Jarduera nagusia nekazaritza den Senegal barrualdeko herri batean jaio zen Matar Diop, orain dela 25 urte. Bizimodua ateratzea ez zen gauza erraza bere sorterrian, eta horregatik, orain dela bost urte Euskal Herrira etorri zen, beste senegaldar asko bezala, zelan edo hala aurrera egiteko asmoz. Bilbon bizi da, bera bezala saltzaile dabilen erkide bategaz batera, baina egunero-egunero hartzen du metroa, eguerdi aldean, Uribe Kostara etortzeko.
Sopelako eta Plentziako tabernetan ibiltzen da gehienbat, saltzaile-lana egiten, eta haren aurpegia oso ezaguna da daborduko inguruan. "Denetik saltzen dut", azaldu digu, "eskumuturrekoak, galtzerdiak, lanparatxoak, diru-zorroak, gerrikoak...". Jende askok ezagutzen duenez, eta askogaz oso harreman ona duenez, aurrera egiteko nahikoa ateratzen duela dio: "Oro har jatorra da hemengo jendea, eta nirekin ondo portatzen dira; leku guztietan dago jende ona eta txarra, baina Euskal Herrikoa ona izan ohi da. Hemen, ezagutzen nautenez, beti erosten didate zeozer, ez asko baina zeozer".
Alarma-egoeragatik "izorratuta"
Konfinamenduak iraun duen bitartean, beste askok bezala, Diopek etxetik irten ezinik ego behar izan du (joan den astean bueltatu zen lanera, maiatzaren 25ean). "Ekonomikoki latza izan da, hau baita nire lanbide bakarra, ez daukat besterik", adierazi du.
"Zuek zortzi orduko lanaldia izaten duzue, baina nik egunero-egunero egiten ditut hamabi inguru, eta asteburuetan gehiago"
Lantzean behin Senegalera itzultzen da, familia baitu han, eta lanik gabeko sasoi honetan ere joatekotan egon dela argitu digu, baina ez du izan aukerarik, "aireportuak itxita daude eta". Dioenez, "oraintxe egoera zaila dugu, ez nik bakarrik, baita nire pisukideak ere, eta ni bezala dabiltzan senegaldar askok". Pandemiaren aurretik behintzat bizimodua ateratzea bazuela dio Diopek, eta orain, konfinamendua amaituta, uda izateak lagunduko diolakoan dago: "Eguraldi ona dagoenean jendea pozik egoten da, gehiago ateratzen da kalera... Errazago saltzen da".
Bizimodu errazik ez du ordea. "Zuek zortzi orduko lanaldia izaten duzue, baina nik egunero-egunero egiten ditut hamabi inguru, eta asteburuetan gehiago". Hutsik egin gabe etortzen da eskualdera, eta "libre»"hartzen duen tarte bakarra bariku goiza izaten da, "etxean otoitz egiteko", musulmana da eta. Beste lan bat topatzea, gaur egun, "oso-oso zaila" dela dio.