Uztailaren 1etik 31ra, Mauletik Getxora, 120 gaztek Euskal Herria zeharkatu dute aurreko urteetan Euskarabentura ekimenari esker, baina aurten ez da halakorik gertatuko, koronabirusa dela eta. Antolatzaileen esanetan, osasun- eta segurtasun-baldintzak mantentzeko zailtasunak egongo lirateke, eta egoerak ezinezko bihurtuko luke ekimenaren helburua lortzea: "Espedizioaren indar handiena partaideen artean sortzen den harremana eta hurbiltasuna da, hain zuzen ere. Hurbiltasun emozionala eta fisikoa, askotan, banaezinak dira".
Euskarabentura egingo ez bada ere, antolatzen duen elkarteak ekimenaren baloreak transmititzeko lanean jarraituko duela adierazi du: "Gazteen aurtengo aisialdi-beharrak osatuko dituzten jarduerak pentsatzen dihardugu". Helburua euskal gazte sare euskalduna indartzea, Euskal Herria eta euskal kultura ezagutzen laguntzea, eta balore positiboak (parekidetasuna, ingurumenari errespetua...) zabaltzea da. Zerbait zehazten dutenean, sare sozialen bidez jakinaraziko dute.
Aurtengo ediziorako 321 gaztek zuten izena emanda. "Elkarteak aurtengo hautagaiek egindako esfortzua aitortu nahi du", azaldu dute, "eta, horregatik, datorren urterako gordeko ditu 2004an jaiotako gazteek egindako proiektuen ebaluazioen emaitzak". 2021 urteko matrikulazioa, egoera normal batean, 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteei zuzenduta egongo litzateke.
"2003an jaio direnei dagokionez", gehitu dute, "erantzun bat eman aurretik, Elkarteak euren parte-hartzeak espedizioaren antolakuntzan izango lukeen eragina aztertu nahi du. Elkarteak ahal duenean interesatuekin harremanetan jarri eta honen inguruko erantzun bat emango die".