Hizkuntzaren zalantzategia

Nola esan euskaraz "estuve en Alemania a lo largo de dos años"?

Eunate Muruaga 2020ko eka. 4a, 19:53

Epealdi bat adierazi nahi dugunean, denbora-tarte bat, zalantzak izaten ditugu denbora-unitatea deklinatzean (aste, egun, ordu...). Kontuan izan behar dugu, dena den, zentzu ezberdina daukatela mugagabean zein singularrean idatziz gero. Ikus dezagun.

Lehenengo eta behin, argi izan behar dugu iraupenaz ala maiztasunaz ari garen; izan ere, ez da gauza bera epealdi bati erreferentzia egitea edo noizean behin egiten dena aipatzea. Hori horrela, bataren eta bestearen inguruko azalpenak eta argibideak emango ditugu jarraian, betiere Euskaltzaindiaren araua oinarri hartuta.

Iraupenarekin hasiko gara. Eta horra hor lehenengo zalantza: nola esaten da euskaraz "estuve en Alemania a lo largo de dos años"? Bi urtez? Bi urtean? Bi urtetan? Bada, iraupena adierazteko, absolutiboaz (NOR) eta instrumentalaz (ZEREZ) gainera, inesiboa (NON) ere erabiltzen da. Hona hemen zenbait adibide: "Jonas hiru egunez izan zen balearen erraietan", «Jonas balearen sabelean hiru egun eta hiru gau izan baitzen...", "Erroman bi urtean egon zen". ZEREZ eta NOR kasuak erabiltzen baditugu iraupena adierazteko, mugagabea behar dugu (hiru egunez / hiru egun eta hiru gau).  

Nola esan euskaraz "estuve en Alemania a lo largo de dos años"? Bi urtez? Bi urtean? Bi urtetan? Iraupena adierazteko, absolutiboaz (NOR) eta instrumentalaz (ZEREZ) gainera, inesiboa (NON) ere erabiltzen da.

NON kasuarekin, ordea, mugatu singularra hobesten da, iraupena adierazi nahi badugu, bederen. Hau da, denboran etenik ematen ez bada. Hona hemen: "Hiru urtean ikasi du euskara, lau hilabetean egin zuen lan...". Iraupenik adierazten ez denean, aldiz, mugagabea erabiltzen da. Hiru urteko epealdia jarraitua ez bada, hots, bata bestearen ondoren ez doazen urteez ari bagara ("hiru urte desberdin"-etan gertatu den zerbait adierazi nahi bada), mugagabea behar du izan: "Astero joateko aukera nuen, baina bost astetan bakarrik joan nintzen" (jarraian izan ez zirenak). Hortaz, "Bi urtean Alemanian izan nintzen" (bi urte jarraian) eta "Bi urtetan Alemanian izan nintzen" (bi urte ezberdinetan) ez dira gauza bera.

Maiztasunari dagokionez, kasu batzuetan, mugagabea zein mugatua erabili, biak dira onargarriak; izan ere, baliokideak dira esapide hauek guztiak: Lau urtez behin / lau urterik behin / lau urtetarik behin / lau urtetik behin / lau urtetarik lau urtetara / lau urtetik lau urtera... Dena den, NON kasuarekin mugagabea bakarrik dago onartuta: "Lau urtean behin".

Hala ere, deklinabidea erabiltzeaz gain, badaude zenbait egitura maiztasuna adierazteko balio dutenak. Horietako bat da izena + -ero gisako esamoldea: astero, hilero, urtero... Baina egitura horrek erabilera okerra egitera eramaten gaitu askotan. Sarri entzuten da "Bi astero egiten dugu bilera". Kontuz, zenbatzailea + izena + -ero esamoldea ez baita egokia: "*hiru urtero aldatzen dute arduraduna", "*hamabost egunero etortzen zait bisitan". Horien ordez, zenbatean behin egiturari erantzun behar diogu: "Bi astean behin egiten dugu bilera", "Hamabost egunean behin etortzen zait bisitan". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun