Alokairu partekatuko patinete elektrikoen bigarren proba pilotua hasi da Getxon, Berangon eta Sopelan

Erredakzioa 2020ko uzt. 2a, 12:06

Iazko azken lau hilabeteetan Getxon alokairu partekatuko patinete elektrikoen esperientzia pilotuak jarraipena izango du bihar, barikutik, aurrera eta sei hilabeterako. Oraingoan, baina, Berango eta Sopela udalerrietara zabalduko da ibilgailuok erabiltzeko aukera.

Esperientzia berri horretan, ekimenean parte hartzen duten hiru udalerriek bat egiten dute patinete elektrikoak eskuragarri utziko dituen enpresagaz: patinete elektrikoa, gizalegez erabiltzeak onura handiak dakartzalakoan. “Hiri barruko mikromugikortasunaren eta turismoaren zerbitzu jasangarria da, teknologia berrien eskutik. e-scooterra, ingurumenarekin errespetutsua izateaz gain, eremu publikoan espazio gutxien okupatzen duen hiri-garraiobidea da. Gainera, mugitzeko aukera eroso, berritzaile, dibertigarri eta isila da”, zerbitzua sustatzeko liburuxkan aipatzen denez. Patineteak metrotik hondartzetarako anezka izatea du helburu, garraio publikoaren zerbitzu osagarri gisa; erabiltzaileek eguneroko bizitzan beren ibilbideak azkarrago, seguruago eta, batez ere, iraunkorrago egiteko erabiltzea gura dute udal arduradunek; "baita aisialdirako edo bisitariek eta turistek gunea ezagutzeko modu desberdin gisa ere; eta, aldi berean, autoaren gehiegizko erabilerak eragindako auto-pilaketak libratzen ditu. Izan ere, autoa da istripuen eta zirkulazio-gatazken lehen kausa".

COVID-19arengatik ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez, enpresak adierazi du flota osoaren eguneroko desinfekzio-neurriak aplikatuko dituela, hondakinik sortzen ez duen ozono-makina bategaz.

Zerbitzuaren ezaugarriak

Erabiltzaileek Euskooters app-aren maparen barruan, bai bidegorrietatik bai 30 km/h-ko muga duten errepideetatik zirkulatu ahal izango dute; inoiz ez dute espaloitik ibili beharko, horrela oinezkoak errespetatuz, eta beti kontuz eta bide publikoko gainerako erabiltzaileak errespetatuz.

Hiru udalerrietako MPI puntuetan astegun, lanegun eta jaiegunetan 90 irristailu hartu eta utzi ahal izango dira. Astelehenetik barikura, 08:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 10:30etik 21:30era.

Getxoko lehen esperientzian prestatutako patineteak jaso eta emateko 15 guneei, eta 30 km/h-ko eremuak udalerriaren zati handi batean ezartzearen ondorioz, beste sei gehitu zaizkie, besteak beste, Neguri, Aiboa, Algorta eta Bidezabaleko metro-geltokietan eta Arrigunagako hondartzan. Berangon ere udalerri osoan ibiliko dira, alokatzeko eta aparkatzeko lau eremugaz (Berango metro geltokia, Berangoeta Bidea, Simon Otxandategi etorbidea eta Jesús María Leizaola kalea); eta Sopelan, batez ere bidegorrietatik, beste lau puntugaz (Salvaje-Barinatxe eta Arrietara hondartzetako aparkalekua, Atxabiribil hondartzako aparkalekua, Arrietara 5 -hondartzetara doan bidegorriaren hasiera- eta Loroño kalea -udaletxearen aurrealdea-).

Funtzionamendua

Erabiltzaileek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte. Aplikazioa deskargatu ahal izango da (iOS eta Android-en dago), erregistratu, eta norberaren kokapenetik gertuen dagoen patinetea aurkitu eta aukeratu. Desblokeoaren prezioa 0,95 eurokoa da, eta horri 0,15 euro gehitzen zaizkio ibilbideko minutu bakoitzeko (BEZ barne). Kreditu-txartelagaz edo PayPal sistemagaz ordain daiteke, kontsumitzen den diru-zorroaren sistema baten bidez. Patinetea QR kode baten bidez desblokeatzen da eta ibilbidea botoi baten bidez amaitzen da.

Ibilbideetan kaskoa erabiltzea gomendatzen da, eta bideen (30 km/h) eta bidegorrien abiadura maximora egokitu beharko da. Baimendutako muga geografikoak gainditzen badira aplikazioak jakinaraziko du, baimendutako zirkulazio-eremura itzul dadin; eta izan litezkeen zigorren eta ibilbidea automatikoki amaitzearen berri emango du.

Zerbitzuari buruzko argibide gehiago: www.euskooters.eus eta erantsitako dokumentua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun