batzuetan.

Barandiaranek esaten zuenez, Sara aldean etxeen aurrealdean eta bide gurutzetan suteak egiten ziren. Hango biztanleek lerro bat osatuz sutearen inguruan ibiltzen dira, bueltaka. Sua beti haien eskuinean geratu behar zen, eta ibiltzen ziren bitartean arrosarioa otoitzen zuten.

Suteen helburua ez da bakarra edo berdina leku guztietan, baina adituen arabera indar magikoa bilatu ohi da, eguzkia bere bidea jarraitzeko.

Gaur egun ezagutzen ditugun suteekin batera, ekainaren 23an gari azaoei edo belar metei sua ematen zitzaien, landutako lurren gainean paseatuz. Horrela soroen etsaien konbustioa bilatzen zen. Larrabetzun, erretzen ziren bitartean leku batetik bestera mugitzen zituzten, beti honekin lagunduta:

“Gure soloan lapurrik ez

Badago bere erre beitez

Pistiek, zapoak, sugeak erre, erre

Eta peste txarrak erre, erre”

Zornotza, Oiartzun eta beste lekuetan sinesmen oso antzekoak zituzten, kantaren hitza aldatzen zuten arren.

Neguko solstizioa

Neguko solstizioa, udakoa bezalaxe, sutearen inguruan ospatzen zen. Gaur egun oraindik mantentzen dira leku gutxitan errito hauek. Hirietan Olentzero bera (panpina) erretzen da, eta hori da jendea biltzen duen sutea. Baina sute hauek ulertzeko, horiek aztertu behar dira eta orduan konturatuko gara suteak onuragarriak direla.

Aitzinean sutea egiten zen baserrian, eta horretarako “Gabon”a erabiltzen zen. Gabon deitzen zioten gau berezi horretan erretzen zen enborrari, konkretuki “Gabon-mukur” Bedian, “Olentzero-enbor” Oiartzunen, “Gabon-Subil” Antzuolan eta Abadiñon… Enbor honek propietate bereziak zituela esan ohi da, horregatik abenduaren 24ko afaria horrekin kozinatzen zen.

Zornotzan sua gau osoan mantendu behar zen piztuta; bestela urte horretan etxeko baten heriotza gerta zitekeen. Beste lekuetan gau horretan pizten zen sua, urteberrira arte piztuta egon behar zela esaten zuten. Elduaienen sua izugarri handia izan behar zen, Olentzero tximiniatik ez sartzeko (kasu honetan, Olentzero pertsonai txarra zen). Gainera, Ezkirotzen (Nafarroa) eta beste herri batzuetan, hurrengo egunean abere guztiak pasatu behar ziren erabilitako enborraren gainetik, edo geratzen ziren hautsen gainetik, animaliak babesteko. Hauts horiek izaki txarrak urrun mantentzeko kapazak ziren.

Bukatzeko...

Eguzkia natura berpizten duen moduan, suak ere, momentu berezi batzuetan, pertsonak eta animaliak berpizten ditu.

Suaren inguruan dantzatu dugu betidanik, suaren inguruan kontatzen dira kondairak, ohiturak transmititzen dira… Sua da garbitzen gaituena, indarra ematen diguna, argia, berotasuna. Zer izango ginateke surik gabe?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun