EuskarAbentura 2.0: betiko baloreak, bestelako bideetatik

Unai Brea 2020ko uzt. 2a, 18:44

COVID-19a dela eta Euskarabentura espedizioa atzeratu behar izan da, baina haren ordez, antolatzaileek uztailean betetzeko erronka birtuala plazaratu dute. Datorren astelehenean hasiko da, eta daborduko izena eman daiteke parte hartzeko. 2001 eta 2005 urteen artean jaiotako gazteek, Euskal Herrikoek zein diasporakoek, jokatu ahal izango dute, bi eta bost lagun bitarteko taldeetan. 

Instagram bidez egingo dute lehiaketa. Izena emateko, hain zuzen, galdetegi bat bete beharko da Euskarabenturak sare sozial horretan duen kontuaren biografian. Uztailaren 6tik aurrera, eta hilabete osan, parte-hartzaileei erronkak proposatuko dizkiete astelehen, martitzen eta eguaztenetan. Etxetik kanpo egitekoak izango dira, eta eguen gauerdia baino lehen bidaliko beharko dira.

Astero emango dituzte sariak, baita hilabete amaieran ere, puntu gehien lortzen duten hiru taldeentzat. Gainera, erronka denak betetzen dituzten taldeen artean datorren urteko Euskarabentura espedizioan parte hartzeko leku bi zozkatuko dituzte, bata adin txikikoentzat, parte-hartzaile modura, eta bestea adinez gorakoentzat, begirale izateko.

Bestalde, eta aurreko edizioetan parte hartu duten diasporako gazteak gogoan, Euskal Herria eta haien lurraldeak sinbolikoki lotzeko erronka kolektiboa ere plazaratu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, espedizioaren abiapuntua, Maule, eta Washington (AEB), Viedma (Argentina) eta Stockholm (Suedia) lotu gura dituzte, oinezko ibilaldien bidez. Hala, parte-hartzaileei egunez egun egindako txangoak Relive aplikazioan grabatu eta Instagramez bidaltzeko eskatu diete. Bakoitzak egindako kilometroak batuz, Maule eta aipatutako hiru hirien arteko distantziak "bete" gura dituzte. Erronka ez da makala, Zuberoako hiriburuaren  eta Washingtonen artean 6.183 kilometro baitaude, 11.237 Viedmara bitartean, eta 2.209 Stockholmerakoan.

HIRUKAk Irune  de la Maza Euskarabenturaren koordinatzaileetako bategaz egindako elkarrizketa argitaratu du uztaileko papereko aldizkarian, eta laster ekarriko dugu edizio digitalera ere.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun