Elkarrizketak

"Enpresak ziurtatu zigun ez zela lanposturik galduko"

Unai Brea 2020ko eka. 6a, 15:06

Konfinamenduaren ostean tabernetako kafe-kontsumoa indar handiz itzuli dela dio Zelaiak. HODEI TORRES

Hamabost urte daroatza kafe-enpresa ezagun bateko banatzaile-lana egiten du Koldo Zelaiak, Sopelan aspalditik bizi den 57 urteko berangoztarrak. Maiatzaren erdialdean itzuli da lanera, tabernak zabaldu ahala. Konfinamendua eta itzulera zelan bizi izan dituen azaldu digu. 

Barakaldotik Castro Urdialesera arte, goizean goizetik Ezkerraldeko tabernetara kafea eta bestelako produktuak eroatea du eguneroko lana Koldo Zelaiak. Koronabirusagatik ezarritako alarma-egoerak bezero barik utzi zuen, eta beraz lan barik. Konfinamenduaren arintzeagaz batera bueltatu ahal izan da beharrera, baina ez lanaldi osoan. 

"Egoera berri honek luze iraungo du eta tabernek irudimen-ariketa egin beharko dute, sare sozialei etekina ateraz esaterako, edo orain arte gurean oso indar txikia izan duen kafea etxera eroateko aukera sustatu"

"Konfinamendua ezarri baino egun bi lehenago hasi zen entzuten taberna guztiak itxiko zituztela", gogoratu du Zelaiak, "baina ostalariek, nirekin hitz egin zutenek behintzat, esaten zuten ezetz, zabaltzen ari zen gezur bat zela". Bistan denez, gezurrik ez zen. Pedro Sánchez Espainiako presidenteak alarma-egoera aldarrikatu zuen egun berean, zapatuan, enpresaren posta elektronikoak jaso zuten Zelaiak eta lankideek, astelehenera lanera ez joateko esanez. "Salmenta apur bat mantendu da", azaldu digu, "kafea ere saltzen duten eta itxi ez duten okindegiak hornitu baititugu, baina bidalketa-enpresen bitartez helarazi zaie generoa; ostalaritza hornitzen gabiltzan guztiok zuzenean sartu ginen Alde Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE)".   

Lanera buelta, momentuz partziala

Ondorioz, konfinamendu-garaia etxetik irten barik eman du Zelaiak, beste askok legez. "Egia esan primeran eroan dut hori, kirol apur bat egin dut etxean, eta gainerakoan, alferkerian ibili ahal izateak ez dit kalterik egin, luzeago ere egongo nintzen", dio erdi txantxetan erdi serio. Beste kontu bat da etorkizunarekiko segurtasun eza: "Enpresak ziurtatu zigun inork ez zuela lanpostua galduko eta hala izan da, baina tira, egoera sekula ikusi gabekoa da eta ezin guztiz seguru egon gertatuko denaz".  

Oraingoz lanera bueltatu dira enpresako banatzaile guztiak, baina ez lanaldi osoagaz. Zelaiak, esaterako, egun erdiko lanaldia du, eta beste erdiari dagokionez ABEEEan dago oraindino. "Batzuk %30ko lanaldiagaz bueltatu dira, beste batzuk %80koagaz...", zehaztu du, "diru-sarrerak txikiagoak dira noski, baina...". Ezin aurreikusi noiz izango duten aukera lehengora bueltatzeko. Bitartean, higiene-neurriak betez egin behar dute eguneroko lana: "Gel hidroalkoholikoa dugu bisita eta bisita artean eskuak garbitzeko, baita spray bat ere furgoneta barrutik garbitzeko, Eta denbora guztian maskara eroan behar dugu jantzita". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun